Laguntza

Fitxa teknikoa
 
Titulua: KONPROMEZUZ EGIN ETA ERAKUTSI BEHAR DA ARTEA
Aurretitulua:
Egilea: Aloña SORALUZE - Nagore IRAZUSTABARRENA Data: 12-10-1997
Aldizkariaren zenbakia: 1621 Zein orrialdetan: 34-35 Luzera: 5641 karaktere

KONPROMEZUZ EGIN ETA ERAKUTSI BEHAR DA ARTEA

Inaki Arzoz eta Andoni Alonso buru izan dituen lan-taldeak, "Hau artea bada..." izeneko liburu bi prestatu ditu arte modernoa publiko zabal bati ezagutarazteko. Artearekiko ikuspegi kritikoa azaltzen dute, gaur egungo euskal artearekiko bereziki.

Arte modernoaz idaztea aukeratu duzue kaleratu berri diren bi liburu hauetan. Zer du erakargarri arte modernoak beste edozein garaiko arteak ez duenik?

Ez da erakagarritasun kontua, behar kontua baizik. Artean interesaturik dagoen edonork abiapuntua gaur egungo artean izan behar du eta hortik aurrera beste arte mota batzuk ezagutu ditzake. Gainera, euskaraz eta edonori iristeko moduko arte modernoari buruzko testu gutxi dugu. Gure hiztegi honekin, arte modernoaren mundua ezagutu nahi duenari sarrera bat eskaini nahi izan diogu.& Jende askok, ordea, arte modernoa artea denik ukatzen du. Hala da eta gu ikuspegi hori aldatzen saiatu gara. Ikuspuntu elitista baztertzen duen artearen ulermena eskaintzea izan dugu helburu, formazio estetikoa jasotzeko aukerarik izan ez dutenen gustua mesprezatu gabe. Arte modernoa ulertzera iristeko bidea ematen saiatu gara eta, modu horretan, publikoak "hau ez da artea" eta antzeko esaldiak esateari utz diezaion nahi dugu.

Liburua hiztegi moduan egituratu duzue. Zein irizpide erabili duzue kontzeptuak aukeratzeko orduan?

Mugimenduak, artistak, lan garrantzitsuak... biltzen saiatu gara, beti ere, espazioaren mugak kontutan harturik. Arte modernoaren teorian funtsezko kontzeptu batzuk ere erantsi dizkiogu hiztegiari. Ikuspuntu kritiko, ironiko eta umoretsuz azaldu ditugu kontzeptuok, irakurleari gozoago gerta dakizkion.

Ez da, beraz, hiztegi objetiboa.

Ez dugu historialariaren ikuspuntua eman nahi izan. Horregatik, datu zehatzak ezabatzen saiatu gara. Pertsona batek, ez du zertan arte modernoaren historia ezagutu behar, arte modernoa ezagutzeko.

Artearekiko militantzia eta konpromezua aipatzen dituzue liburuan. Gaur egun ez al dute kontzeptu horiek baliorik galdu artearen munduan?

Termino horien aukeraketa zentzu probokatiboz egin dugu. Gaur egungo artearen diskurtsoa eszeptikoa da eta gizartetik urrundu da. Arteak gizartearekin, herriarekin, bizitzarekin lotura bat mantendu behar du. Jendearentzako artea ez bada, guretzat ez du zentzurik. Guk artearen ikuspegi kritiko bat dugu; guretzat artea ez da luxuzko artisautza. Konpromezuz egin eta erakutsi behar da artea.

Oteizak artearen heriotza iragarri du. "Gure Artea" bezalako lehiaketek ere ez dute, zuen esanetan, esperantza gehiegirik eskaintzen.

Arte garaikidearen ikuspegi ezezkorra dugu orokorrean, eta, bereziki, euskal arteari begiratzen badiogu. Euskal Herrian, Oteiza eta beste hainbat artistekin, abangoardia garrantzitsua izan genuen. Baina gaur egun, abangoardia horretatik aldendu egin gara erabat. Gipuzkoako artista gazteek egiten dutena, Nafarroako, Bostoneko edo beste edozein tokitako artista gazteek egiten duten berbera da. Identitate, konpromezu eta gizartearekiko loturarik gabeko Macdonalds artea egiten dute, eta hori ez da guri interesatzen zaigun artea. Horregatik, besteak beste, Oteizaren irudiaren bitartez, gure tradizio abangoardistaren bereskurapena aldarrikatzen dugu. Baina ez da bakarrik artisten kontua; artea lan kolektiboa da: aristek, kritikoek, historiagileek eta publikoak egiten dute eta konpromezua denok hartu behar dugu.

Non kokatuko zenukete Picassoren Guernica?

Alde batetik, gogoratu behar dugu Guernicaren kistcha hor dagoela. Guernicaren erreprodukzioak toki guztietan egon dira. Etxeetako egongelatan egon da zintzilik, eta bainuko toailetan ere aurkitu dezakegu. Koadroaren orijinala Gernikan kokatuko genuke inolako zalantzarik gabe. Kokapen horrek koadroak dagoeneko daukan sinbolismoa areagotuko luke. Orain eztabaidatzen ari den kontua Guggenheimera ekarri edo Reina Sofian uztearen inguruan dabil. Bilboko Guggenheim museora ekartzea marketing operazio bat besterik ez zaigu iruditzen. Bilbora badator ongi-etorria izango da. Baina, susmoa dugu ez ote duten denboraldi baterako bakarrik ekarriko, eta horrek lehen aipaturikoa baieztatuko luke: museo berriari falta zaion bizitza emateko operazio bat izango da.

Guggenheim aipatu duzunez, ze iritzi duzue proiektu hontaz?

Guggenheim Bilbaori buruzko gure iritzia oso kritikoa da, bai proiektu kultural bezala eta bai eraikuntzari begira. Ez dugu eraikuntzaren kalitatea ukatzen, baina Euskal Heriko ezaugarri kulturalak kontutan hartuz, sekulako bonba iruditzen zaigu. Beste egitasmo kultural beharrezkoagoetara bideratu beharreko dirulaguntzak irensteaz gain, bereziki guk kritikatzen dugun arte paradigma ekarriko digu. Euskal artearen muinean kalitaterik ere ez daukan arte internazionala sartuko digute. Museoak abangoardia amerikarren saldoak erakusten dituen bitartean, euskal arteak baimena eskatu beharko du txoko baztertu bat lortzeko. Horrelako museo handi bat egitekotan, Gehryren eraikuntzarekin edo gabe, Euskal Arte Modernoaren Museoa beharko luke izan. Ziur aski, Guggenheimera erakusketa interesgarriak ekarriko dituzte. Baina hori ez da kontua. Gure kultura berreraikitzen ari garen une honetan, bestelako museoa behar genuen.

Nola dakusazu etorkizuneko artea?

Arte garaikidearen diskurtsoa pesimismoz betea dago gaur egun. Baina, horregatik, guk ez dugu zertan pesimista izan beharrik. Alderdi onak garatu behar ditugu. Arteak gazteei eginiko dei bat izan nahi du liburuak, berezko identitatea izango duen abangoardia artea berreskuratu behar baitugu

ALOÑA SORALUZE NAGORE IRAZUSTABARRENA

Laguntza