15 urteko kartzela zigorra ezarri diote Iruñeko kiromasajista bati, bortz bezerori zazpi sexu eraso egiteagatik

  • Nafarroako Probintzia Auzitegiak frogatutzat jo du bortz emakumeri ukituak egin zizkiela, 2023ko ekainetik 2024ko irailera bitarte, lanean ari zela. Erasotzaileak gehienez 6 urte eta 9 hilabeteko egonaldia eginen du espetxean, eta epaileak 39.000 euroko kalte ordaina eta hamar urte arteko urruntze aginduak ezarri dizkio.


2026ko abuztuaren 14an - 12:12
2025eko Iruñeko Karpa Unibertsitarioan lau gizonek emakume bat bortxatu izana salatzeko egindako elkarretaratzea. @Itaia_Irunerria
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nafarroako Probintzia Auzitegiak 15 urte eta 9 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Iruñeko kiromasajista bati, 32 eta 56 urte bitarteko bortz bezerori zazpi sexu eraso egiteagatik. Kiromasajista Nafarroako hiriburuan aritu zen lanean 2024 amaiera arte, orduan atxilotu baitzuten, eta behin-behineko espetxealdia ezarri zioten. Fiskaltzak 20 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen; auzipetuak, berriz, “profesionaltasunez” jokatu zuela adierazi zuen, eta ez zuela “deliturik” egin. 

Epaileak ez ditu frogatutzat eman kiromasajistari egozten zizkioten bertze lau sexu eraso eta lesio delitu bat. Bai, ordea, bertze bortz bezerori zazpi sexu eraso egin izana. Izan ere, epailearen txostenaren arabera, bortz emakume horiek jasan duten trauma osteko estresak, kontakizun koherenteak eta peritu psikologoek berretsi dute diotena egiazkoa dela.

Denbora tarte berean masajeekin eta fisioterapiarekin zerikusia duten jardueretan aritzeko debekua ezarri dio epaileak. Erasotzaileak ez du, ordea, denbora tarte guztia espetxean pasako, gehienez 6 urte eta 9 hilabeteko egonaldia eginen baitu kartzelan.

2023 eta 2024 artean

Kiromasajista 2003an hasi zen Extremaduran (Espainia) lanean, eta handik Iruñera joan zen. Hasieran Donibane auzoko zentro estetiko batean egin zuen lan, eta, ondoren, bere etxean.  Nafarroako Auzitegiaren arabera, 2023ko ekainetik eta 2024ko irailera bitarte, bere jarduera profesionalak garatzen zituen bitartean “inguruabar pertsonal, espazial eta intimitatekoak baliatu” zituen biktimei izaera sexualeko ukituak egiteko, haien baimenik gabe. 

Hiru biktimaren arteko ustekabeko elkarrizketa batek piztu zuen alarma. Hirurek harremana zuten kiromasajistarekin, bere familiaren komunitate erlijioso berekoak zirelako, eta haren kontsultara joan zirelako hainbat gaixotasunengatik masajeak jasotzera. 

Bertan izandako pasarteak elkartrukatu zituzten, eta hirurak bat zetozen saioetan “deserosotasuna” sentitu zutela. Kasuen larritasunaz jabetuta, salatzea erabaki zuten. Erasotzaileak, guztira, zazpi salaketa pilatu zituen, tartean bortxaketa bati lotutako bat.  

Kalte ordaina eta urruntze agindua

Kartzela zigorraz gain, epaileak biktimei kalte ordaina ematera zigortu du. Guztira, 39.000 euro ordaindu beharko dizkie; 3.000 eta 12.000 euro artean bakoitzari, kasuaren larritasunaren arabera.

Horrez gain, bortz urteko urruntze agindua ezarri dio epaileak hiru biktimari dagokionez, eta hamar urtekoa bertze bi biktimei dagokienez.


Sexu Erasoak kanalean gehiago
2026ko irailaren 2
Adriana Muñoz, Guatemalako Otrans erakundeko kidea
"Demokraziak emakume transak ahazten jarraitzen du"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...