Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

BertsolaritzaSailak



Hiru begirada

Behin eta berriz errepikatu den hitza izango da, seguru asko, KRISIA, horrela, letra larriz idatzita. Diziplina bakoitzak minimoak zehazteko garaia dela pentsatuko du norbaitek akaso, baina euskal kulturgintzak denbora gehiegi darama minimoetan bizitzen. Aurten plazatik erretiratu den bertsolari batek esango zukeen bezala, goitik ez du euririk ari.

Bertsolari begiekin aztertuz gero, zenbakien hotzak krisi hotsa dakar bertsolaritzara ere: 2011n abendura arte 1.662 bertso-saio egin baziren, 1.270 izan dira aurtengoak. Jaialdi handiak izan dira patriketako negua gehien sumatu dutenak. Badira, ordea, baikor izateko motiboak ere. Jada ez da nobedadea bertso-eskoletatik bertsolari berriak ateratzea. Bertsolariok ahots bakarra omen daukagula entzun izan dugu, baina gero eta mintzo gehiago dauzka gaur egungo bertsogintzak.

Bertsozale baten begiekin begiratuz gero, gozagarria da bertso-eskola berriak agertzen ikustea. Erratz bati kantuan eta gela itxi batean egindako lan ikusezin hori da oholtza gainekoaren oinarri. Bertsolaritzak zerbaitetan asmatu badu ekosistema moduan antolatzen asmatu du, bertsolari eta bertsozaleok elkar elikatzen dugula ikusten, plaza gozatzen eta goxatzen, eta bertso-eskola da denon topaleku. Bertso-eskolatik sortuko dira etorkizuneko bertsolariak, baina baita etorkizuneko entzule, antolatzaile, gai-jartzaile eta epaileak ere. Egitura horiei nekez eutsiko zaie militantzia hutsetik, baliabideak eman beharko zaizkie jarraikortasunez lan egiteko, baina, egiturak trinkotzen eta dinamika indartzen jarraituz gero, ez dira berme txarra itxaropenerako.

Eta badut hirugarren begirada bat ere: Bertsoa.com-en kameraren atzeko aldea. Internetera eta teknologia berrietara begira jarrita, oraindik zoom labur xamarra daukagulakoan nago. Bagaude interneten, baina elkarrengandik urrunegi. Komunitateak eman dio bertsolaritzari indarra, eta hori islatu beharko dugu pantailaren bestaldean ere; komunitatea trinkotu, norabide berean jarri eta itsaso amaigabe horretan gal ez dadin ehuntzeak izan beharko du apustua. Bertsoaren komunitate birtualak asmatu beharko du komunitate erreala bezala antolatzen.
Datorren urtean txapelketak beteko ditu, seguru asko, lerrook. Baina aurten, sariez baino, hobe dugu sareez hitz egin. Imanol Lazkanoren plazetako agur-mezu hunkituarekin hasi genuen urtea. Bertsolaritza mugimendu bezala auto-antolatzearen eta tradizioaren transmisioaren alde zubi lanean aritu den belaunaldiko kidea da azpeitiarra. Ez da lezio txarra atzetik gatozenontzat ere.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan