Gaur gauean Azpeitian eta Donostian danbor festa hasiko da. Aitzakia horrekin Cecilio Arabaolaza Azpeitiko Danborradaren sortzaileetako bat elkarrizketatu du ARGIA astekariak. Hemen duzue aurrerapena (elkarrizketa osoa bihar izango da osorik irakurgai Interneten):
Nola sortu zitzaizuen Azpeitian danborrada egiteko ideia?
1957an Baltasar Iglesias eta ni Azpeitiko apaizak ginen. Biok donostiarrak izanik, danborrada ilusio handiz bizi izan dugu beti. Azpeitiko patroia Soreasuko San Sebastian denez, aitzakia paregabea genuen gure ideia ezagutarazteko. Garai hartan Azpeitiko Oargi gazte taldearekin aritzen nintzen elizako gauzekin lanean. Beraiei proposatu nien ekimena, begi onez hartu zuten eta lanari ekin genion hogei haurrekin batera. 1957an jendeak apaizoi kasu egiten zigun ia beti.
Nolakoa izan zen 1957ko urtarrilaren 19 hori?
Lehenengo urtea saiakera bat izan zen, San Sebastian bezperan atera ginen. Ez genion inori jakinarazi, ez ginen prentsan azaldu, Udalari ez genion ezer esan... Egia esan, ez zitzaidan burutik pasa ere egin inolako baimenik eskatzea, eta inori ezer esan gabe irten ginen Azpeitiko kaleetan barrena. Kalean zebilen jendearentzat harrigarria izan zen: hogei mutiko danborra jotzen eta musika banda elkarrekin ikustea.
Egun euritsua zen, baina hartutako lanaren ostean ez genuen atzera egin nahi izan. Jendeak ilusioz hartu zuen gauza polita zelako, 20:00etan atera ginen eta jende asko zegoen kalean. Inon gelditu gabe pasieran aritu ginen hiru kantu joz behin eta berriro. Guztiak Donostiako Danborradatik hartuak ziren: San Sebastian Martxa, Iriarena eta Diana.