Zetakek itxiera eman dio Mitoaroa trilogiari, ostiral eta larunbatean San Mamesen egindako kontzertuekin. Larunbateko kontzertua zuzenean eman zuten ETB 2 eta ETB On plataforman, eta guztira 270.000 ikusle izan zituen. Telebista publikoak emandako datuen arabera, ETB 2 liderra izan zen audientzian, %11,1eko kuotarekin.
80.000 ikusle aurrez aurre, eta beste 270.000 etxetik. 2025ean ireki zituen Zetakek Mitoaroa unibertsoko ateak, Nafarroa Arenan, milaka lagunen aurrean. Urtebete eta zazpi kontzerturen ostean, trilogiari amaiera eman dio, ostiralean eta larunbatean San Mamesen egindako bi kontzertuekin. Taldeak bi egunetan bete egin du zuri gorrien estadioa, baina beste milaka ikusle izan dira pantailen beste aldean ere. Larunbateko kontzertua zuzenean ETB2 eta ETB On-en emititu zen eta guztira 270.000 pertsonako audientzia izan du.
ETBk eman dituen datuen arabera, larunbat gaueko saiorik ikusiena izan da, %11,1ko kuotarekin. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %22,1eko audientzia izan du kontzertuak; eta telebista ikusten ari ziren euskaldunen artean %35,9koa. Nafarroan, berriz, %23,3ko audientzia izan du; euskaldunen artean %56,6koa. Bestetik, ETB On-en bidez 10.000 ikusleetara iritsi da. Kontzertua ikusgai dago ETB On, Primeran eta Guau plataformetan.
Ez da lehen aldia Zetakek horrenbeste ikusle batzen dituela pantailaren beste aldean. Adibidez, Mitoaroa I kontzertua, Nafarroa Arenan 2025eko urtarrilean egindakoa, ETB 2n eman zen eta guztira 275.000 ikusle izan zituen; euskaldunen artean %56ko audientzia.
Hurrengo ikuskizuna, Gasteizko Buesa Arenan
Zetakek 2084.urteko Euskal Herri distopiko batean murgildu du asteburuan San Mameseko publikoa. Ordea, ez da taldearen agurra izan, gero arte bat baizik. Kontzertuak egin eta gero iragarri dituzte hurrengo ikuskizunaren datak: 2027ko urtarrilaren 16an, 22an eta 23an, Gasteizko Buesa Arenan. Km0 da ikuskizun berriaren izena.
Sarrerak igande eguerdian salmentan jarri eta berehala agortu dira 22koak, eta iluntzean 23koak. Urtarrilaren 16koak astearte goizean jarriko dituzte salgai.