Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

ArteaSailak



Living in a material world

Haizea Barcenilla

arte kritikaria

Madonnaren urtea izan da 2012. Kalakanekin lan egitearen aukera zoragarria izateaz gain, poparen erreginaren igarle sena baieztatu da: ia hogeita hamar urte jada Madonnak munduaren ordena argi utzi zigula, Material Girl abestiaren bidez bere burua neska materialistatzat aurkeztu eta inporta zitzaiona dirua zela erreparorik gabe aldarrikatuz. Musuak, besarkadak, “that’s OK”, esan zuen Marilynen berpizte merkeak: baina mutilek krediturik ziurtatzen ez badute, ez dago ezer egiterik.

Anbizio ilehoriari atxiki beharreko beste lorpen bat musikaren merkatua berriz asmatzearena da. Internetek eskaintzen zuen doako kulturaren aurrean uzkurtu gabe, salmenten sistemari buelta eman eta CDaren aurretik kontzertua, espektakulua bihurtu du irabazpide. Argiak, bakearen aldeko mezuak Israelen, kolore guztietako dantzariak, zirku moduko instalazioak elkartzen dira Madonnaren kontzertu bat ahaztezin (eta garesti) bihurtzeko. Material Girlak material izaten jarraitzeko bideak behin eta berriz aurkitzen ditu.

Euskal Herriko arte antolaketan ere asko ikasi dugu Madonnarengandik. Gauzak handi egiten, argi eta arkitektura ikusgarriekin, nahiz eta barneko potpourriak zentzu handirik ez izan. Dirua eta milaka ikusleak kontatzen, kontzerturen batean titiak erakusten biraren giroak behera egiten duenean. Eta espektakuluaren argien itzaletan musikari, dantzari edo eszenografo bikain batzuk mantentzen, euren lanarekin ia ezkutuka jarraitzeko bultzatzen, publiko orokorrak ikuskizun bakar eta erraldoia ikusten duen bitartean.
Arazoa da Euskal Herria ez dela Madonna, eta ilehoriak dollarren gainean lo egiten duen une berean, hemengo instituzioek koltxoia altxatzen dutela azken xentimoak bilatzeko. Eta arazoa da espektakuluaren AHTra igo garela eta orain ez dakigula jaisten. Argiak eta arkitekturak garestiak dira. Materialaren logikak dio argiak pizten jarraitzeko hauen atzean dagoena moztu behar dela. Show must go on.

Zeinek daki, agian 2013 ez da izango Madonnaren urtea. Beharbada konturatuko gara makrokontzertu bat egin beharrean, bertako talde txikiagoen emanaldi anitz antolatu ditzakegula, denoi ondo ordainduta, eta eskaintza zabalduz. Ez ditugula ehun mila pertsona kontzertu bakar batean bilduko, baina ehun mila horiek proiektu desberdin eta aberasgarrietan mobilizatuko ditugula. Errekurtsoak gutxiagotu izanak ez duela esan nahi Euskal Herriko arte ekoizpenaren kalitatea jaitsi denik, eta horri erantzun behar zaiola sistema berriekin.

Baina horrek esan nahi du Material Girl bat izateari utzi beharko diogunik, eta horrenbeste gustatzen zaigu egunkarien azala...

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan