Gatazkaren konponbidea eta kultura: Garai berriak datoz eta ate batzuk zabalduko dira, baina nor sartuko den eta zertarako, hori borroka askoren ondoren erabakiko da.
Historiko” berba gehiegitan erabili izan da herri honetan eta ahoa betean ahoskatzeko momentura ailegatuta, beldur naiz ez ote dagoen nahiko herdoildua. Halere, Aieten 2011ko urriaren 17an izandako Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentziak eta hiru egunen buruan etorri zen ETAren ekintza armatuen behin betiko eteteak lagundu dute hitzari orinak erauzten. Eszenifikazioak izan dira biak ere, lan eskerga egin behar izan da argazki horiek ateratzea ahalbidetu duten egoerak sortzeko, eguneroko ahalegina, tantaka-tantaka ertzak borobiltzea, jarrerak malgutzea, hizketa, eztabaida, lubakien arteko mezulari lana. Baina 2011ren hondarrean atera ahal izan ziren argazki biak egunkari, astekari, albistegi, buletin, blog, tweet guztietan: badirudi Euskal Herriko gatazka armatua konpontzeko bidean dela eta gatazka politikoak hartuko duela esklusiban goizeroko kafearekin datozen albisteen tartea. Horrek euskal kulturari eragingo dio, ez izan dudarik. Lorea Agirrek Urtekari honetan dioen moduan, “inoiz ezagutu ez dugun mundu bat hasi da” eta mundu horretan ibiltzeko mapa berriak beharko dira.
Kartografo lana nola egin behar den eta noren mapak nagusituko diren, hori da ebatzi beharko den auzia. Eztabaida beti egon da hor, kulturaren mundua ez dago salbu –ez da egon eta ez da egongo– bizitzako gainontzeko esparruetako botere-borroketatik; baina Marmotaren eguna filmean Bill Murrayri pasatzen zitzaiona gertatu zaigu: kulturan, politikan bezala, posizioak beti berri eta beti berdin mantendu dira hemen, biztanleriaren parte batek bi sistema kultural (gutxienez) ezagutzen ditu; beste parte bat euskaraz egiten denari bizkarra emanda bizi da. Hibrido batek hartu du urtetan zentralitatea Euskal Herrian, kultura baskoak, erdaraz produzitua hein handi batean, berniz nazionalistarekin bertakotua; eta “etxeko” erdaren sistema kulturalen menpe jarri du gure ekoizpenetik alea eta lastoa bereizteko ardura. Ze, gure artean dena on izan da urte luzez –euskarazkoa babesteko jarrera autodefentsiboa–, edo dena ezezagun –bizilagunak egiten duena ez ikusteko tema; aurreiritziz beteriko ikuspegia, euskaraz egindakoa interesik gabekotzat jotzea–.
Gehitu aldagai linguistikoari merkatuarena –hizkuntzak baldintzatua, euskarazko produktuek kontsumitzaile potentzial gutxiago baitituzte, baina emaitzen nolakotasunean ere eragin zuzena dauka–; eta gehitu beste bat gehiago, produktu kulturalek alde baten ala bestearen posizio politikoa indartzeko betetzen duten zeregina. Horiek gatazka armatuaren testuinguruan kokatuz gero, erraz ulertzen da zergatik kulturari buruz aritzean hitz egin den hain gutxi arteari buruz, eta hainbeste soziolinguistikaz, lerratze ideologikoez, industriaz eta abar. Zergatik haizatu diren estetikoki ezer gutxi eskaintzen duten proposamenak; zergatik “euskal” zer den definitu nahian joan diren orduak, bete diren orriak, bota diren orroak. Liburuak eta diskoak saltzeko zer egin behar den eztabaidatzen da, edo nola eraman publikoa euskal zinema ikustera, edo teatrora, edo… tira, bertsotara ez, horretan gutxienez publiko handiak nagiak astintzen ditu. Baina bistan denez, kezka nagusiak ez dira zuzenean artistikoak, atzeragokoak dira, gabeziak ere estrukturalak direlako esparru askotan.
Hori aldatzeko modua eman dezake egoera berriak, arlo politiko-instituzionalean sor daitezkeen nagusigoei esker. Euskal kultura erabat egituratu eta sistema autonomoa izatera bideratu beharko lirateke balizko gehiengo abertzaleen politika kulturalak, horrek bakarrik ahalbidetuko baitu azken mohikanoaren sindromea desagertzea euskal kulturgintzaren alor ugaritan.
Igarleen ofizioa hanka-sartzailez beterik dago, ezin jakin nondik joko duen biharko haizeak, baina komeni da baikorregia ere ez izatea. Intuizioz aritzea da, baina esango nuke kolore guztietako erakunde politikoek Aietekoa bezalako agerpenak maite dituztela, “historiko” hitza merezi dutenak; horrelakoak lortzeko bai, borondatea, lana eta baliabideak jartzen dituztela, emaitzak guztientzat onuragarriak direlako, ados, baina argazkian ateratzeko aukera ematen dutelako ere bai. Aldiz, kulturgintzan dauden premiak askoz oinarrizkoagoak dira eta eskatzen dituzten ahaleginak, handiak izanik ere, ez dute titular handirik ematen, ezin dira hemen eta orain eszenifikatu. Epe luzeagorako apustua da sistema kultural euskalduna egituratzeko egin behar dena, legegintzaldiek eta aurrekontuek ezartzen dituzten erritmoetatik harago doa.
Euskaraz ari diren agente kulturalek ez lukete gaizki egingo orain arteko ezkortasun aktiboari eutsita. Haien lana izango da aurrerantzean ere euskal kulturaren iparrak zeintzuk izan behar diren zehaztea, diskurtsoak osatzea eta erakundeen aurrean defendatzea. Garai berriak datoz eta ate batzuk zabalduko dira, baina nor sartuko den eta zertarako, hori borroka askoren ondoren erabakiko da. Indarkeria esplizituz beteriko gatazka baten amaiera ikusten ari gara; orain bestelako gatazkek, sotilago nahi bada, hartuko dute protagonismoa, baita kulturan ere.
© 2009 ARGIA.com