|
||
Titulua: AURREZTEN HASIKO NAIZ, DISKO BERRI BAT EGITEKO | ||
Aurretitulua: | ||
Egilea: Patxi SARRIEGI | Data: 28-09-1997 | |
Aldizkariaren zenbakia: 1640 | Zein orrialdetan: 32-33 | Luzera: 6074 karaktere |
Hamasei kantu argitaratu dituzu "Sei kolore: xuria" zure lehenengo disko berrian; nolakoak direla esan zenezake?
Era askotakoak, bakoitzak bere istoriotxoa gordetzen du. Estiloa definitu gabekoa da: balsak, baladak, haur kantuak... denetarik sartu nahi izan dut. Esate baterako, "Gaixo Manex", autobiografikoa da. Ez du kantari bezala bere burua serioegi hartzen eta gutxirekin konformatzen da. Edota "Larraitzen hiru txokoak", didaktikoagoa, haur jolasa deskribatzen duen halako gauza sinple batekin alaitasuna bilatzen duen kantua da. "Gure liburuxka"k irakurketara bultzatu nahi duen kantua da. Azken batean, "Sei kolore: xuria" honetan inuzentzia landu dut bereziki, eta kantu bat egitea ez dela zaila frogatu ere bai. Agian gaia bilatzea eta hitz egokiak eranstea zailagoa da, bere erritmo egokia bilatuz; horrek edertzen du benetan kantua
Beste musikari ezagunen laguntzarik izan al duzu diskoa ekoizterakoan?
Mikel Garikoitz eta Maltzeta trikitilariekin baxujole lanetan ibili ohi den Laurent Feriol hendaiarra, edota Sustraia rock taldearekin eskusoinu eta pianojole lanetan ere dabilen Kandi Fernandez.
Noiztik hasi zinen kantu munduarekiko halako lotura serioarekin lanean?
Aspaldian berbena talde batean teknikari lanean ibili nintzen, baina orain dela hamabi urtetik bereziki gitarra dut lanbide. Kantatzen azkeneko bospasei urteotan, 1992ko Euskal Kantu Txapelketan parte hartu nuenetik batez ere.
Azkenaldi honetan, diskoa argitaratzearekin batera zertan ari zara lanean, disko promozioari begira?
Badago bereziki atsegin dudan lana. Hendaiako ikastolan egun erdiz lan egiten dudalarik, arratsaldez musikari ekiteko parada izaten dut. Esate baterako, azkenaldi honetan maiatza eta ekaina artean mugaz bi aldeetako hogei ikastoletan eman ditut musika saioak, kantuak nola sor daitezkeen erakusten diet eta baita disko berriaren kantuak ere kantatu ditut. Zenbaitetan giro polita sortu ohi da gazteekin, oso esperientzia aberasgarria izaiten da; benetan atsegin dudan langintza da, eta gazteak kantuak sortzea ez dela batere zaila ohartzen dira.
Nola sortu zitzaizun zure kabuz diskoa argitaratzeko egokiera?
Ehun bat kantu nituen eta sail desberdinetan sailkatu nituen, beraien artean hari bat bilatu, eta banekien modu horretara aukera gutxi nituela disketxeetan onartua izateko.
Disketxe baten bidez argitaratzeko zer behar zenuen?
Komertzialagoa izan, plazatan gehiago kantatzea, gehiago ezagutua izatea agian! Merkatu kontua da, ezbairik gabe. Batez ere, hitzei garrantzi handia ematen diezularik, aski ezaguna izan behar da. Banekien mailegu bat eskatuta bakarrik egin nezakeela eta horretara abiatu nintzen.
Zerorrek argitaratzea, diru aldetik asko kostatu al zaizu?
Dudan lanbideari esker mailegua eskatu, diskoa ekoiz nezakeela ikusi eta aurrera egitea erabaki nuen. Berrogeita hamar mila libera eskatu nuen bankuan (milioi eta berrehun eta berrogeita hamar mila pezeta inguru), eta horrek mila ale argitaratzeko aukera ematen zidan.
Nola joan dira hilabete hauetako salmentak?
Ia erdia saldu dut, eta hemendik aurrera aurrezten hasiko naizela uste dut aurrerago beste disko berri bat argitaratu ahal izateko. Agian urte baten buruan "Sei kolore: gorria" kaleratu ahal izango dut; horretan, borroka, jaia eta pasioa bereziki landu nahi ditut.
Nahiago zenuke disketxe baten laguntzaz argitaratu izan bazenu?
Ohartu naiz diskoa argitaratzea lan gaitza dela. Disketxeren baten proposamenik jasoko banu gustora emanen nioke paketa. Egia erran, ez dut uste horrelako eskaintzarik izango dudanik. Bide komertzialetik joan gabe nekez sal daiteke; disketxe bat bostehun edo mila ale saltzearekin ez da konformatuko, lau edo bost mila gutxienez saldu behar ditu dirua ateratzeko. Ni bakarrik izanik, errazago estaltzen dut mailegua, eta irabazi batzuk izanez gero ondo etorriko zaizkit hurrengo diskoa argitaratu ahal izateko. Planteamendua, ezbairik gabe, bestelakoa da.
Banatzaileen arazoa nola bideratu duzu?
Bitarte eta Zabaltzenen bidez ari da diskoa zabaltzen, eta lehenengo hilabeteetan ia oharkabean pasatu baldin bada ere, gero eta gehiago entzuten eta saltzen ari da; agian, euskal irratietan ere gero eta gehiago entzuten delako.
Kantaldi nahikorik ba al da euskal bakarlarientzat?
Aukera gutxi dira bakarlarientzat. Ekoizpenean ehuneko laurogeita hamarra rocka da, eta besteontzat ez da tokirik. Aldiz, estatu frantziar eta espainiarrean ere, alderantziz gertatzen da; bakarlariek askoz gehiago saltzen eta kantatzen dute, Frantzian batez ere.Nere ustez, euskal bakarlariek arrakasta handiagoa izan dezaten kantaldi gehiago eskaini behar zaizkie, gau-beilak esate baterako. Halako kantaldiak modu goxo batean eskaini behar zaizkie bakarlariei, behar diren baldintzetan. Horrek asko eragingo luke bakar batzuez gain, beste bakarlari berriak ere ezagunagoak izan daitezen.
Eta zure aldetik horretarako nolahalako iniziatibarik hartu al duzu?
Besteak beste, Euskal Herriko Kultur Etxeetara ehun eskutitz igorri ditut, eta erantzun bakar bat ere ez dut ukan orain arte, ezta kuriositatez ere. Hori da penagarria, mila libera (hogeita bost mila pezeta) ere ez izaitea kantaldia antolatzeko! Baina negar egiteak ez du deus aldatzen, lanean jarraitu behar da. Kantarien lana kantuak sortzea da, horretan nabil noizbait egoera aldatuko den itxaropenarekin.
Hendaiarra izanik, Hegoaldean ala Iparraldean, non zara ezagunagoa?
Hegoaldeak gehiago begiratu beharko lioke Iparraldeko musikari. Nere ustez, penagarria da Hegoaldeak zein kasu gutxi egiten digun Iparraldeko kantarioi. Askotan, gure ikuspegi nazionala, zorigaitzez, Iparraldearekiko oso murritza gertatzen da
PATXI SARRIEGI