Enpresak negoziaketarako jarrera erakutsi du: borondatezko irteerak eta alternatibak jarri ditu mahai gainean. Mercedes autogintza enpresaren eskaria jaisteak eragin du lanpostuak desagerraraztea.
Gestampen Abadiñoko (Bizkaia) ekoizpenaren %70etik gora Mercedesen mendekoa da, eta hori nabaritu da: auto enpresak eskaria murriztu duenean, enpresak lanpostuak gutxitzea erabaki du. 2030rako 280 lanpostu arte galduko direla jakinarazi dute sindikatuek, gaur egun dituen 700en %40 inguru. Sindikatuek azaldu dute kaleratzeak ez direla berehala izango, pixkanaka baino, eta batez ere 2028 eta 2030 artean.
Mercedesen eskaeraren jaitsieraren atzean erabaki estrategikoa dago. Gestampek Mercedesi begira egiten duenez bere ekoizpenaren zati handi bat, Gasteizko lantegia hornitzen du. Auto enpresa alemaniarrak, ordea, erabaki estrategikoa hartu du, eta bere ekoizpena zentralizatu du; eta horrek eragin zuzena du, ezinbestean, kanpora aterata zituen zerbitzuetan, tartean Gestampekoa.
Industria kaleratzeak puri-purian dauden garaian eta Tubos Reunidoseko gatazkak konponbiderik ez duen momentuan, Abadiñoko enpresak negoziaziorako bidea hartzea erabaki du. Datozen urteetan hasiko diren kaleratzeei begira, borondatezko irteerak negoziatzeko prest agertu da, bidegabeko kaleratzeengatiko ordainak ordaintzeko prest, gehienez 80.000 euroraino luzatzen direnak. Aurten txanda kontratua baliatu behar zuten langileei ere egin die proposamena: 18 langileontzat soldataren %90 eta kotizazioaren %100 bermatzea hitzeman die, erretiroa hartu artean.
Enpresa batzordeak adierazi du proposamen horiek aukera ematen dutela egoera aurten “desblokeatzeko”, baina etorkizunean egoera hori ez dagoela bermatua, eta beraz, egiturazko arazoek jarraitu dezaketela.
Eusko Jaurlaritza ere mintzatu da gaiaren inguruan. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak Radio Euskadin adierazi du lanpostu galerak “ahalik eta trauma txikiena” izatearen alde egingo dutela lan, eta lanean dihardutela Gestamp eta Gasteizko Mercedes enpresarekin lanean dabiltzala “proiektu berriak” sortzeko eta bertako ekoizleek lan karga handiagoa izan dezaten.