0-3 eta Hezkuntza Berezia, beroari aurre egiteko egokitze lanetan lehenak Nafarroan

  • Bero handiari aurre egiteko prestatzen hasiak dira gero eta azpiegitura gehiago, eta hezkuntzaren kasuan, ikastetxeak klimatizatzeko eta babesleku klimatikoen sarea osatzeko plangintza aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. Haurreskola eta Hezkuntza Bereziko azpiegituretatik hasi dira, ikasle horiek “muturreko fenomeno klimatikoen aurrean bereziki zaurgarriak” direla-eta.

Erripagañako (Iruñerria) Egunsenti haurreskola. Nafarroako Gobernua

2026ko uztailaren 21ean - 09:29
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Aurten, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan dauden eta udalen eskumena diren Hezkuntza Bereziko azpiegiturak dagoeneko klimatizatzen ari direla azpimarratu du foru gobernuak, baita Hezkuntza Departamentuarenak diren haurreskola guztiak eta Iruñeko eta Tuterako Hezkuntza Bereziko bi zentro publikoak ere. Datorren ikasturtean, Nafarroako Gobernuaren pean dauden Hezkuntza Bereziko ikasgelak klimatizatzeko tramiteak hasiko dituztela iragarri du.

Udal batzuk ere hasiak dira lan horretan. Ablitasen, esaterako, hozte-sistema ezarriko dute haurreskolan –herritarrek bozkatzen dituzten aurrekontu parte-hartzaileetan proposamenik bozkatuena izan da– eta Azkoienen ere gauza bera egingo dute, udalak premiazko prozeduraren bidez horretarako aurrekontua onartuta.

Hezkuntza eraikinei lotuta, handitzen ari diren zentroetan eta martxan jarriko dituen “obra garrantzitsuetan” ere, klimatizazioa ezarriko duela gehitu du Hezkuntza Departamentuak.

Babesleku klimatikoen sarea

Nafarroako Gobernuak iragarri du 2027tik aurrera babesleku klimatikoen sarea diseinatzen hasiko direla, espazio zabalenak klimatizatu eta hala behar izanez gero ikasle eta irakasleek bertan lan egin ahal izateko. Babesleku klimatikoak Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako hogei bat zentrotan ezarriko dituztela aurreikusi dute.

Horri lotuta, Erriberako hainbat ikastetxetan proiektu pilotu bat jarriko dute martxan, “konfort termikoa lortzeko aukera ezberdinak aztertzea” helburu.

Muturreko tenperaturak, arazo

Ikasturte bukaera gogorra izan da Euskal Herriko ikastetxe askotan, bero handiko ikasgeletan aritu behar izan baitute ikasle eta irakasleek. Maiatzeko bero-bolada goiztiarrak eragin zituen lehenengo protestak. ARGIAn kontatu genuenez, Bilboko Pagasarribide eskolako 4 urteko haur bat ospitalera eraman zuten, bero-kolpe baten ondorioz, eta Bizkaiko Guraso Elkarteak salatu zuen bero “jasanezina” eta azpiegiturak berritzeko beharra sare osoan zabalduta dagoen arazo orokorra dela.

Gero eta agerikoagoa dirudi, muturreko tenperaturen eta fenomeno klimatikoen aurrean, administrazioek neurriak hartu beharko dituztela.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...