195.562,26 euroko kalte ordaina eman beharko diete Sidenorrek eta Cofivacasak amiantoagatik hildako Aceros de Llodioko langile baten senideei

  • "Tabakoaren argudio enpresariala desmuntatu" dute epaian, Asviamie elkartearen arabera.


2026ko uztailaren 22an - 10:04
Aceros de Llodion lan egin zuen 2019an hildako beharginak amiantoarekin.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Sidenor eta Cofivacasa kondenatu dituzte Aceros de Llodioko langile baten heriotzagatik, bi konpainia horiek baitira Laudioko (Araba) altzairu fabrikaren oinordeko legalak. Gasteizko Lan-arloko epaitegiak duela urtebete eman zuen probatutzat Vicente C.R. amiantoarekin lan egiteagatik hil zela. Orain, aldiz, ebatzi du 195.562,26 euroko kalte ordaina eman beharko dietela aipatutako bi enpresek beharginaren senideei. 

Asviamie elkarteak eman du sententziaren berri. Amiantoaren biktimen elkarteak azaldu duenez, Vicente C.R-k 1963tik 1987ra bitartean lan egin zuen Aceros de Llodion laminatzaile moduan, eta denbora tarte horretan guztian egon zen minbizia eragiten duen mineral horrekin harremanetan. Biriketako minbizia eragin zion horrek, eta 2019an zendu zen. 

Asviamiek berak azaldu duenez, hildako langilea erretzailea zen 14 urte zituenetik, eta hori baliatu dute Sidenorrek eta Cofivacasak senideek jarritako "demanda bertan behera uztea edo kalte-ordaina %50 murriztea" eskatzeko.

Argudio hori "onartezina eta juridikoki sostengaitza" dela salatu du elkarteak. Izan ere, duela urtebeteko sententzian jada ebatzi zen Vicente CR amiantoarekin harremanetan egon zela, ez zitzaiola segurtasun neurri egokirik eskaini, eta bere heriotza eragin zuen gaixotasuna profesionala zela. Epaitegiaren arabera, tabakoa erretzeak gaixotasuna azkartu zezakeen, baina ez zen biriketako minbizia eragin zuena. 

Horrez gain, familiaren salaketak jaso du Aceros de Llodioko langile ohiak amiantoz eginiko arropak baliatzen zituela labeko tenperatura altuez babesteko. Osalanen txostenak, bere aldetik, nabarmentzen du langileei inoiz ez zitzaiela eman amiantoaren arriskuen gaineko informaziorik, eta horretara bideratutako azterketa medikuak ere ez zituztela jaso. 

Asviamieko kideak pozik azaldu dira sententziarekin, "tabakoaren argudio enpresariala" desmuntatzen duela nabarmenduta.

Euren ustez, azken urteetan plazaratu diren epaiek argi utzi dute enpresek amiantoari lotutako segurtasun araudia "modu orokortu eta jarraituan" urratu dutela. Gauzak hala, gai honekiko isiltasuna apurtzeko deia luzatu diote Confebask patronalari. 

Kasu gehiago

Vicente C.R. ez da Aceros de Llodion amiantoarekin lan egiteagatik hil den lehen langilea. 2019an ere beste langile bat zendu zen arrazoi beragatik. 2024an iritsi zen epaia. Kasu horretan, Cofivacasak 129.447 euroko kalte ordaina eman behar izan zion familiari. 

2020an, aldiz, epaitegi berak ebatzi zuen Laudioko altzairu fabrikako beste behargin batek ere amiantoaren zuntzak arnasteagatik garatu zuela minbizia. 2011n ere antzeko beste kasu bat izan zen. 

Eskualdeko beste enpresa batzuetan ere jazo dira antzeko kasuak, eta 2018an Asviamie elkartearen Aiaraldeko taldea sortu zuten, amiantoarekin kontaktuan egon diren eskualdeko bizilagunei eta euren senideei laguntzeko. 


Amiantoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...