2.600 pertsona baino gehiago hil dira Kongo Errepublika Demokratikoan ebola epidemiagatik

  • Maiatzetik hona, egunero 90 kasu erregistratu dituzte herrialdean, eta uneotan, 5.500 kasu baino gehiago daude, OMEren arabera. Historiako bigarren epidemia hilgarriena jasaten ari dira; inoiz baino azkarrago ari da hedatzen eta aurreikusi dute "askoz ere kasu gehiago" egongo direla. 


2026ko abuztuaren 25ean - 09:57
Azken eguneraketa: 12:58
Kongoko Errepublika Demokratikoan inoizko ebola izurriterik handienetako bat sufritzen ari dira. Efe
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Kongoko Errepublika Demokratikoan historiako bigarren ebola epidemiarik hilgarriena bizitzen ari dira. Osasun Publikoko Erakunde Nazionalaren arabera, gaur gaurkoz 5.514 kasu baieztatu dituzte eta 2.642 pertsona hil dira, baina aurreikusten da gehiago izango direla. Izurritearen hilkortasun tasa %47,9koa da; hau da, gaixotutakoen erdia hiltzen da.

Afrikako herrialdearen ekialdean gertatzen ari da izurritea. Ituri eskualdea da kaltetuena, epidemiaren epizentroa. Joan den maiatzaren 15ean deklaratu zuten epidemia, nahiz eta lehen kasuak urtarrila amaiera eta otsaila hasieran atzeman. Ordutik, egunero 90 kasu erregistratu dira, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Oraingoz 1.200 pertsonak gainditu dute gaixotasuna, baina beste 808k isolatuta edo ospitalean jarraitzen dute. Bestalde, kutsatutako pertsona baten inguruan identifikatutako kasu kopuruaren batez bestekoa %83,4koa da; hamarretik zortzi kutsatzen dira.

OMEk eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak abuztu hasieran "premiazko neurriak" eskatu zituzten, egoera muturrekoa izatera iristen ari den honetan. Bada, gobernuak ostiralean jaso zituen Ervebo txertoaren 16.520 dosi, eta ostiral eta astelehen bitartean, guztira 50.120 dosi jaso dituzte, printzipioz. Hasiera batean ebola birusaren Zaire aldaeraren aurkako txertoa da jasotakoa. Dena dela, bestelako txertoak garatzen ari dira, "seguruak" direla frogatu ostean; baina, OMEk esan duenez, oraindik hilabete batzuk beharko dituzte zientzialariek horiek indarrean jartzeko. 

Orain arte ebola epidemiekin alderatuta, inoiz baino azkarrago zabaltzen ari da eta OMEk ohartarazi du arriskua dagoela orain hamarkada bat Afrika mendebaldea astindu zuen epidemiaren mailara iristeko. 2014tik 2016ra iraun zuen izurrite hark, eta 11.000 pertsona baina gehiago hil ziren eta 28.000 kutsatu.

Ez da maila horretara iritsi; bai, ordea, inguruko herrialdeetara. Kongoko Errepublika Demokratikotik Ugandara zabaldu zen uztailean. Hogei kasu erregistratu zituzten, horietatik hamabost ustez Kongoko Errepublika Demokratikotik eratorritakoak. Dena den, uztailaren 28an Ugandak amaitutzat eman zuen izurritea.

Ebola kutsatuta dauden pertsona edota animaliekin kontaktu zuzena edukitzean transmititzen da, eta muturreko sukarra, goragalea, beherakoa eta barne hemorragiak eragiten ditu. 


Irakurri gehiago: Ebola Gizartea Osasuna
Ebola kanalean gehiago
2015eko azaroaren 18
Bye bye ebola!

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...