Laguntza

Fitxa teknikoa
 
Titulua: EZ NAIZ IDAZLE EDO POLITIKO SENTITZEN, BASOZAIN BAIZIK
Aurretitulua:
Egilea: Nagore IRAZUSTABARRENA Data: 19-10-1997
Aldizkariaren zenbakia: 1643 Zein orrialdetan: 34-35 Luzera: 5882karaktere

EZ NAIZ IDAZLE EDO POLITIKO SENTITZEN, BASOZAIN BAIZIK

Antxon Gomez gasteiztarra baszain izan da Pagoetan azken hamaika urteetan. Gainera, ANVko idazkari nagusia ere bada. Oraingoan, ordea, bere idazle alderdia aurkeztu berri du Susak argitaraturiko "Abere madarikatuak" bestiarioarekin.

Orain arte, ANVko idazkari nagusia izanik politikaren munduan zinen ezaguna. Lanbidez, aldiz, basozaina zara. Zeintzu dira literaturarekiko dituzun loturak?

Txikitatik liburu piloa izan dut eskura. Nire birraitonak, aitonak, aitak eta nik neuk bildutako liburu piloa izan dut beti etxean. Badago etxean libururik ia ikusi ez duen jenderik eta nik horretan zorte handia izan dut. Gurean liburuek protagonismo handia izan dute beti eta horrek markatu egiten du, irakurtzeko askatasuna eta ohitura ematen baitu.Irakurketatik idazketara, ordea, salto handia dago. Baina zer edo zer esateko nuela pentsatu nuenean, orduan hasi nintzen idazten. Ideiarik ez dutela esan ohi dute idazle batzuk. Nire arazoa, idazle profesionala ez naizenez, denbora da: ezin dut egun osoa idazten pasa. Baina ideiak ez zaizkit falta, badut zer esatekoa eta proiektu berriak martxan jarri ditut dagoeneko.

Zer zenuen esateko ipuinok idatzi zenituenean?

Animalien mundua ezagutzen dut eta horren inguruan idatzi dut. Hiru puntu isladatu nahi izan ditut liburuan. Alde batetik, animalia basatien mundua. Bestetik, animalia hauek gizakiarekin duten harremana: azken finean, harreman hau da liburuaren ardatza. Eta azkenik mitologia ikutu bat ere eman diet ipuinei. Euskal Mitologia bereziki erakartzen nauen gai bat da eta, gainera, naturarekiko lotura haundia du. Bi elementuak uztartzea proiektu polita izan zitekeela iruditu zitzaidan.

"Abere madarikatuak" bestiario honetan agertzen diren animalien aukeraketa nola egin duzu?

Otsoa azaltzea ezinbestekoa zen horrelako liburu batean, bera baita animalia patarietan patariena. Hartza ere horregatik aukeratu nuen. Gepardoei dagokienez, bada susmoa garai batean Euskal Herrian basoratutako gepardoak egon ote ziren eta ipuinak uste honi erantzun literarioa ematen dio. Igarabak, berriz, ikutu bihurria erantsi dio liburuari. Azkonarrak garrantzi handia izan du euskal mitologian, baina, badirudi gaur egun ahaztu egin dela. Animalia hauek guztiak Euskal Herria eta bere mitologiarekin dute lotura. Irlandako itsas-txakurra ere azaltzen da eta nik animalia honekin lotura ia-ia afektiboa dudala esango nuke, Irlandan egona bait naiz eta sarritan ikusi baititut itsas-txakurrak hango kostaldean. Itsas-txakurrak garrantzi handia du Irlandako mitologian, gainontzekoek Euskal Herrikoan izan duten moduan.

Animaliok ez dituzu humanizatu, sarritan egin ohi den bezala. Nola esplikatuko zenuke animaliei eskaini diezun tratamendua?

Euskal Herrian gutxi idatzi da animalietaz eta are gutxiago animalia basatietaz. Gainera, orokorrean, animalien gaia ukitzen denean bi joera nagusi daude. Bata, National Geographic-en moduan, dokumentalak egitea da, animalien inguruko azterketa zientifikoa, eta nik literatura egin nahi nuen. Bestea, irakurlearen arreta pizteko, animalia humanizatzea, karikatura bat egitea, Disney-k egiten duen bezala. Interes hori pizteko nik animaliaren izaera mantendu eta gizakiarekiko harremanak azaldu ditut, harreman gatazkatsuak. Gizakiak zenbait animalia zergatik madarikatu dituen eta horrek zer ondorio izan dituen agertzen saiatu naiz.

Gizakia, zure bestiario honetan, Manex Imiruri izeneko pertsonaia da. Ba al du zerikusirik, kasu honetan, pertsonaiak egilearekin?

Joera handia dago liburuko pertsonaia nagusia egilea bera dela esateko, bereziki bien izaeraren artean alderdi bat edo bestean kointzidentziarik baldin badago. Baina hori ez da horrela kasu honetan. Nik ez dut zerikusirik pertsonaia horrekin.

Lotura horiek alde batera utzi eta ipuinak, formari dagokionez, euren artean oso ezberdinak dira. Zer dela eta?

Ez nituen ipuin beraren fotokopiak idatzi nahi. Esfortzu handia egin dut ipuin bakoitzean irakurleak errealitate ezberdinekin batekin topo egin dezan. Animalia ezberdinak, egoera ezberdinak eta gizakiarekiko harreman ezberdinak azaldu nahi izan ditut.

Zer iritzi duzu orain arte irakurle bezala ikusi duzun euskal literaturaz?

Euskal literaturan, azken bi urteetan, aldaketa garrantzitsuak eman dira. Garai batean, produkzio txikia zegoen eta produzitzen zen gehiena irakurtzeko gai ginen. Gaur egun produkzioa igo egin da eta argitalpenetan irakurleok aukera bat egiten dugu. Produktuak ez dira gehiago militantismoz irakurtzen, interesaren eta gustoaren arabera baizik. Zentzu horretan normalizazio bat gertatu da. Beste alde batetik gaur egun dagoen kezka, produkzioaren eta irakurle kopuruaren arteko desoreka da.

Eraginik izango al du idazle jarduerak orain dituzun gainontzeko arduretan?

Liburu bat idatzi dut, hala ere, horregatik ez dut nire burua idazle kontsideratzen. Aurrerantzean asmoa dut idazten jarraitzeko baina neure burua basozain bezala ikusten dut, abere madarikatuak zaintzen, eta ez idazle edo politiko bezala.

Egingo al zenuke euskal politikarien bestiarioa?

Elorrieta, adibidez, hontza dela esango nuke, denbora asko ematen duelako gauzak aztertzen eta erabaki zuhurrak hartzen dituelako. Atutxak definizio bakarra du: liburuan agertzen diren txakur horzkari horietako bat da, abere madarikatuen atzetik besteen aginduz ibiltzen direnetakoa. Arzalluz, adarrak higatzen hasi zaizkion orein zaharra, gazteei tokia egin eta basora erretiratzen ez dakiena. Setien, aldiz, sagu-zaharra, beti ilunean. Urralburu aingira izango litzateke, ur zikinetan bizitzeko gai den arrain gutxienetarikoa. Iparraldera joaz, Nicole Pery beti kattagorria iruditu zait, kabian bere gauzatxoak gordetzen dituena neguari begira. Patxi Zabaleta, azkenik, azerietan azeriena.

NAGORE IRAZUSTABARRENA

Laguntza