016 zenbakira egindako deiak %120,8 igo ziren Espainiak Munduko Futbol Txapelketa irabazi ostean

  • Igoera hori igande gaueko 23:00etatik asteleheneko 07:00ak bitarte antzeman zuten. Partidaren ondorengo astelehenean, berriz, %21, 9 areagotu ziren deiak, aitzineko asteko egun berarekin alderatuta. NBE Emakumeak eta Unicef erakundeen kalkuluen arabera, kirol ekitaldi handietan larrialdi lineetara egiten diren deiak %30 igotzen dira.


2026ko uztailaren 24an - 11:57
Azken eguneraketa: 13:08
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Espainiako Estatuan indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituen 016 telefono zenbakira egindako deiak %120,8 igo ziren Espainiako selekzioak Munduko Futbol Txapelketa irabazi ostean, Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak jakitera eman duenez. Igoerarik handiena igande horretako 23:00etatik asteleheneko 07:00ak bitarte izan zela zehaztu du El País egunkariak

Egun osoko datuak kontuan hartuta, uztailaren 19an partida hasi baino lehen aitzineko igandeetan baino dei gutxiago izan ziren. Partidaren ostean, ordea, nabarmen igo zen kopurua. Astelehenean, berriz, egun osoko datuak kontuan hartuta, igoera % 21,9koa izan zen aitzineko asteko astelehenarekin alderatuta.

Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak herritarren eskura paratutako gainerako kanalei dagokienez, kontaktuak ugaritu egin ziren astelehenean: posta elektronikoak %1.000 egin zuen goiti, online txatak  %60 eta Whatsappak % 8,75.

Ikerketek berresten dute

Euskal Herrian ez da inoiz ikertu indarkeria matxistaren eta Munduko Futbol Txapelketaren arteko lotura; bertze herrialde batzuetan, ordea, bai. Batez ere AEBetan eta Erresuma Batuan urteak daramatzate horri buruzko ikerketak eta kanpainak bultzatzen. 

2014an, erraterako, iragarki bat sortu zuen Tender deituriko Erresuma Batuko genero indarkeriaren aurkako erakundeak. Bertan emakume bat ikus zitekeen, beldurrez, urte hartako Munduko Txapelketan Ingalaterrak jokatuko zuen partidaren emaitzaren zain. Iragarkiaren amaieran testu hau ageri zen: "Inork ez du nahi Ingalaterrak irabaz dezan emakumeek baino gehiago".

Urte hartako kanpaina Lancasterreko unibertsitateak egindako ikerketa batetik eratorri zen. Ikerketa horretan, Lancashire konderriko Poliziaren datuak aztertu zituzten, 2002ko 2006ko eta 2010eko Munduko Futbol Txapelketei dagozkienak. Emaitzak Ingalaterrako partidarik izan ez zen egunekin alderatu zituzten, eta ikerlariek ondorioztatu zuten genero indarkeria %38 hazi zela Ingalaterrako selekzioa txapelketatik kanporatu zutenean, eta %26 irabazi edo berdindu zuenean. Ingalaterrako partidu baten biharamunean ere kasuak igo egin ziren; %11, hain zuzen.

Aurtengo maiatzean, Munduko Futbol Txapelketa hasteko aste gutxiren faltan, berriz, NBE Emakumeak eta Unicefek Emakumeen aurkako indarkeria ez da jolasaren parte lelopean kanpaina bat abiatu zuten. Erakundeen kalkuluen arabera, kirol ekitaldi handietan larrialdi lineetara egiten diren deiak %30 igotzen dira.


Sexu Erasoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...