Sare sozialen enpresaren aurkako inoizko epaiketarik handiena abiatu dute Kalifornian. AEBetako 29 estatuk multinazionala akusatu dute Facebook eta Instagram sareetan aldaketak egin izanagatik, adin txikikoek gehiago kontsumi dezaten. Metak akusazioak gezurtatu ditu; argudiatuta du adikzioak ez duela diagnostiko psikiatrikorik, pantailek osasun mentalean duten eragina alboratuta.
Sare sozialen munduko enpresarik handiena bere historiako epaiketa handienaren aurrean dago. Instagram eta Facebook sareak manipulatu eta adin txikikoengan adikzioa sustatzea egotzita epaituko dute Meta enpresa. Printzipioz, asteartean hasi eta datozen sei asteetan iraungo du epaiketak. AEBetako 29 estatutako fiskalek batasunean aurkeztu dute enpresaren aurkako akusazioa, eta 1,2 mila milioieuroko kalte ordaina eskatu dute.
Oaklandeko Auzitegian (Kalifornia) da epaiketa. Akusazioaren arabera, enpresak sareen mekanismoa aldatu eta "nahita" zenbait aldaketa egin ditu, erabiltzaileek denbora gehiago pasa dezaten konektatuta. Era berean, Metak Interneteko Haurren Intimitatearen Babeserako legea urratu du, diotenez, 13 urte azpikoen informazioa legez kanpo bildu duelako.
Egungo gazteek sufritzen duten osasun mentalaren krisiarekin lotu dute delitua fiskalek, argudiatuta adikzioak gazteen osasun fisiko zein mentala kaltetzen duela, eta muturreko kasuetan suizidioa eragin izan duela. Fiskalen esanetan, enpresak etekinak atera ditu "zaurgarrienengandik".
Kalte ordainaz gain, 29 estatuetako ordezkariek eskatu dute Metak eragindako kalteen gaineko "erantzukizuna" hartu eta sareen mekanismoa alda dezala. Besteak beste, adinaren araberako murrizketak ipintzea, adin txikikoei denbora mugak ezartzea eta "etengabeko" jakinarazpenekin amaitzea nahi dute.
Metak ezetz
Defentsak akusazioak gezurtatu ditu, argudiatuta aurkeztutako frogek ez dutela erakusten "estatu haietan inor iruzurtua" izan denik, eta akusazioaren "funtsa" industria guztiari eragiten dion zerbaiten gaineko "ardura" Metari egoztea dela, hala nola adina ziurtatu beharra sarean nabigatzeko.
Metaren abokatu Paul Schmidt-ek onartu du egon badagoela jendea "zailtasunak" dituena sare sozialekin, baina horrek ez duela "adikzioa sustatzen". Are, enpresak argudiatu du "sareetara adikzioa" ez dela aitortutako diagnostiko psikiatrikoa, eta, hortaz, ez dagoela lotura ofizialik nerabeen sareen kontsumoaren eta haien ongizate faltaren artean.
Ez da lehen aldia Facebook, Instagram eta WhatsApp plataformen enpresa epaitzen dutena. Abuztu hasieran Santa Feko (Mexiko Berria estatua) auzitegi batek 480 milioi euroko kalte ordainak ordaintzera kondenatu zuen, arrazoi antzekoengatik. Martxoan, aldiz, estatu bereko epaimahai batek 320 milioi euro baino gehiagoko zigorra jarri zion, haurren sexu-esplotazioa errazteagatik.