argia.eus
INPRIMATU
11-13 makroepaiketako auzipetuen aldeko manifestua aurkeztu dute
  • Momentuz 150 pertsona ezagunen eta 2.000 herritarren atxikimendua jaso du Irtenbidera, etorkizuna askatu idatziak. Sinatzaileek epaiketa salatu eta irailaren 14ko manifestaziorako deia egiten dute.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 21a
Manifestuaren aurkezpena, sinatzaileetako batzuen presentziarekin. Argazkia: 11-13makroepaiketa.eus

47ak herrian ekimen herritarrak 11-13 sumarioko makroepaiketa salatzen duen manifestua aurkeztu du. Manifestuak hainbat arlotako pertsona ezagunen atxikimendua jaso du jada: Bernardo Atxaga, Itziar Aizpurua, Juan Jose Ibarretxe, Mikel San Jose, Garazi Murua, Saioa Iraola, Julio Villanueva, Hassana Aalia, Amelia Barquin, Mixel Berhokoirigoin, Alfredo Remires, Oihana Galardi edo Ines Osinaga dira sinatzaileetako batzuk, 150eko zerrenda osatu arte. Sareen bitartez ere zabaldu dute sinatzeko aukera, eta 2.000 herritar baino gehiagok eman dute atxikimendua bide horretatik.

Guztion erronka

47 auzipetuek 601 urteetako espetxe zigor eskariari egingo diote aurre. Manifestua epaiketaz kritiko mintzo da: "47 euskal herritar eta beraien jarduerak zigortu nahi ditu epaiketa honek, lehen bezala orain, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dagoela salatzen dugu".

Euskal jendarteak “aurrera” egin nahi duela dio manifestuak. Horretarako "iraganeko zauriak ixtea eta korapiloak askatzea” ezinbesteko lana litzateke, eta epaiketa kontrako norabidean doa. "Konponbideari begira dagoen herria da hau, aurrera egiten ari den herria, eta ez gaude prest atzera eraman nahi gaituen egoerarik onartzeko".

Etorkizuna eraikitzeko oinarriak "norbanakoen giza eskubideak, eskubide kolektiboak, elkartasuna, enpatia eta elkar bizitza" izan behar dute sinatzaileen iritziz. Bide horretan, epaiketa salatu eta irailaren 14an antolatu den manifestaziora deitu dute. "Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizunerako ate. Irten bidera. Askatu dezagun etorkizuna, guztion erronka da".

Epaiketa, uda ostean

Epaiketa irailaren 16an hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean, eta hiru hilabeteko iraupena aurreikusi du salbuespen epaitegiak. Auzipetuen artean Etxerat, Jaiki Hadi eta Herrira antolakundeetako kideak, presoen abokatuak eta EPPK bitartekaritza taldeko kideak daude.