Behin betiko emaitzak datorren astelehenean argitaratuko dira. EHUko errektoreak azaldu du prozesu guztian “inpartzialtasuna eta neutraltasuna” bermatuko dituztela.
Guztira, 1.778 ikaslek eskatu dute unibertsitatera sartzeko proban (USAP) egindako euskarako azterketa berrikusteko; hau da, aurkeztutako ikasleen % 14k. Hala azaldu du Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak ortzegun honetan Bilbon.
Ekainaren 2tik 4ra bitartean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12.000 ikasle inguruk egin zuten unibertsitatera sartzeko proba; hots, selektibitatea. Horietako 11.507k gainditu dute; %95,26k, hain zuzen.
Euskara eta Literatura ikasgaiko azterketak, ordea, hautsak harrotu ditu Bilbon. Izan ere, A ereduko —euskara soilik ikasgaitzat daukatenak— Bilboko itunpeko bortz ikastetxetako 60 bat ikaslek emaitza kaskarrak eskuratu dituzte; horietako anitzek 0 eta 2 arteko nota atera dute.
Azterketa zuzentzeko orduan akats teknikoren bat egon zitekeela susmatuta, ikasle horiek protestak egin zituzten, eta azterketa gainbegiratzeko eskaera egin zuten. EHUk argitu duenez, ez dago akats teknikorik, eta zehaztu du hautaproba berrietan ortografia akatsak kontuan hartu dituztela; gehienez bi puntu kendu ahal zaizkie ikasleei horregatik.
Hala ere, Bengoetxeak azaldu du notak "behin-behinekoak" direla, astelehenean behin betiko notak argitaratu arte. Prozesu guztian “inpartzialtasuna eta neutraltasuna” bermatuko dituztela erran du, eta horretarako eskatu du azterketak “berrikusteko aurreikusitako erritmoak, epeak eta sistemak errespetatzeko".
Era berean, gogorarazi du prozesua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Unibertsitate Sailaren eta unibertsitate publikoen arteko batzorde misto baten bidez araututa dagoela, eta erantzukizuna “partekatua” dela. Hala, erran duenez, sistema horrek "arau eta berme batzuk" ditu hautagai guztien "inpartzialtasuna, neutraltasuna eta ekitatea" ziurtatzeko.
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ez du azalpen publikorik eman asteartean errektorearekin "premiazko" bilera egin ostean, eta datorren astelehenean, ekainaren 22an, agerraldia eginen du Eusko Legebiltzarrean.
Errektorea “harro” agertu da unibertsitateak antolatutako sarrera probengatik, bere erranetan, “normaltasun azpimarragarriarekin" eta “irisgarritasun zailtasunak” dituzten pertsonei “modu nabarmen batean” erreparatuta egin baitira.
Azkenik, Bengoetxeak gogorarazi du ikasleek berrikuspenak eskatzeko eskubidea dutela, eta prozesu horiek "hirugarren edo laugarren fasera" irits daitezkeela.