Laguntza

Fitxa teknikoa
 
Titulua: JENDEA DANTZAN JARTZEA DA GURE MUSIKAREN ASMOA
Aurretitulua:
Egilea: Iker ALTUNA Data: 13-07-1997
Aldizkariaren zenbakia: 1633 Zein orrialdetan: 38-40 Luzera: 8661 karaktere

JENDEA DANTZAN JARTZEA DA GURE MUSIKAREN ASMOA

(r)Arratsa Barroka¯ izena ipini diote beren bigarren diska plazaratu berriari Iparraldeko talde honek. Donibane Lohitzuneko industrialdean duten lokalean aurkitu ditugu eta bigarren diska, jendearen usadioak eta Iparraldeko egoera izan ditugu mintzagai besteak beste.

Txakun izenarekin plazaratu duzuen bigarren diska da Arratsa Barroka hau. Zenbat aldatu da taldea urteotan?

Gauzak asko aldatu dira. Hastapenetik Txomin eta Paxkal bakarrik geratzen dira taldean. Duela zazpi urte sotu zen taldea guti gora behera, eta garai hartatik biak bakarrik geratu dira. Beste taldekide guztiak berriak dira. Zazpi Partaide gara orain. Diska horren ateratzeko duela zazpi hilabete hasi ginen lanean.

Musikalki zein motetako aldaketak jasan dituzue?

Diska honetan tekno soinuak sartu ditugu. Maite ditugu soinu hauek. Taldean inoiz ez da Txomin eta Paskalen musika egin. Betidanik Txakun talde bat izan da eta taldean sartzen zirenak beraien indarra jartzen zuten. Gitarrista sartu zenean Rock kutsuko musika ekarri zuen.. Azken diskan, erritmiko partean, perkusionista, baxua, teklatua eta bateriak Londresko musikaren eragina izan dugu. Asko entzuten dugu Londresen egiten den musika mota eta honek eragin nabarmena du gugan. Hiriburu horretan dagoen mobida oso interesgarraia da. (Etorkizuna CD-ROM gisara Txakun taldeak argitaratu berri duen hau nahiko berezia da. 11 kantu ditu, eta hamabigarren pistan CD-ROMa aurki dezakegu. CD Room-a pizten dugunean, musika erritmikoaz lagundurik, plater hegalari baten antzekoan aurkitu gara. Lehen agindua eman bezain pronto, plater hegalariko atea ireki da eta espazioa dugu begibistan. Berehala menua agertzen zaigu. Bi aukera posible ditugu: Txakun edo Lurra izena duten lehiatiletako batean sar gaitezke.Rock talde honen nondik norakoak jakin nahi ditugunez, Txakun izenekoan sartzea izango da egokiena).

Nola definituko zenuke egiten duzuen musika?

Reggae, tekno eta doubt saltsa bat. Baina benetan ezin da erran zer den. Diska entzun behar da eta bakoitzak atzematen du behar eta nahi duena.

Grabaketa egiten zortzi aste pasa zenituzten. Nolakoa izan da grabaketa?

Bi estudiotan eta hiru teknikarirekin egin dugu diska. Lehenik, IZ-k Amasan duen estudioan aste betez izan ginen. Han Jokin Garmendia eta Jaxinto Rodriguezek egin zituzten soinu hartzeak. IZ-n erritmika bakarrik grabatu genuen, hau da, gitarra, baxu eta bateria. Istrumentu guztiak batera grabatu genituen, zuzenean izango balitz bezala. Kana geihago ukaiteko egin dugu hau. Ondoren guztia ordenagailu batean kopiatu eta gure estudioan beste ordenagailu batekin perkusioak egin ditugu. Sei aste pasa ditugu hemen. Koruak, kobreak, tronpetak saxoa... sartzen aritu gara. Moldaketa guztiak eginak ziren aldez aurretik, baina gauzak ondo egiteko denbora hartu dugu. Azkenik IZ-ra joan gara eta ahots nagusia sartu dugu. Prozesuari amaiera emateko Kaki Arkarazok aste oso batez nahasketak egin ditu. Zailtasun handienak, bi estudioak teknikoki sinkronizatzerakoan izan ditugu. Teknika aldetik oso interesgarria izan da. Ez genuen inoiz horrelako gauzarik egin eta asko ikasi dugu. Artistikoki ez dugu zailtasun gehiegi izan.

Soinuak aldez aurretik hautatu dituzue ala momentuan aukeratu?

Kakik bere gauzak egin ditu, baina soinuak aski naturalak utzi dituela uste dugu. Guti gora behera, bakoitzak berak nahi duen soinua lortu eta aportatu du. Zer eta nola grabatu bagenekien eta Kakik garbiketa lana egin du. Hosto zuri bat utzi diogu berak bete ahal izateko: gure soinuarekin nahi zuena egiteko libre zen. Grabaketak egiterakoan, partaide bakoitzak bere musika tresnan sakondu nahi izaten du. Gure kasuan, kasik ez gara estudioetan agertu. Ez dago inoren aldetik protagonismo handirik. Talde musika da eta hori oso argi genuen. Zuzenean ez da horrela izaten.

Konponketak estudioan egin dituzue edo gauzak aldez aurretik argi eta garbi zenituzten?

Konponketa tekniko ugari egin ditugu grabatzerakoan. Zuzeneko irudi bat eman nahi izan zaio, baina hori gauza teknikoa da. Erritmika zuzenean grabatzea oso garrantzitsua da. Hau da, gitarrak bere lana egiteko askoz errazagoa da bateria ikusten badu, kaskoen bitartez entzuten badu baino. Horretarako IZ-ko Amasako estudioa oso egokia da. Ondoren moldaketa ugari egin ditugu. Zazpi hilabete pasa genituen kantuak konposatzeko. Lehen lau hilabeteetan erritmika bakarrik jorratzen da eta oso denbora gutxi geratzen da perkusio eta ahotsak lantzeko. Partitura ugari estudioan bertan egin ditugu, azken tokeak batez ere. (CD-ROM barruan sartuta, beste lau aukera ditugu begibistan. `Historia' izenekoa hautatu dut. Lehiatila honetan sartu ezkero, arestian aipatu plater hegalariaren irekitako atean, 6 CD ren azalak agertzen zaizkigu etengabeko dantzan. `Bat Txakun' izenekoa da eta taldearen historia eta xehetasunak kontatzen zaizkigu. `Mila sorgin bide bazterrean'. Taldearen lehen diskaren inguruko xehetasunak ikus ditzakegu lehiatila honetan sartuta. Disko hau grabatzerako, taldeak hamaika aldaketa jasanak zituen eta honen inguruko datuak ere geure pantailan azaltzen dira. Lau Behi talde donostiarrarekin diska bat grabatu zuten pasa den urtean. Honek ere bere lehiatilatxoa du, taldeak horren xehetasunekin. Datu guztien berri, offean grabaturiko ahots batek eman digu. Euskal Herrian Euskaraz taldeak grabaturiko diskan edo Intsumituen alde egindako beste batean ere Txakunek parte hartu zuen. Hurrengo bi lehiatiletan, disko horien inguruko datu gehiago, baina idatziz. Azken diskaren azala, `Euskaraokea' da. Lehiatila hau sakatu dugunean, lehergailu bat azaldu da eta pantaila guztia txikitu. Orijinala).

Zer bilatzen duzue jendearengan zuen musikarekin?

Gure disko guztietan (r)Zapatak¯ hitza errepikatzen da. (r)Zapatak ari ziren dantzan¯. Jendea dantzaraztea da gure asmoa. Euskal Herrian ez dago dantzatzeko kulturarik. Hemen ez dago dantza horizontalik, dantza bertikala da nagusi. Zauden lekuan salto egitea oso erraza da. Iparraldean jendeak bikote dantzak egiten badakizki. Badu zangoen intelijentzia bat, badaki zangoekin zer egin. Baina musika ezberdinekin ez dakite gorputza mugitzen. Jendeak ez du bere nortasuna besteen aurrean agertzen. Lurralde behartsuetan ez da horrelakorik gertatzen: beraien gorputza mugitzeko ez dute inolako lotsarik.

CD-ROMa ere sartu duzue. Zergatik?

Tokia zegoelako. 200 Mega geratzen ziren. Bixente eta Paxkalek Begi multimedian egiten dute lan eta medioak bagenituenez, aukera hau jorratzea erabaki genuen. Gauzak etortzen ziren bezalaxe egin ditugu, aurreikuspegirik gabe. Bixentek egin ditu bideo muntai guztiak eta bere zigilu pertsonala utzi du.

CD-ROM hau Babilonia txiki bat da. Hizkuntza ezberdinak agertzen zaizkigu nahasirik.

Erran dugunez, Bixentek egin du CD-ROMaren zati nagusiena eta berak hitz gutxi batzuk besterik ez ditu menperatzen euskaraz. Gure helburua hemendik kanpo jotzea ere bada eta bistan da ordenagailua oso jende gutxik duela. Hauetatik are gutxiagok daki euskaraz. Multimedia komunikatzeko bide garrantzitsua da eta hizkuntza ezberdinak jorratzea oso garrantzitsutzat jo dugu. (Txakun izeneko leiho orokorrera itzuli gara berriro eta beste bide bat hartzeko prest gaude. Hitzak izeneko leihatilan barna sartu gara. Bertan CDko abesti guztien hitzak agertu dira. Guztira 11 kantu. Beste aukera bat Musika tresnak izenekoa da. Bertan, Euskal Herriko musika tresna ezberdinen inguruko irudi eta soinu muntaia ikus daiteke. Txalaparta, dobera, alboka, trikitixa, txistua, dultzaina... Azken leihatila Gu izenekoa da. Bertan, Taldeko partaide bakoitzak bere izena eta aurpegiarekin txoko propioa du. Hauetan gauza bereziak ikus daitezke: Ertzainak tiro egiten, Txominek Bob Marleyekin txikitan ateratako argazkiaren muntaia... Bakoitzak bere toke pertsonala ematen dio dagokion lehiatilari.Berriro menu nagusira itzulita, Mundua izeneko aukera hautatu dugu. 3 aukera ezberdin planteiatzen zaizkigu. Lehenik Maite Zaituztegu izena duenean murgildu gara. Beraien disketan nolabaiteko laguntza eman dieten guztiei eskerrak emateko parada izan dute leihatila honetan. `Horixe da mundua' izeneko aukeran, hizkuntza eta irudi ezberdinekin eginiko collage bat aurki daiteke. Minutu t'erdiko muntai honetan munduaren ikuspegi berezi bat azaltzen zaigu. Ironiaz betea, haizkorakaden bidez eginiko kritika zorrotza da. Azken leihatila ZTK izenekoa da. Zigilu honekin beren lanak argitaratu dituzten talde ezberdinen inguruko xehetasunak ematen zaizkigu. Amaitu da gure bidaia. Irteerako agindua eman bezain pronto, plater hegalariaren ateak itxi egin dira. Jadanik kanpoan gaude)

IKER ALTUNA

Laguntza