argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako 112 SOS deietako LAB
“112 deiei erantzuten diegun langileok ez dugu egiten herritarrak kontrolatzeko lanik”
  • LABek adierazi du "erabat faltsua" dela Nafarroako 112 SOS deiek droneen kontrol eta zelatatze lana egiten dutenik: "Ez dugu inoiz egin eta ez da gure zeregina".

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 20a

Maiatzaren hasieran Nafarroako Gobernuak jakitera eman zuen droneen bidez egingo zuela airetik herritarren kontrola, herritarrek deseskalatze fasean egiten zituzten arau hausteak detektatzeko. Zuzeneko bideo irudi hauek SOS deien Nafarroako egoitzara bideratzen dituela azaldu zuen.

Horren aurrean, adierazpen hau egin du Babes Zibileko LABeko atal sindikalak: "Ez dugu ulertzen zer lortu nahi den informazio faltsu hori zabaltzearekin". Babes Zibilerako Zerbitzuko eta Barne Zuzendaritza Nagusiko arduradunei eta Departamentuari eskatu die zuzenketa publikoa egitea, "aretoan lan egiten duten langile gehienen izenean, batez ere herritarrek argi izan dezaten zein diren 112 zerbitzuaren zereginak eta, hala, Europako larrialdi-zenbakia erabiltzeko tenorean okerrik izan ez dadin".

Nafarroako Gobernuak erantzunik eta zuzenketarik eman ez dienez, "herritarrei jakinarazi behar diegu 112 zenbakia larrialdietako arreta-zenbaki bat baino ez dela, eta dei horiei erantzuten diegun langileok ez dugula egin, ez dugula egiten eta ez dugula egingo herritarrak kontrolatzeko lanik".