30 pertsona zauritu zituen Poliziak Sadarreko kargetan

  • Sadar Bizirikek manifestazio isil bat antolatu du martxoaren 7rako, eta Espainiako Polizia eta kargetan parte hartu zuten 'seguratak' estadiotik kanpora ditzatela eskatu du.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko martxoaren 2an - 09:37
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Otsailaren 21ean, Osasunako zaleen kontra izugarrizko bortizkeriaz kargatu zuten Espainiako Poliziak eta segurtasun-indarrek, eta astebete geroago, kargen balantzea egin du Sadar Bizirik plataformak: 30 zauritu izan ziren, eta haietako batzuek buruan jasan zituzten lesioak. Bat konorterik gabe utzi zuten. Iruñeko (Nafarroa) Gaztelu Plazan atzo arratsaldean egindako prentsaurrekoan, Sadar Bizirikek salatu zuen 5.000 pertsona inguru biltzen direla kargak egon ziren eremuan, eta "segada" bat izan zela. Hori gutxi balitz, estadioaren kanpoaldean jarraitu zuten karga polizialek, eta gomazko pilotak erabili zituzten agenteek jendearen kontra.

Agerraldian azpimarratu zuten aurreko asteburuan gertatutakoa ez dela kasu isolatu bat, eta Osasunako zaleek historikoki jasan dutela Poliziaren errepresioa. Horren erakusle, gogorarazi zuten azken hilabeteetan ere areagotu egin direla isunak eta Sadarrera sartzeko debekuak, txosten polizialetan oinarrituta. Larunbatean bertan, partidaren aurretik, ausazko miaketak egin zizkieten berriz ere zale ugariri, aldarriak zeramatzaten kamisetekin edo bufandekin tematuz.

Estadio barruan jendearen aurka oldartzeko aitzakia honakoa izan zen, Sadar Bizirikek atzo nabarmendu zuenez: gazte batek plastikozko botila huts bat bota izana zelaira. Horiek horrela, gogor kritikatu zituzten Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan ordezkariak, Alicia Etxeberriak, telebistan egindako adierazpenak, esan baitzuen "egokia eta proportzionatua" izan zela operazio poliziala. Sadar Bizirikek, hala, Espainiako Polizia Sadarretik kanporatu dadila eskatu zuen, baita asteburuko kargetan parte hartu zuten seguratei sartzea galaraztea ere.

Mobilizazio-deialdia eta Ligaren erabakia

Agerraldian mobilizazio-deialdi baten berri ere eman zuen plataformak: martxoaren 6an, 21:00etan zen jokatzekoa Osasuna-Mallorca partida, eta beraz, arratsalde horretan martxa isil bat egitera deitu zuen Sadar Bizirikek, aurreko asteburuko karga polizialak salatzeko.

Behin deialdi hori argitaratu ostean, baina, erabaki baten berri eman zuen Ligak: partida atzeratu du, eta martxoaren 7an izango da azkenean, arratsaldeko 14:00etan. Horiek horrela, manifestazioaren hitzordua ere aldatu behar izan dute, eta martxoaren 7an egingo dute, 12:00etan Foruen Plazatik abiatuta.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.