“Maite zaitut” herri omenaldia egin diote maiatzaren 3an Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei Barakaldon, BEC erakustazokan. Euskal gizarteari egindako ekarpena eskertu nahi izan diote milaka pertsonak Maite Zaitut Kultur Elkarteak antolatutako jaialdian.
Omenaldia eta eskertza egin nahi zizkieten antolatzaileek, eta horretarako musikariak, abeslariak, dantzariak, antzerkigileak, arte plastikoetakoak eta bertsolariak igo ziren oholtzara. Denera 200 artistatik gora, zerrenda luzea: Itziar Ituño, Amets Aranguren, Ines Osinaga, Gozategi, Aitor Gorosabel, Gure Zirkua, Tapia eta Leturia, Erraldoiak, La Pulga, Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta, Kai Nakai, Jon Maia, Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Julio Soto...
Hiru pailazoek sortutako hainbat abestik osatu zuten jaialdiaren ardatza eta kantuetan lantzen dituzten gaiak azaleratu zituzten oholtzan, hala nola euskara, minbizia, migrazioa, genero eta sexu aniztasuna, desgaitasunak, heriotza eta Palestinaren aurkako genozidioa.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “haien irakaspenak eta utzi duten arrastoa ospatu” nahi izan dituzte “elkarrekin”. Haien ibilbidea eskertzeko aitzakia moduan hartu dute aurten direla hogei urte “Maite zaitut” abesti ezaguna sortu zutela. Hala, ekitaldiari izen horixe, Maite zaitut, jarri zioten. Pailazoek 37 urteko ibilbidea egin dute eta urte horietan 31 ikuskizun taularatu dituzte. 39 disko argitaratu dituzte eta 450 abesti egin.