1.800 euroko isunak Iruñean, sanferminetan jota aldarrikatzaile bat abesteagatik

  • Uztailaren 7an etxegabetzeen aurkako jota bat abestu zuten Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek, udaltzaingoa abestia eragozten saiatu zen arren. Bi kide eta GEDAReko kazetari bat zigortu dituzte ekintza horrengatik, 1.800 euroko isunekin. Sindikatuak eta hainbat artistak zentsuraren aurkako jaialdia antolatu dute maiatzaren 23rako.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko maiatzaren 7an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak publikoki salatu ditu Iruñean (Nafarroa) jota aldarrikatzaile bat kantatzeagatik hiru pertsonari ezarritako zigorrak. Iazko uztailaren 7an, sanferminetako prozesioa igarotzean, sindikatuko kideek Alde Zaharreko balkoi batetik abestu zuten etxegabetzeen aurkako jota bat. Iruñeko Udaltzaingoko agenteak ekimena eragozten saiatu ziren, mehatxuen bidez. "Abestuko duzuen jotak kontu aldarrikatzaileren bat baldin badu, salaketa jarriko da", esan zuten udaltzainek, bideo batean jaso ahal izan zenez. Azkenean, sindikatuko bi kideri eta gertakariak grabatzen ari zen GEDAR LANGILE KAZETAko kazetari bati jarri dizkiete isunak, jotari lotuta: 600 euroko isuna jarri diote bakoitzari, Mozal Legea deritzonaren bidez. Iruñeko Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Zinegotzigo Ordezkariak ireki zituen zigor-espedienteak, udaltzainen salaketetan oinarrituta.

Sanferminetako prozesioan, besteak beste, udaleko politikariek parte hartzen dute. Martxa Zapateria kaletik pasatzen ari zenean, balkoi batetik entzun ahal izan zen jota, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideen arabera, helburua zen "aste batzuk lehenago Alde Zaharrean gauzatutako legez kanpoko bi etxegabetze salatzea"; baita etxegabetze horietan "Iruñeko Udaltzaingoak, udalak eta hiriko epaitegiek izandako konplizitatea" senalatzea ere. Jotaren hitzekin eta doinuarekin, erreferentzia argia egiten zitzaion Joaquin Madurga konpositoreak San Fermini eskainitako jota ezagunari. Honela zioen sindikatuaren bertsioak: “Es la toga que te amarra la que hoy sentencia que te desahucian / Es la bota del policía que sin aviso te echa de casa / Es la nota de este ilustre Ayuntamiento que miente o calla / Todos ellos que colaboran para que los de siempre hagan caja / Defendernos y organizarnos, hoy es la lucha la que hace falta”.

Errepresioa lan politikoa egiteagatik

Sindikatuak orduko hartan adierazi zuen "prozesioak eta antzeko erakustaldiak historikoki kritika politikorako espazio izan direla; agintariei herritarren kezkak eta haserreak adierazteko lekua". "Badirudi batzuei deseroso egiten zaiela ardurak seinalatzea, nahiz eta horrek ez dien hainbeste axola etxegabetzeak gauzatzen dituztenean", gaineratu dute. Egun hartan gertatutakoari buruz, sindikatutik gogorarazi dute "goizeko lehen orduan, oraindik jota botatzeko unea iritsi arte balkoian zain geundenean, hainbat udaltzain etxebizitzan sartzen" saiatu zirela, "jotak aldarrikapenik baldin bazuen ondorio errepresiboak egonen zirela mehatxatzen zuten bitartean". Lau pertsona identifikatu zituzten udaltzainek.

Jazarpen hori eta ondorengo isunak "protestaren kriminalizazio gero eta handiagoaren testuinguruan" kokatzen ditu sindikatuak, sanferminetako errepresioa areagotu egin dela salatuz: aldarrikapen politikoen aurkako beste hainbat isun ere izan ziren iazko jaietan. "San Fermin jaietako protesta sozialaren ikusgarritasuna murrizteko saiakera bat da", dio. Azpimarratu du, bestalde, beste kolektibo batzuekin batera 12.000 euroko isunak eta hiru pertsona auzipetu dituztela mahai gainean, iazko urrian Burlatan etxegabetze bati aurre egiteagatik. Haien ustez, horrek erakusten du "instituzioen logikatik kanpo" antolatzen diren eragileek etengabe jasaten dituztela erasoak jardun politikoagatik.

Exijentzia Iruñeko Udalari eta erantzuna alkatearen hitzei

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak prentsaurrekoa baliatu du Iruñeko Udalari (EH Bildu) isunak atzera bota ditzala exijitzeko, "eskubide politikoen eta kritika politikoa egiteko askatasunaren kontrako eraso larritzat" jotzen baititu. Gainera, isunak Mozal Legean oinarrituta jarri dituzte: sindikatuak salatu du lege horrek "protestarako eskubidearen aurka egiten duela eta langile-klasearen eskubide politikoak murrizten dituela". Bestalde, gogorarazi du 2024an ere jota aldarrikatzaile bat kantatu zuela, "negozio turistikoaren aurka", eta "erabateko normaltasunez". Urte honi begirako galdera bat ere bota dute sindikatuko kideek: "Aurten udalak irtenbide polizialen alde eginen al du, ala kritika politikoa prozesioan egotea baimenduko du?". 

Iruñeko alkate Joseba Asironek berriki egin ditu auziari buruzko hainbat adierazpen Cadena SER-en, eta "ukatu egin du udalak isun horiekin zerikusirik duenik", sindikatuak seinalatu duenez. Beraz, alkateak esandakoa gezurtatu du jarraian: "Kasu honetan, Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzarako Zinegotzigoak abiatzen du zigor-espedientea, hau da, udalak berak. Sail hori EH Bilduko zinegotzi batek kudeatzen du. Udaltzaingoa da salaketa jartzen duena, baina udala da salaketa horretan oinarrituta zigor administratiboak jarri ala ez erabakitzeko ahalmena duena. Horrekin batera, sindikatuak ohartarazi du udala dela "udaltzaingoaren azken arduradun politikoa". Asironek, gainera, helegiteak aurkezteko deia egin die isunduei irratitik, kontuan hartu gabe kaltetuek hiru errekurtso judizial aurkeztu dituztela jada, eta lehenengoa udalak berak bota zuela atzera, sindikatuak argitu duenez.

Zentsuraren aurkako jaialdia maiatzaren 23an

Gaurko prentsaurrekoan, zentsuraren kontrako elkartasun-jaialdi baten berri ere eman du sindikatuak. Arepas, Las de Kardo eta Iruinyard kolektibo artistikoekin batera antolatu du ekimena, eta maiatzaren 23an izango da Sanduzelaiko zubian, JOTA-KE izenpean, jota aldarrikatzaileei erreferentzia eginez. "Errepresioaren aurrean klase-elkartasuna sustatzeko eta zentsuraren kontrako diskurtsoa hedatzeko" asmoz batuko dira. Horrez gain, Nafarroako beste artista batzuekin ere ari da elkarlanean sindikatua, eta laster emango dute emaitzen berri. Agerraldia amaitzeko, zentsura ez normalizatzeko eta artea "kritikarako eta aldarrikapen politikorako tresna" gisa defendatzeko deia egin dute.


Mozal legearen mehatxua kanalean gehiago
2024ko ekainaren 18
444.100

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.