Segiren aurkako sarekada batean atxilotu zituzten 2009an, Euskal Herrian izan den polizia operaziorik handienaren harira. 40 atxilotuetatik 32k salatu zituzten torturak, baina bat bera ere ez zen iritsi auzitara.
Segiko 29 kide ohi bildu dira Donostiako Bakearen Usoaren eskulturaren aurrean, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak bultzaturiko ekimenean. 2009 urtearen amaieran atxilotu zituzten denak Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, eta denek salatu zuten torturatu egin zituztela. Alta, salaketa bat bera ere ez zen auzitara iritsi, eta auzi horiek banan-banan berriz idekitzea eskatzeko bildu dira larunbat honetan.
Aiert Larrarte abokatuak eman ditu atxiloketen xehetasunak. 32 atxiloketa izan ziren Hego Euskal Herrian, eta beste zortziak atzerrian atxilotu zituzten. Atzerrian atxilotutako militanteak, Frantzian eta Italian, ez zituzten torturatu, eta beraz ez zuten torturarik salatu, baina beste guztiek bai. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. Instrukzio Epaitegi zentralak agindu zituen atxiloketak, eta Fernando Grande-Marlaska zen haren buru. Salaketen aurrean, Grande-Marlaska epaileak ez zuen prozedura judizialik ideki, polizia torturatzaileen izen-abizenak eta zenbaki profesionalak eduki arren.
Atxiloaldian 32 gazte horietatik 28k egin zuten beren buruaren aurkako deklarazioa, baina epailearen aurrean hauetarik 18k ukatu zuten geroago, eta epaiketan bertan 26k. Instrukzio epaileek gainera, militanteen absoluzioa erabaki zuten 2014an, eta argudio gisa, atzerrian atxilotutako miltanteek ez zutela beren buruaren aurkako deklaraziorik egin erran zuten. Instrukzio epaileek erran zuten Grande-Marlaskak ez zituela atxilotuei "berme materialik ezarri", tortura-salaketak kontuan hartzekoak baziren ere.
Torturaren ondorioak gaur egun ere pairatzen dituztela gogoratu dute militanteek, eta aurten hil den Iker Aristu ere ekarri dute gogora. Koponbideak eta zigorgabetasunak ezin dutela bat egin erran dute ordea, eta hobendunen aitortza beharrezkoa dela gehitu dute. Izan ere, GEBehatokiko Iratxe Urizar abokatuak "inpunitate estrukturala" aipatu du, eta nola hau gabe ezin izango zen tortura horrenbeste urtez posible izan. Torturatzaile gehienek inpunitatean segitzen dute, eta Grande-Marlaska epailea adibidez, Espainiako Barne Ministroa da gaur egun.