Erasoa Algortan (Bizkaia) gertatu da, igande goizaldean, San Inazio jaietan. Aezkoako Gazte Asanbladak eta Berdin Bizi berdintasun zerbitzuak, berriz, Aezkoan (Nafarroa) sexu eraso bat gertatu dela salatu dute larunbatean, eta elkarretaratzea eginen dute astelehenean. Angelun (Lapurdi), bertzalde, gizon bat behin-behinean espetxeratu dute, 10 urteko alaba bortxatzea egotzita.
Ertzaintzak 20 urteko gazte bat atxilotu du igande goizaldean Getxoko Algorta auzoan, San Inazio jaietan, 19 urteko emakume bati ustez kalean sexu eraso bat egiteagatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, erasoa 5:00 aldera izan da. Gazte batzuk negarrez ikusi dute emakumea, alboan gizon bat zuela, eta abisua eman diote ertzainen patruila bati.
Ibilgailua bertaratu da, eta gizona ikusi dute emakumeari besoetatik heltzen, eta eraso egiten. Polizia batek gizonezkoa heldu du emakumearengandik banantzeko. Hura oldartu egin da, baina azkenean eskuburdinak paratu, eta atxilotu egin dute gizona. Ertzaintzak sexu askatasunaren aurkako delituen biktimentzako protokoloa aktibatu du, eta biktima Gurutzetako ospitalera eraman dute.
Algortako Mugimendu Feministak deituta, erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute igande arratsaldean, Telletxen. Getxoko Udalak, berriz, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aitzinean jarduteko udal protokoloa martxan paratu du. Halaber, erasoa gaitzetsi du, eta biktimari babesa eskaini dio.
Aezkoako Gazte Asanbladak eta Berdin Bizi berdintasun zerbitzuak Aezkoan gertatutako sexu eraso bat salatu dute larunbatean. Gazte Asanbladak eta Berdin Bizik komunikatu bana atera dute erasoa gaitzesteko, eta Aezkoako Batzarre Nagusiak ere bi komunikatuekin bat egin du.
Bi elkarteek deituta elkarretaratze bat eginen dute astelehenean; 20:30ean, Aezkoako Etxearen aitzinean, Ariben. Herritarrei dei egin diete bertara joateko.
Baionako Fiskaltzak behin-behineko espetxealdia ezarri dio gizon bati Angelun haren 10 urteko alaba bortxatzea, sexu erasoak egitea, eta tratu txarrak ematea egotzita. Poliziak larunbatean atxilotu du gizona. Fiskaltzaren lehen ikerketen arabera, alaba zaintza partekatuan zegoen, eta ikastetxean oporrak zituenean egoten zen aitarekin.