argia.eus
INPRIMATU
157 langile kaleratu eta gainerako 273ei soldata jaitsiko die Productos Tubularesek
  • Martxoaren 8tik greba mugagabean, Trapagarango Productos Tubulareseko langile-batzordea asteazken honetan bildu da zuzendaritzarekin eta azken honek bere asmoak jakinarazi dizkie. 430 langileko enpresan, 173 kaleratu nahi dituzte eta gainerakoei lan-baldintzak gogortu, lan-hitzarmena apurtuz.

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 04a

Geldituko diren beharginei soldata %25 murriztea eta urtean lanorduak 1.680tik 1.704ra igotzea planteatu du zuzendaritzak. Arrazoi ekonomikoak, produktiboak eta antolakuntzazkoak argudiatu dituzte. Iaz, 32,4 milioi euroko galerak izan zituen enpresak. Trapagarangoa Amurrioko Tubos Reunidosen filiala da eta talde osoak 100 milioi euroko galerak izan ditu azken hiru urteotan.

Zuzendaritzak hasiera eman dio lan erregulazio espedientea negoziatzeko hilabeteko epeari. Langile-batzordearen arabera, oso zorrotzak dira enpresak ezarri nahi dituen neurriak eta inbertsioak gaizki kudeatu izana leporatu diote zuzendaritzari. Hasiera besterik ez dela ere uste du batzordeak: “Ondoren, Tubos Reunidosen bila joango dira”.

Hilaren 10ean, datorren astearte goizean, bilduko dira berriz zuzendaritzarekin.