23 urteren ondoren, Iraketik azken tropak erretiratu dituzte AEBek

  • Ekialde Hurbilean zein Iraken tentsio handiko garaia den honetan alde egin dute amerikarrek 2003an inbadituriko herrialdetik. Bi hamarkada luzez egon da bertan amerikarrek gidaturiko nazioarteko koalizioa –2011tik 2014ra izan ezik– eta okupazio horrek eragindakoa katastrofikoa da: gerra zibil odoltsu bat, ezegonkortasun politiko iraunkorra eta esku-sartze amerikarra. "Burujabetasuna" ospatzeko lau eguneko zeremonia iragarri du Irakeko gobernuak.


2026ko urriaren 1ean - 12:06
Azken eguneraketa: 13:24
Irakeko armadako kideak, AEBek azken tropak herrialdetik erretiratu dituzten egunean. AFP
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

23 urte pasa dira 2003ko martxoaren 20 hartatik, George W. Bush AEBetako presidente izandakoaren aginduz AEBak buru zituen nazioarteko koalizio armatuak Irak inbaditu zuenetik. Irailaren 30 honetan alde egin dute azken soldadu amerikarrek. "Burujabetasuna" ospatzeko lau eguneko zeremonia iragarri du gobernuak, nahiz eta herrialde barneko zein Ekialde Hurbileko gatazka eta tentsioek galderak eta kezkak ere azaleratzen dizkien.

2014. urtean 80 herrialde baino gehiagok EI Estatu Islamikoaren kontra osatutako Inherent Resolve izeneko nazioarteko koalizioaren geldialdia dakar Irakerako AEBen irteerak. Behin betiko erretiratze hori duela bi urte hitzartu zuten Joe Biden AEBetako presidente ohiaren administrazioak eta Mohammed Chia al-Sudani Irakeko lehen ministro ohiak. Gaur egun aldatuak dira agintariak: AEBetan Donald Trump da buru eta, Iraken, Ali al-Zaïdi enpresaburua da lehen ministro joan den maiatzaz geroztik. Hori horrela, Iraken ziren azken 2.500 soldadu amerikarrek herrialdetik alde egin dute asteazken honetan. Bi hamarkada luzez, milaka kanpotar armatu egon dira bertan; adibidez, gerlaren unerik gorenean, 2007. urtean, 170.000 soldadu estatubatuar baino gehiago ziren Iraken.

Balantze katastrofikoa

Ofizialki, Saddam Hussein garaiko presidentea erorarazteko asmoz sartu zen Irakera amerikarrak buru zituen nazioarteko koalizioa. Ofizialki, "suntsipen handiko armak" zituelakoan, baina errealitatean interes geopolitiko eta ekonomikoak ziren inbasioaren oinarrian. Bere interesen alde kokatuko zen gobernu bat nahi zuen Bushek Ekialde Hurbilean, eta nola ez, Iraken petrolioa ere eskuragarriago nahi zuen. Nazioarteko zuzenbideari bizkarra erakutsita burutu zuten okupazio hori, amerikarren jarrera inperialistan urrats bat gehiago eginez. Hilabete ere ez zuten behar izan AEBetako tropek Bagdad hiriburuaren kontrola hartzeko. Baina Hussein boteretik kentzeak ez zituen lasaitasuna eta demokrazia ekarri herrialdera, eta alderantziz, ondorioak katastrofikoak izan dira. Horrela laburbiltzen du New York Times-ek: "AEBen inbasioak eta ondorengo okupazioak eragindako odol-bainu sektarioek eta matxinadek astinduta utzi dute herrialdea; ia 4.500 estatubatuar hil ziren, eta 115.000 irakiar baino gehiago hil, kalkulu zuhurrenen arabera". Brown University-ren kalkuluen arabera, 550.000 eta 580.000 pertsona artean hil ziren Irakeko eta Siriako gerretan 2003 eta 2023 artean. Horrez gain, milaka eta milaka irakiarrek dute beraien bizitokia eta herria utzi behar izan.

George W. Bush AEBetako presidente izandakoaren aginduz, AEBak buru zituen nazioarteko koalizio armatuak Irak inbaditu zuen 2003ko martxoaren 20an. Argazkia: Pinknews

Inbasioa hasi eta bi astera, apirilaren 4an, Bagdadeko nazioarteko aireportua hartu zuen AEBetakoarmadak, eta, hortik bost egunera hiriburuko erresistentzia bertan behera geratu zen ofizialki. Tikrit herria, Saddam Husseinen sorlekua, izan zen herrialdeko azken erresistentzia-gune garrantzitsua, baina apirilaren 13an erori zen amerikarren eskuetara. Husseinek ihes egin zuen –abenduaren 13an harrapatu zuten al-Daous-en, Tikritik hurbil, gordea zegoela–, eta maiatzaren 1ean Bushek amaitutzat jo zuen operazio militar nagusia. Irakeko presidente izan zen Hussein 1979tik 2003ko apirila arte, eta, 2006ko azaroaren 5ean heriotza zigorrera kondenatu zuten gizateriaren aurkako krimenengatik. 

Baina Saddamen agintaldia bukatuta ere bertan gelditu ziren amerikarrak, gatazka gogorrak eragin zituztelako. Barack Obamak 2008ko hauteskunde kanpainan hitz eman zuen tropak erretiratuko zituela, eta 2011ko abenduan hitza bete bazuen ere, 2014an soldaduak Irakera itzularazi zituen. Indarra hartzen ari zen EI Estatu Islamikoaren kontra egitea zuten helburutzat jarrita, azaldu zutenez. Funtsean, aldi honetako amerikarren erretiratzea azaltzerakoan helburu hori bete izana azpimarratu du Pentagonoaren bozeramaile Sean Parnellek, EIren aurkako "hamabi urteko kanpaina baten arrakasta" erakusten duelakoan.

Ali al-Zaïdik hitzemana zuen, Washingtonen presiopean, agintera heltzerakoan Iranen aldeko taldeen armagabetzea lortuko zuela. Baina engaiamendu horren gauzapena atzeratu egin dute, armak "arautzeko" negoziazioek martxan jarraitzen baitute
Tentsio handiko momentua

Ali al-Zaïdik hitzemana zuen, Washingtonen presiopean, agintera heltzerakoan Iranen aldeko taldeen armagabetzea lortuko zuela. Baina engaiamendu horren gauzapena atzeratu egin dute, armak "arautzeko" negoziazioek martxan jarraitzen baitute, France-Press agentziaren arabera. Afera da egoera blokeatuta dutela, hain justu, armak uztea ez dutelako onartzen talde armatu xiitek. Eskualde zabalagora begiraturik, Israelek eta AEBek Iran erasotzen duten honetan ez dute horrelakorik nahi. Erran beharra dago armak uzteko eta herrialdearen armada integratzeko baldintzen artean dutela amerikarren "esku-hartze politiko eta ekonomiko ororen bukaera". 

Tentsio handia nabari da herrialdearen baitan ere, eta zentzu horretara Kataeb Hezbollah taldeak amerikarren joatea txalotu egin badu ere, ondokoa argi utzi du: "Bere herriaren onerako lan egiten ez duen gobernu bat, ahal den bide guztietatik eroraraziko da".

Herrialdeko kurduek, haatik, beraien kezka adierazi dute, hain justu, interes propioei segika amerikarrek lagundu izan dituztelako segurtasunaren arloan.


Irakurri gehiago: Gerra Nazioartea Militarismoa Irak Asia
Gerra kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.