Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

KulturgintzaSailak



Kultura? Niri bost

Titular hori daukan artikulu bat irakurri dut Arabako Noticiasen sarrera hau idaztera eseri naizen egunean. Ezkortasuna eta ezinegona aipatzen ditu eta bi kasu nabarmentzen: Artium museoan Enplegu Erregulaziorako Txostena aurkeztu dutela eta Gasteizko Udalak artaziak pasa ondoren, Montehermoso kulturguneko eraikina alokairuan jarri dutela –itxi ez, “berrasmatu” egin ei dute arazo kulturalez arduratzen den Encina Serrano zinegotziak dioenez; eta nik diot baietz, garaje asko ari naizela ikusten azkenaldian “berrasmagarri” daudela dioten kartelekin–.

Ez dira kasu isolatuak: Amarika proiektua bertan behera utzi zuen Aldundiak 2011n. Krea ere zintzilik geratu da, aurretik 18 milioi euro xahututa, hori bai. Periscopio argazki jaialdiaz akordatzen? Ni ere ez. Eta zerrenda luza liteke, luzatuko da artikulu hau irakurleen eskuetara iristen denerako, baina ideia argi dago: “Kultura? Niri bost” esan dute Arabako agintariek eta kultur azpiegitura publiko asko laharren bazkaritarako utzi dituzte.

“Erakundeak urteetan errepikatu duten akats berean ari dira erortzen: ez dute desberdintzen kultur politika edukitzearen eta urtero euren aurrekontuetako zati bat kultura sailei eskaintzearen artean”, dio Carlos González kazetariak, aipatutako artikuluan.

Hala da Araban eta hala da Euskal Herri (ia) osoan. Ezin domino-efektuan pentsatzeari utzi beraz, gutxi asko errepikatuko baitira halako kasuak gainontzeko euskal lurraldeetan inork ahotsik altxatzen ez badu. Bare samar dago giroa momentuz, urteari errepasoa egiten hasi eta protesta askorik ez duzu aurkituko kulturako murrizketen kontra, akaso artistak beti egoera prekarioan bizitzera ohitu direlako edo seguruenik elkarrengana nola bildu asmatu ez dutelako.

Kontua da, isiltasun horrek ulertzera ematen duela sortzaileak eurak direla “Kultura? Niri bost” diotenak, beraiek ere sinetsiko ez balute bezala kultur jarduerak benetan direla garrantzitsuak. Gutxienez garbigailu bat bezainbeste. Sikiera tren bat adina.

Iaz egin gabeko protestak aurten edo geurtz etorrita ere, zilegitasunik ez zaie faltako. Ziklo ekonomiko bat amaitu da eta horren eskutik ibili den kulturgintza eredua ere bai: ez dago modurik beroaldi ekonomikoan sortu ziren azpiegitura erraldoi guztiak bizirik mantentzeko; hondartzan etzanda dagoen balea bezala daude arnasestuka eta artifizialki ez bada, ezingo da hainbeste museo, interpretazio zentro eta bestelako tramankulu arkitektonikorekin aurrera segi.

Galdera da ea erakundeak horien aldeko apustuan tematuko ote diren ala bestelako zerbait asmatuko ote duten, jasangarriagoa eta epe ertain-luzera begirakoa. Ez eskatu nire aurreikuspenik, goian aipatutako artikulua irakurri ondoren ez bainaiz oso baikorra.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan