Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

AntzerkiaSailak



Aukera edukitzeko aukera

Krisiak krisi, urteko azken hilabeteetan gutxienez zazpi estreinaldi pilatu dira teatro-agendetan: Soinujolearen semea, Publikoari gorroto, Hitzak, Su txikian, Goenkale, Ta uain ze? eta Zer duzu Amy?. Durangoko Azokan Ahotsenearen bidetik sortu den Szenatokiko parte hartzaileen zerrenda ikusita badira gutxienez beste zortzi talderen lanak ibilian ere. Urte hasieran izan zen estreinaldi gehiago, lerrogile honek dakiela datorren urteari begira ere ez dira faltako.

Uste baino dinamikoagoa den teatro-mugimendu baten isla dira horiek? Berpizte bat? Kasualitate hutsa? Aipatutako eskaintzari begiratuta aniztasuna da nabarmentzen dena, estetika, dramaturgia eta formatu askotariko lanak direlako berriki heldu zaizkigunak antzoki, elkarte, gaztetxe edo tabernetara. Zalea bere gustuko eta kezken araberako antzerkiaren bila joango da ostera. Norberak kritika lezake egiten dena, gustukoa izan dezake ala ez; baina beti ere iritzia ematea errazagoa da aretoetara iristen den teatro motaren eskaintza askotarikoa denean. Hori bera lortzea izaten da, oraindik ere, erronka handienetako bat. Denetik ikusteko aukera edukitzeko aukera izan da, azkenaldi luzean, euskarazko teatroan faltan bota izan dena sarri.

Agi denez, sortzaileen aldetik bada eskaintza anitz bat egiteko gaitasunik. Hitzorduak finkatzeko urratsean hasi ohi dira bideak makaltzen. Baina programazio eta sare anitzak ez ezik, ikuslego anitza ere behar du euskal teatroak. Ikusleok prest gaude arriskatzeko, gauza ezberdinak ikusteko eta irizpide propio bat sortzen joateko? Izan ere, kontrako norabidea ere har bailezake gurpil zoroak: ikuslegoa eta zenbakien arrakasta jartzen ahal da aitzakiatzat ez programatzeko, edo sortzaileen kasuan proposamenen aldetik ez arriskatzeko. Zer egin dezake norberak gurpil zoroa apurtzeko? Zer gaude prest egiteko ikusleok?

Aukeratzeko aukera segurtatzearena, ikuslegoari irizpide kritiko propioak edukitzeko aukera bermatzearekin estuki lotua dago: euskaraz egiten den guztiaren berri jasotzeko aukera al dugu komunikabideetan gero eta urriagoak diren kultur zirrikituetan? Osa litezke Interneten kultur errealitatearen bestelako argazkiak osatuko dituzten sareak? Ez litzateke hori bera izan behar ezein diziplinatako kritikarien helburua, alegia, ‘kontsumitu-ez kontsumitu’ animatzearena baino hartzailearen ikuspegi kritiko aktiborako tresnak bultzatzearena?

Kultur arloa jendez beterik dagoen gutxiengo bat da. Teatroa jendez beterik dagoen gutxiengo bat da. Euskara jendez beterik dagoen gutxiengo bat da. Gutxiengo hitzaren atzean dagoen neurgailuan dago beti koxka. Zer dio gutxiengoen baitako gehiengoak? Prest gaude ikusleok aukera edukitzeko aukera babesteko?

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan