2023ko urriaren 7ko erasoan parte hartzeaz akusaturiko palestinarren exekuzioa bideratzeko auzitegi berezia sortu du Israelek

  • Israelgo komunikabideen datuen arabera, 400 bat preso palestinarrek dute heriotza zigorra arriskatzen, 2023ko urriaren 7ko erasoan parte hartzeaz akusatuta izanik. Astelehen gauean izan da auzitegiaren sorrera dakarren bozketa, eta parlamentuan ziren diputatu guztiek dute alde bozkatu. Martxoaren 30ean ere bozkatu zuten palestinarrei heriotza zigorra bideratzeko legea, baina atzeraeraginezkoa ez denez, lege berri hau gehitu dute.


2026ko maiatzaren 14an - 10:48
Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroa pozik, palestinarren kontrako heriotza zigorra dakarren legearen bozketa ospatzen. Reuters
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Urrats bat gehiago eman dute Israelgo diputatuek palestinarren exekuzioaren aldeko bidean: 2023ko urriaren 7ko erasoan parte hartzeaz akusaturiko palestinarrei heriotza zigorra bideratzeko auzitegi militar berezia sortzearen alde bozkatu dute maiatzaren 11ko gauean. 400 bat palestinar dira arriskuan. Astelehen gaueko bozketan egondako diputatu guztiek egin dute lege proposamenaren alde, hots, 93 diputatuk. Une berean israeldar zenbait zeuden parlamentutik hurbil, testu horren kontrako ahotsa entzunarazten. 

Martxoaren 30ean bozkatu zuten heriotza zigorra palestinarrei ezartzeko aukera dakarren legea Israelgo Parlamentuan. Baina testua ez denez atzeraeraginezkoa, lege proposamen berri hori osatu dute, 2023ko urriaren 7ko ustezko erasotzaileak hil ahal izateko.

Estatu sionistaren kontra erasoa egin izanaz akusatuta diren palestinarren exekuzioa ahalbidetzen die martxoaren 30ean bozkaturiko testuak. Lege proiektuaren marko orokorrak dioenez, "herritar edo egoiliar israeldar baten aurka atentatua egiteko asmoz, Israelgo Estatuaren existentzia amaitzeko asmoarekin, nahita, baten heriotza eragiten duen pertsona oro, gizon zein emakume, heriotzara edo betiko kartzelara kondenatuko dute". Epaia eman eta 90 eguneko epean exekutatu beharko dute kondenatua, eta epe hori behin luzatu ahal izango du Israelgo lehen ministroak, 180 egunera igotzeko, baina errugabetasun eta barkamen neurri posiblerik gabe.

Bozketa iragan eta berehala iragarri zuen ACRI Israelgo Eskubide Zibilen Aldeko Elkarteak Auzitegi Gorenean presako helegitea aurkezteko urratsa, legea bertan behera uzteko eskaerarekin. "Konstituzioaren aurkakotzat, berez diskriminatzailetzat eta, gainera, Zisjordaniako palestinarrentzat, oinarri juridikorik gabekotzat" jo du. Helegite horri buruzko epaia ez da oraindik jakina.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.