LABek eta Ernaik gazteen egoera sozioekonomikoaren inguruko txostena aurkeztu dute, gazteen prekarietatea, soldata baxuak eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak azaleratuta. Gazteek bizi duten prekarizazio eta pobretze prozesuaren aurrean, euskal gazteriari dei egin diote “soldata eta etxebizitza duinen aldeko borrokara batu eta azaroaren 11ko greba orokorrean paper aktiboa hartzera”.
Oihana Lopetegi LAB sindikatuko ekintza sindikaleko ordezkariak eta Amaia Arbeo Ernai gazte antolakundeko bozeramaileak aurkeztu dute ikerlana asteazken goizean, Bilbon. 25 urtetik beherako langile batek 30 urte beharko lituzke batez beste etxebizitza sozial bat eskuratzeko; etxebizitza libre bat erosteko, berriz, 53 urte. Kalkulu horiek ez dute kontuan hartzen hipoteken eskuragarritasuna, ezta interes-tasen gorakada ere. Horiek dira Gazteen argazki ekonomikoa txostenean eman dituzten datuetako batzuk. Bertan, 25 urtetik beherakoen eta 25 eta 30 urte arteko langileen soldatak, lan-baldintzak eta etxebizitza-egoera aztertu dituzte.
Soldatak, lan-merkatua, etxebizitza
Europako gomendioen arabera, gutxieneko soldata lanaldi osoaren batez bestekoaren %60 izan beharko litzateke. Hego Euskal Herrian, Espainiako Gobernuak du gutxieneko soldata zehazteko eskumena, eta Europako irizpidea aplikatuz gero, 1.628 eurokoa izan beharko luke. Aldiz, 25 urtetik beherako langileen %39,26ak 1.500 euro baino gutxiago kobratzen du, eta %48,25ak 1.600 euro baino gutxiago. Horrenbestez, lan egin arren, gazteen erdiak ezin du bizitza material duina garatu, eta diru-sarrerek emantzipatzeko aukera murritzak eskaintzen dizkiete.
Txostenak agerian utzi du ere Hego Euskal Herriko emakume gazteek lan-merkatuan bizi duten genero-arrakala. 20 urtetik beherakoen artean, gizonezkoak dira lehen enpleguaren bila dabiltzan gehienak; 20 eta 29 urte bitartean, aldiz, emakumeak dira nagusi. Ikerlarien ustez, horrek lotura du emakumeek lan-merkatuan aurkitzen dituzten oztopoekin: lan-merkatuan sartzeko eskakizun handiagoei aurre egin behar dietenez, denbora gehiago ematen dute prestakuntzan.
Etxebizitzaren auziari dagokionez, LABek eta Ernaik ohartarazi dute “gazteentzat alokairuan bakarrik bizitzea bideraezina” dela. Irtenbide nagusia pisua partekatzea da, “izan ezezagunekin, lagunekin edo bikotekidearekin”. Etxebizitzaren prezioak 2015etik igoera esponentziala izan du, baina batez besteko soldatak ez du joera bera jarraitu. Ondorioz, 25 urtetik beherako gazteek soldataren %78 bideratzen dute alokairua ordaintzera. Horrek esan nahi du %22 gelditzen zaiela gainontzeko gastuei aurre egiteko: elikagaiak, zaintza pertsonala, aisialdia…
Urrats bat aurrera
Egoeraren larritasunaren aurrean, Ernaik Urrats bat aurrera kanpaina abiatu du, Euskal Herriko gazteek duintasunez bizitzeko ezinbesteko dituzten bizi baldintzak mahaigaineratzeko. Hurrengo urratsa diagnostikoa Euskal Herriko milaka gazterekin osatzea izango dela azaldu du gazte antolakundeak.
Bestalde, LABek etxebizitzaren arloan egiten ari den ekintza sindikala indartzeko urrats berriak eman dituela adierazi du. Sindikatuaren arabera, hainbat “gatazka kolektibo piztu eta mobilizazioak areagotu” dituzte, etxebizitza eskubidearen aldeko borroka indartzeko. Horrez gain, azaroaren 11ko greba orokorrerako lanean ari da, “soldata eta etxebizitza duinen aldeko ahalik eta erantzun zabalena bultzatzeko”.