13 urtetik beherako lau nerabetik hiru sare sozialen batean erregistratuta daude

  • Unicefek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 7.675 haur eta neraberi galdegin die teknologiarekin daukaten harremanaren inguruan, eta txostenaren egileek astearte honetan ohartarazi dute gailu teknologikoen erabilerak gazteen ongizatean eragin dezakeela. 

Nerabeak smartphonea eskuetan. marymarkevich / Freepik

2026ko ekainaren 10ean - 13:00
Azken eguneraketa: 2026-06-11 06:58
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Unicefek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 10 eta 20 urte bitarteko 7.675 haur eta neraberi teknologiarekin duten harremanari buruz galdegin zien 2024ko azarotik 2025eko ekainera bitarte, eta astearte honetan aurkeztu du Haurtzaroa, nerabezaroa eta ongizate digitala txostena, Bilbon. Emaitzek argi erakutsi dute haurrak eta nerabeak "modu masiboan" erregistratuta daudela sare sozialetan. 

Izan ere, inkestatutako nerabeen %93 gutxienez sare sozial batean dago erregistratuta, eta %77,7 hiru plataforma edo gehiagotan. Gainera, goiz erregistratzen dira; lehen mugikorra 11,18 urterekin izaten dute eskuetan, eta 13 urtetik beherako haurren %73,7 dagoeneko erregistratuta dago sare sozialen batean.

Plataformetan emandako denborari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inkestatutako nerabeen %7,1ek eskola egunetan bortz ordu baino gehiago eskaintzen dizkie sare sozialei, eta oraindik kezkagarriagoa da asteburuko datua: %16ra igotzen baita ehuneko hori.

Txostenaren egileek ohartarazi dute gehiegi erabiltze horrek adikzioak sor ditzakeela: hiru lurralde horietako nerabeen %4,3k "sare sozialen erabilera problematikoa" du. Ehuneko hori handiagoa da nesken artean (% 5,5) mutilen artean baino (% 2,8), eta adinean aitzin egin ahala goiti egiten du erabilera arazotsua dutenen kopuruak.

Bertze arazo nagusietako bat pornografiaren normalizazioa da; izan ere, lehen kontaktua 12 urterekin izaten dute, eta, hiru kasutik batean, ustekabean ikusten dute lehen aldiz. Galdetutako nerabeen %30ek onartu du noizbait pornografia kontsumitu duela, eta %11,1ek ohikoan kontsumitzen du.

Ohitura hori, ordea, maskulinizatuta dago: mutilen % 45ek onartzen du hori, eta nesken kasuan, berriz, % 14,9k baino ez. Gainera, bideo horiek ikusten dituzten ia sei nerabetik batek (% 17,2) kontsumo problematiko gisa sailkatutako adierazleak ditu dagoeneko.

Arauak eta mugak

Gailuen neurrigabeko erabilerak ere kezka sorrarazi du. Txostenak zehaztu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gurasoen erdiak baino gehiagok (%51,6) maiztasunez hitz egiten duela seme-alabekin mundu digitalaren arriskuez; baina, %42,4k paratzen dizkie arauak edo mugak mugikorraren erabileran, eta soilik %27,5ak mugatzen dituela sareetan zabaltzen dituzten edukiak. 

Horren aurrean, gurasoen bitartekaritza handitzea beharrezkoa dela adierazi dute txostenaren egileek, eta gomendio batzuk eman dituzte; hala nola, mugikorrarekin lo ez egitea edo familiako otorduetan gailuak kanpo gelditzea. Dena den, gaineratu dute gurasoen bitartekaritzaz gain, erakundeek, eskola inguruneak eta sektore pribatuak erantzukizuna dutela, eta batez ere, haurren eta nerabeen parte hartze aktiboa dela ongizate digitala lortzeko gakoetako bat.

Hain zuzen, nerabeen ongizateari buruzko datuak dira kezkagarrienak, inkestatutako nerabeen %13,9k antsietate, depresio edo somatizazio sintomak baititu eta %6,1ek bere buruaz bertze egiteko arrisku handia erakusten baitu.

Hemen ere genero-arrakala nabaria da, neskek mutilek baino ia bi aldiz arrisku handiagoa baitute ondoez emozionala pairatzeko (%17,5; mutilek, %8,8) eta beren buruaz bertze egiteko (%7,8; mutilek, %4,1). Honi sare sozialen erabilerak eragin nabarmena egiten diola aztertu dute, erabiltzaileen kasuan ehunekoak gora egiten baitu. 

Kontzientzia handiagoa

Datuak kezkagarriak izan arren, 2021eko datuekin alderatuta, ikus daiteke aurrerapenak egon direla erabilera arduratsuan. Erraterako, Sexting pasiboa —bertze pertsona batek sortu eta bidalitako eduki sexualak nahiz erotikoak jaso, ikusi edo gailuan gordetzea— 10 puntu jaitsi da, % 14raino. Sexting aktiboa, berriz —irudi, bideo edo testuak borondatez sortu, gorde eta bidaltzea—, % 6,2ra jaitsi da.

Ziberjazarpenak ere beherakada nabarmena eduki du. Datuek erakusten dute, haur eta nerabeen %21,4k jasan dutela eskola jazarpena, eta %6k ziberjazarpena; duela bortz urteko datuak %32,3 eta %19 ziren, hurrenez hurren. Bikote indarkeria digitala ere aztertu du ikerketak: bikotekidea duen edo noizbait izan duen lau nerabetik batek (%25,6) adierazi du indarkeria mota horren adierazpenen bat maiz jasan duela.

Bertzalde, sare sozialetan ezezagunen lagun-eskaerak onartzeko joerak ere beiti egin du, % 54tik % 33ra igarota. Halaber, arrisku handiko jardueren kopurua murriztu da adibidez, Internet bidez soilik ezagututako pertsonekin elkartzea (% 23,7tik % 14,3ra) eta helduen proposamen sexualak jasotzea (% 9,3tik % 7ra).

Gazteek kontzientzia handiagoa hartu dute euren denbora eta intimitatea babesteko beharraz, eta gero eta neke digital handiagoa dute. Gazteen %57k nabarmendu du deskonexiorako beharra duela. 

 

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Sare sozialak kanalean gehiago
2026ko apirilaren 22
Teknologia
Teknologia egokiagoak

2026ko otsailaren 25
Arrastoez

2026ko otsailaren 18
Teknologia
Nor da nor?

2026ko otsailaren 11
Teknologia
Migratzaile digitalak

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...