Poliziak euskaraz aritzeagatik eraso egin diola salatu du 15 urteko ikasle batek Baionan

  • Lizeoetako blokatzeen mobilizazioen testuinguruan gertatu zen erasoa. Gazteak salatu duenez, Poliziari euskaraz zuzendu ondoren agenteek korrika jarraitu zioten eta lurrean jo zuten. Neska gazteak salaketa bat pausatu du komisarian. 


2026ko urriaren 6a - 10:37
Azken eguneraketa: 2026-10-07 10:49
Etxepare lizeoko ikasleen mobilizazioa, joan den ostegunean Euskal Irratiak
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Joan den ostegunekoa da gertakaria, Ipar Euskal Herriko hainbat lizeotako ikasleak mobilizatzen hasi ziren eguna. France 3 hedabideak eman du erasoaren berri, eta erasoa jasa zuen Hegoa izeneko ikaslearen testigantza jaso du. 15 urteko gaztearen esanetan, manifestaldia Baionako karriketatik pasatzen ari zela, bi Polizia agentek bidea moztu zioten, handik pasatzea debekatua zela erranez. Hegoak "ez naiz zuekin frantsesez ari" erantzun zien, eta orduan hasi ziren bi poliziak haren gibeletik lasterka. Poliziek Baiona Ttipian harrapatu eta joka hasi zitzaizkion. Neska gazteak gelditzeko galdegin bazien ere, poliziek joka segitu zuten.

Ikasleak salatu duenez, poliziek gibeletik ostiko bat eman zioten eror zedin, eta ondotik borra ukaldiak eman zizkioten belaunean, besteak beste. Duela urte bat larriki zauritu zen belaunetan, adierazi duenez. Gas negar eragileen ondorioz itsuturik eta minez zegoela, "beti berdin euskaldun horiekin" entzun zion erraten polizietako bati. Ondoren lagunengana jo zuen, eta haiekin biltzean konortea galdu zuen. Larrialdi zerbitzuek artatu zuten eta ikaslea ospitalera eraman behar izan zuten.

Hegoak salaketa bat pausatzea erabaki zuen, bere erranetan poliziak "arrazismoz" jardun baitzuen. Komisarian, ordea, ez zioten salaketa onartu nahi izan, eta luzaz insistitu ondoren bakarrik hartu zioten. France 3 hedabidea Baionako epaitegiarekin kontaktuan jarri delarik astelehenean, erantzun diote han ez dutela horrelako salaketarik eskuratu. Hainbat Polizia sindikatu ere kontaktatu ditu hedabideak, baina bat berak ere ez du erantzunik eman. 

 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

2026ko urriaren 19
Frantziaren ofentsibak ez du etenik euskararen aurka
Polizia Judizialak EEPko bi ordezkari deklaratzera deitu ditu

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.