Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

MusikaSailak



Blackout pasiegoa

berdrola argindar enpresak Joseba Irazoki kantu egileari zor diona ordaintzen ez duen bitartean kantuak grabatzeak ez du ekonomikoki mereziko, Internetek suntsitu duelako diskogintza, baita prentsa idatzia ere, eta laster liburugintza. Baina sarea da euskarrietan euskarria eta neu ez naiz batere fetixista: kantuak sarean entzuten ditut baita diskoa eskura dudanean ere. Azken muda- dantzan berrehundik konpakt joango ziren zakarrontzira, ez naizelako ez konpaktuez ez liburuez gainezka diren apalei begira orgasmotzen hasten direnetakoa, pasiegoen antzera etxolaz etxola mutatis mutandis bizi naizelako eta Manchesterren erositako The Smiths-en binilo ez ohikoek baino ez zuten bizia salbatu, nahiz bakarrik azaletako argazkiengatik, a ze lan nekeza tximeletak bailiran orratzez pintxatzea entomologoek ez diote eutsiko diskogintzari.

Bere musika sarean manifestatzen den agerraldi bakoitzaren truke... noiz hasi behar du kobratzen Irazokik? Neu ez nago prest gehiagorik ordaintzeko, sentitzen dut, Joseba, honezkero asko ordaintzen dudalako: Irazokiri ailegatu beharko litzaioke argindarraren truke Iberdrolari ordaintzen diodanaren zati proportzionala; konexionaren truke Moviestarri ordaintzen diodanaren zatia; Josebaren kantuak izaten diren Youtube eta Spotify bezalako guneetatik publizitatearen parte korrespondientea. Erraza da esaten, ia ezinezkoa dirudi sistematizatzeko, baina gertatu ezean ekoizpen profesionalak amaituko dira eta hobbiten munduan biziko gara; barkatu, hobbyen esan nahi nuen; nahiz esan nezakeen zonbien... a zer nolako kontzertu zirkuituak antolatzen ari diren gurean diskoak saltzen ez direlako. Gu gira, diote. Barkatu, baina gu-bira antolatzen da ez garelako, eta harrigarria da zenbait gazte talentudun ikustea nekrofilia ekitaldi ezin afrusagoetan, adierazten duten azkena garenaren indar irudia delarik, euskararen onbeharrez futbol zelaiak betetzen zirenean bezala –aitor dut hamaikakotik erori nintzela– gu euskaraz zu zergatik ez milurte berrian abesten jarraitzeko.

Aurkikuntza deserosoez betetzen doakizu bizitza urteek aurrera egin ahala; underground kanturik ilunena eta horterada komertzialik distiratsuena txanpon beraren bi aldeak izan daitezkeela kultur biziraupenerako: anekdotak, beraz-eta ekin beharko diogu mainstream eremu joria behingoz konkistatzeari, bertan baino ez direlako fruituak heltzen, heldutasunera ailegatzen, honezkero adina badugu-eta, baita talentua ere, Josebarengandik hasita soberan, nahiz Rafa Rueda izan ondoen kokaturik ikusten dudana, artista bati talentua eta nortasun propioa eta exijentzia estetikoa alboratzerik ez diolako inolaz eskatzen mainstream-ak, baizik eta kontrakoa: ailegatuko da, Ordorika bezala, hori guztia biltzen dakiena, ezen ez autokonplazentzian laketzen dena, izan nekrofilikoa izan teenager izan underground, azken hau ez delako oximoron bat eta horixe existitzen dela –autokonplazentzia– underground eremuan, horregatik iruditu zait txalogarria tokaioren azkena, sexismo leporaketaren auzian sartuko ez banaiz ere, beste behin Fermin Muguruza saiatu delako eremu lauak estaltzen fantasia batetik abiatuta, aurretik egin zuen bezala produktu batek behar dituen baliabideak Afrika kantariari jarri zizkionean eskura, baina badirudi, Joe Jackson-ek kantatu bezala, badela diferentea nekeentzat, mutilak baino ez direlako Moskutik mainstream-era ailegatzen eta herri bakoitzak badu merezi duen mainstream-a: Esne Beltza... era berean harrigarri samarra suerta daitekeen arren –NiriGertatuZait– Mumford and Sons ingeles talde parekagarriaren disko berria erdi negarrez entzutea bai semea, azken batean umea delako, bai eta semearen zaharra, hain zuzen kontrako arrazoiengatik, ala –nondik begiratzen zaion txanponari– arrazoi berberagatik, bertan datza-eta mainstream izatea: diferenteei gustatuko zaiela, eta hau ezinbestekoa da kultur biziraupenerako, baina garbi dago honelako artistarik ez dela aurrerantzean sortuko musikaren erreziboa ordaindu gabe jarraituz gero gure Iberdrolak.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan