Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Artikulu nagusiak

Irudipena, aldarrikapena eta elkartasuna

Lorea Agirre Dorronsoro

Kazetaria

ETA erakundeak jardun armatua bertan behera uzten zuela iragarri zuen egunean, Euskadi Irratiko telefonoak ireki zituzten. Azkenaldian, irrati publikoan apenas entzun izan diren jende eta mezuak aireratu ziren. Denak poztu ziren, denak arduratu; askok gogoratu zituzten lagun eta senideak, bidean geratutakoak; gehienek aipatu zuten beste aldearen sufrimendua; askok adierazi zuten jardun armatuak sortutako oinazeaz gainera lorpenak ere izan zirela; denek aipatu zuten umeek etorkizun hobe bat merezi dutela. Gehienak berean jarraituta ere, bietan zeuden. Hunkitutako hitz hunkigarriak. Doinu berriz, mezu berrituz. Eta askeak.

Ezker abertzalea legez kanporatu izanak eta irrati eta telebista publikoetan betoa jarri izana jende asko utzi du mutu. Eta baita ETAren jardunak ere. Legez kanporatzeak dirau, baina ETArenak egin du, eta nago jende askok plaza publikoan libre hitz egin nahi duela. Lehen ezin zen, ETA zegoelako. Baina orain ere, itxura batera, ezin dela dirudi, hain zuzen ETA ez dagoelako. Eta jokoan historia hurbilaren narrazioa dago.

Garai berriak, baina Zumetaren Gernika koadroak ilustratzen du datorkeena. Gernika sutan, torturaratuaren oinazpi kolpatuak, hildakoen gorpuak. Atzo da gaur. Baina, noiz hasten da atzo? Nolakoa izango da gerra oste hau? Etorkizuna habetuko duen memorien kontakizuna dator orain. Baina memoria gauza kabroia da, narraziora zintzo ekartzeko. Benetako talka orain hasten da.

Narrazioa II: galtzaileak eta irabazleak

Errudunak eta errugabeak edo Joseba Sarrionandiari Euskadi literatur saria Espainiako Auzitegi Nazionalak eman zionekoa. Moroak gara behelaino artean? saiakera saritzea ebatzi epaimahaiak, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell agiria irakurtzera irten, bat: «Joseba Sarrionandiak bergizarteratzea erabakitzen duenean jasoko du sariaren dirua». Beste agindu askoren artean. Idazlearen familiak justiziarekin batere zorrik ez duela argituta ere, Auzitegi Nazionalaren txostenak garbi dagoela esan artean luzatu zuten antzerkia, hauteskundeak igaro ondorenera arte, beharbada Urgell Sarrionandiari zegokion saria ematen agertzeak bozak galaraziko zizkielakoan. Ez dute horren beharrik izan bozak eskukadaka galtzeko.

Eta azkenean, eman nahi ez zuten saria eman egin behar. “Euskaldun onak saritzen dira, euskaldun gaiztoak zigortzen, erreserban. Sari eta zigor sistema dugu orduan; carrot and stick policy deitzen diote horri Inperioan, ez?”. Iurretako idazlearen hitzak saria jaso eta biharamunean.

Urgellek, Eusko Jaurlaritzako gobernu sozialistako agintari den heinean, ETAko kide iheslariari bati sari literario bat emateko presio politiko handiak izan zitzakeela? Argumentu lotsagarriagoak ezkutatzeko lege ahalguztidunaren diskurtsoaren atzean babestutako antzezpena egin behar izan duela? Urrezko aukera galdu du etorkizun hobeago bat begitantzeko, bizikidetzan mugarritxo bat jartzeko, alde bateko eta bestekoen artean zubitxo bat eraikitzeko. Sarrionandia saritzea guztiontzako sari bat dela ikusteko ausardiarik ez du izan. Berean jarraituta ere, alde bietara begiratzeko. Sarrionandiak galtzaile izan behar zuen eta izan behar du, hala behar du, beti edonon eta edozertan. Galtzaile eta irabazleen narrazioaren kapitulu berri bat idazten saiatu dira.

Narrazioa III: euskalduntasunaren eraikuntzak

Eusko Jaurlaritzara iritsi orduko idatziz jarri zuten: “euskal gizartea elebiduna da”, horrelaxe, eta narrazio berri bat abiarazi. Ares sailburua ez da elebiduna, Agirre ere ez, ezta Bengoa ere. Baina euskal gizartea elebiduna da. Zaila dago ulertzen nola litekeen gizartearen %70a elebakar izanda, gizarte elebidun bat osatzen den. Elebidun izateaz zer ulertzen den izango da kontua. Ea gizarte elebidun izatea ote den elebakarrak, nahi baino, ahal duen hizkuntza bakarrean egitea eta elebiduna berera etortzea; edo nork berean egin eta elkar bizkarka bizitzea; edota elebidunek ahalbideratzea jendeen arteko komunikazioa eta horrenbestez elkarbizitza.

Gizartea elebiduna da, eta euskara eta gaztelera maila berean daude, horrenbestez, narrazio berriaren arabera. Beraz, zer geratzen zaio euskarari normaltzeko? Norbanako elebidunari erabil dezan animatzea. Banaka, ez taldeka. Banakoari, ez erakundeei. Horra Jaurlaritzaren iazko hainbat publizitate kanpainen mezua. Euskara mundura, eta atzerrian hitzarmen, lektorado eta katedrak. Eta ez da txarra. Ez dago gaizki, baina euskararena ez da atzerrian jokatzen. Hemen jokatzen da. Eta txinatarrak, errumaniarrak ikusi ditugu euskara ahotan, baina ez Ares.

Eta bien bitartean, kontsumitzaileen eskubideen dekretua bertan behera utzi, hezkuntza sailean euskara eskakizunak apaldu, administraziorako lan eskaintza publikoko euskara eskakizuna jaitsi. Bengoa sailburuak esan du euskararekin azkarregi goazela Osakidetzan. Hogeita hamar urtean hamarretik zazpi erdaldun huts da EAEKo osasun zerbitzuan. Euskarak meritu gisa ere gero eta gutxiago balio du.

Euskalduna ezin uler liteke gaur hemen gaztelaniarik edota frantsesik gabe. Elebakarrik ez dugulako gara denok erdaldun. Bukatu zen mundu hori, eta beraz euskalduna espainola eta frantsesaren harremanetan definitu behar da. Euskalduna da euskara dakiena, euskara erabat jakin gabe ere ulertzen duena, ulertu gabe ere maite duena, maitatu gabe ere alde dagoena, alde egon gabe ere gorrotatzen ez duena. Euskalduna proiektu bat da, ibili dabilen nortasun bat, gutasun bat. Joxe Azurmendik, Miel Anjel Elustondori argitu bezala: “Euskara euskaldunen komunitatea da; euskalduna komunitate horri buruz positiboki posizionatzen dena”. Eta gehitu du: “Gaur, euskararen komunitate deseginduan, euskalduna izatea proiektu bat da, izan nahi izatea. Beraz, ikusmolde historiko dinamikoan, hau da, identifikazioak gaur egiten diren moduan, esango dugu, sozial-politikoki, bizitza euskaraz egin nahi lukeena ere euskalduna dela”. Ibili dabilen komunitate bat eta aldian aldian, bere burua berritzen jardun behar duena. Aurtengo Korrikak euskalduna izendatzeko hitz berria ekarri digu. Euskalakaria: euskaraz ari, bizi eta eta euskara maite duena.

Proiektu bat, egikaritza bat, egunero egin beharrekoa, eta gaitzerdi izatearen nahia eta gogamena berritzen baitu, engaiamendu erreala eta praktika maila gora behera. Euskaldun izate gogo bat badagoela, izatea erdietsi edo ez. Hizkuntzatik barrena definitzen baita euskalduna. Onenean euskararekin. Eta txarrenean, erderekin. Beti behar du hizkuntza. Onenean, biak. Eta txarrenean bakarra. Ze egia esatera, gaur hemen, euskalduna izateko gazteleraduna edo frantsesduna izatea ezinbesteko baldintza da. Euskararena meritu gisa kontsidera liteke askoz jota leku anitzetan. Horregatik, behin eta berriro euskararekiko lotura hauskorrari eutsi beharraren beharrez bagarela esaten geure buruari, bagarela euskara dun, bagarela euskalakari, bagarela euskararen aldeko. Bagarela. Euskaltasunaren narrazioa jokoa hemen ere: gure narrazioa jada ez da euskaraz eta kitto. Gazteleraz eta kitto izan ez dadin saiatzea baizik.

Roscubas anaien artelan batek irudika lezake narrazioen borroka: trapuzkoa ikurriña handi bat, gurutzea zuri, hondoa gorri eta ikoroskia hori.

Narrazioa IV: zein estatu mota?

Koldo Izagirrek, Autopsiarako frogak saiakera bikainaren harira, botatako galdera da: zein estatu mota litzateke euskara salbatzeko gai izango ez litzatekeen euskal estatu hori? Galdera erabat pertinentea. Txiki eta mugatu, baina estatu baten antza izan lezake Gipuzkoak, maiatzeko hauteskundeen ondotik. Indar soberanista eta estatalista nagusi da herri gehienetako, hiriburuko eta herrialdeko agintaritza organoetan, Bildu koalizioak irabazi eta gero. Laborategi bat izan liteke, politika sozialetan eta normalizazio politikoan bezala, euskara eta euskal kulturaren eremuan ere. Izan daiteke, eta izan behar du. Eta nago, azken eremu horretan asko dagoela jokoan. Hortxe markatu beharko lukeela diferentzia. Euskara eta euskarazko kulturarentzat berariazko politika propioak egitea, euskal kulturako gizarte erakunde eta eragileekin lankidetzan, eta gainera, adostasun politikoak erdietsiz beste alderdi batzuekin.

Bilduk, Foru Aldundian, Euskara saila zehar-lerro gisa planteatzea izan du lehen lana, eta honenbestez Kultura sailetik kanpo atera du. Ez da lehen aldia horrelakoak egiten direla. Eta egia da baita ere organigramaren diseinuak baino garrantzia gehiago duela lerro batek izan dezakeen botere errealak. Hori da kontua: boterea, eskuduntza eta baliabideak izatea. Hala ere, zehar-lerrotasunak baditu bere alde on edo txarrak, segun eta nola kudeatzen den. On du euskal kultura Kultura sailean txertatuko duelako behingoz, eta ez Euskara atalean, eta horrekin kultura euskaratik pasa beharko da, orain arteko hizkuntzarik gabeko kultur politikak baztertuz. On du euskara sail guztietan kontuan hartu beharreko materia izango dela. Hala ere, orain artean ezagutu ditugun hainbat zehar-lerrotasun zeinen hankamotz geratu diren ikusita tentuz hartu beharrekoa da. Sarritan zehar-lerrotasuna post-it horia da. Hirigintza txostena euskaratzeko oharra, edota halako eraikinaren zaharberritzean kartelak euskaraz jartzekoa. Baina, hirigintza egitasmo beraren oinarrian ba al dago irizpide linguistikorik? Non, nola eta norentzat eraikiko den horretan kontuan hartzen al da euskara normaldu edo menostuko ote duen? Zer ekarriko dion eraikin horrek errealitate soziolinguistikoari? Hori euskara zehar-lerroan jartzea baino gehiago al da? Orduan zentralitatean jarri beharko da, erdigunean.

Gipuzkoako Aldundiak Kultura sailean, berriz, aurreko gobernuaren lerroak gorde ditu urte berriko aurrekontuetarako. Eredu berak jarraituko du beraz urtebete gehiagoz: handitzat jotzen diren egitasmoek diru handiak jasotzen, eta txikitzat jotzen direnek dirutza txikiak. Bestela esanda, handiak handi izaten jarraituko dute eta txikiak txiki. Eta, hirugarren modu batez: kasualitatez gazteleradunak direnez egitasmo handiak horiek jarraituko dute handi izaten, eta kasualitatez euskaradun direnez txikiak horiek segituko dute txiki izaten.

Horrenbestez, esan liteke Bilduren kultur proiektua zein den ikusteke dagoela. Gipuzkoan munta handiko egitasmoak jaso ditu oinordekotzan Bildu koalizioak, dela Tabakalera dela Donostia 2016 Hiriburu Kulturala. Esan dute euskal kultura ez dela arrotz izango bi horietan, zor zaion garrantzia eta pisua izango duela. Tabakalera euskal kulturaren agerkari unibertsal izateko egitasmoa aipatu zuen hauteskunde garaiko programa politikoan. Baina zalantza, hala ere: euskal kulturak izango duen lekua ze izango da zentrala, zehar-lerrokoa edota subordinatua?

Gipuzkoak markatu behar du euskararen eta euskal kulturaren inguruko politika auto-zentratu eta beregain baten bidea. Bide erakusle izan behar da. Euskara eta euskal kultura salbatzen lagunduko duen estatu horren laborategia izan beharko luke, beste ezer baino gehiago.

Narrazioa V: krisiak agintzen omen du

Etika, ideologia, pentsamendua eta estrategia. Bai, baina, politika egiten krisiak dihardu, antza. Krisi ekonomikoak. Hori esaten digute. Krisiaren mende egin dira aurrekontuak, murriztu dira laguntzak, ukatu dira hitzemandako dirutzak, eta desagertu dira lerroak.

Euskal kulturak gutxiago izan du eta izango du aurrerantzean. Txiste txar bat ere badirudi, krisiari egoztea euskarazko kulturari laguntzak murrizteko arrazoia. Argi esan dezagun: euskal kultura krisiak bizi du azkenengo berrogei urtean. Gutxienez. Beti prekarioan, beti justuan, beti irauteko helburua aurretik jarrai beharrez, beti militante. Eta emaitzak, aldiz, asko eta askotan, diruz hornitutako kultur egitasmo handienen inbidiarik gabeak, ez kalitatean ez aniztasunean. Orain ere larri ibili beharko zarete. Beti ibili gara larri. Sekula ez delako euskararen beharretatik abiatutako kultur politika orokor bat diseinatu. Egitasmo onak izan dira, puntualak gehienetan, sakabanatuak askotan, baina ez plangintza integralik. Krisiak egiten omen du politika. Ondo datorkie mamu hori astintzea, benetan politika ideologiko bat egiteko krisiaren mozorro pean ezkutatuta.

Dena behera doa. Eta krisiak lehena jotzen beti da kultura. Kultura ez delako ezinbesteko. Eta aurpegiratuko dizute agintari politikoek zer nahiago duzun bazkaldu edo liburu bat irakurri. Kultura beti da apaingarri, ez funtsezko. Hori horrela dela barneratua dugu eta horrelaxe onartzen dugu, txintik esan gabe. Zertarako behar dugu, bada, azken finean kultura? Euskarazko kultura? Hori ez badugu zerk egingo gaitu gu? Zerk egingo gaitu euskal? Zerk herri? Eta, garrantzitsuagoa dena, zerk egiten gaitu besteen berdin, ez bada gainontzekoen bezala nork bere hizkuntzan eta kulturan garatu ahal izatea?

Guraizeen urtea izan da, eta datorrenean zorrotzago ekarriko ditu labanen ahoak. Nafarroako Gobernuak, bereziki, euskarazko hedabideen eremuan jo du gailurra guraizeak erabiltzen. Orain lau urte 310.000 euro banatzetik 0 euro banatzera pasa da. Horrelaxe. Zer den alboragarria izatea. Ez, ez da hori, ez hori bakarrik, zer den deserosoa izatea ere bai. Euskararen transmisio bideak dinamitatzea lehentasun du Nafarroako gobernuak, egunero hitzez eta egitez demostratzen duenez.

Euskaltzaindiak %27 gutxiago jasoko du, Bertsozale Elkarteak %20, irakurzaletasuna bultzatzeko programek eta ikus-entzunezkoen egitasmoek %70, lan munduan euskara sustatzeko programek %22, itzultzaile eta interpretariak prestatzeko %62, euskarazko edukiak sareratzeko %30. Hori Jaurlaritzaren eskutik. Aldundiek %10eko bueltan jaitsiko dute Kulturarako dirua, aurreko urtean %20ra jaitsi eta gero.

Krisiak agintzen du, baina azkenean ideologiaren esanetara makurtzen da krisia ere. Krisiak AHTa gelditu edo atzeratuko zuelakoan, krisi garaian halako dirutzak zalantza handiak sortzen dituen trenbide batean baliatzea ekonomikoki jasangaitza delako gainontzeko esparruetarako, baina, keba, ezta horrela ere. Batzuentzat krisirik ez dago.

Narrazioa VI: eta, hala ere, sormenak aurrera darrai

Eta hala ere aurrera. Beti bezala. Eta bizi gainera. Ekimenak ugari, proposamenak asko, sormen lanak ugari, eskaintza oparo, herri, auzo eta hirietan. Auto-gestionatuak asko eta asko. Kultura eginez kulturaren alde. Sormena ez dago krisian. Bide, erakunde, zabaltze eta kontsumitze kanal tradizionalak, bai. Horiek bai, eta horrek eragin handia du gurea bezalako kultura txiki ez normalizatu batean.

Musikan, estilo aniztasuna; literaturan, testu interesgarri eta bereziak; saiakeran, lan sakon bikainak; dantzan, bide zahar berrituak; bertsoan, diskurtso berriak; artean, obra zoliak. Narrazio ugari, luze eta erabatekoak ez, baina bai asko eta askotarikoak. Ez alferrik bukatu ziren narrazio handi itxiak. Dena da erlatiboagoa orain, ertzekoago, sotilago, eta horretan aiseago moldatzen da euskal kultura. Narrazioak badira, baina inor gutxi bizi da kultura egitetik. Ez dago horretarako baliabiderik, sostengurik, eta horrela ez da erraz arnas handiko lanak egitea, anbizioa bidean ez galtzea, behar adina denbora hartzea. Horixe du ezaugarri euskal kulturak, ez duela nahikoa egitura eta baliabide sortzaileei arnas emateko eta kontsumitzaileei kultur sormena begien aurrean jartzeko. Eta, hala ere, erruz sortzen da. Ikusezintasuna euskal munduan bertan ere, jendarte txikia, egitasmo handiak mendean hartzeko baliabide eskasia. Eta, hala ere, duin sortzen da.

Sormenerako inbertsio txiki eta pertsonala eskatzen duten eta merkatuaren menpe bizi ez diren diziplinek egin dute aurrera gehien azken urteetan. Aldiz, inbertsio eta baliabide handiak behar eta merkatura begira bizi diren diziplinek emaitza eskasagoa izan dute. Euskal kultura eremu sakabanatua, artikulazio gutxikoa, harribitxi ugarikoa, baino jarraikortasunik gabea da. Kasik txiripaz sortu eta birsortuko balitz bezala.

Narrazioa VII: Kukutza, ondare publiko

Publikotasunaren zentzu berri baten azken adibidea da Kukutza. Dagoeneko hautsita dago publiko eta pribatu dikotomia. Euskal kulturan ez du banaketa horrek balio. Errealitateak ez dio gezurrik. Euskal kulturan bokazio publikoa eta herrigintzaren zentzua ezinbesteko da. Horixe da ia ekimen gehienen azken xedea: kultura egitea, ez dirua egitea. Dirua egiteko ia beste edozein jardun da hobe, zer duda izan. Euskal kultura irabazi asmorik gabeko eremu bat da, horrela izan dadin asmorik izan gabe ere. Ez dugu horregatik dena aratz, dena zintzo, dena jator egiten. Txarra ez dirua barra barra egiteko biderik emango balu.

Ikastolak hezkuntza publikoa bezain publiko dira. Helburu nagusitzat herri euskaldunago bat duelako, eta hori xede publiko bete-betea da: gizarte desoreka bat, menostutako errealitate bat, gutxiagotuta eremu bat, urritutako komunitate bat orekatzera datorrelako, administrazio publikoak definizioz duen funtzio berarekin.

Parte hartzearen, kudeaketa gardenaren eta gobernantza modu berrien narrazioen garaiotan, ez dago beste biderik publikotasunaren gaineko eztabaida, erabaki guneak eta kontsulta moduak birplanteatzea baino.

Kukutzak marraztu du bide bat. Bilboko kultur etxe okupatuaren izaera publiko eta irekia aurrez aurre jarri zaio eraikinaren jabearen interes partikularrei. Eta erakunde publikoek zer egingo, eta interes partikularren alde Kukutzako jendeari oldartu eta eraikina bortxaz txikitu. Kukutza interes publikokoa zela, babestu beharreko kultur ondare bizi bat zela ez da ulertu nahi izan. Irudiak izugarriak ziren benetan, gehiago zirudien kokaina kartel baten kontrako polizia operazioa, auzoko gazteek okupatutako kultur gune baten ixtea baino. Ertzaintzaren jarduna neurrikoa izan zela aipatu zuten Azkunak eta Aresek, eta Kukutzako gazteena, berriz, bortitza “betikoen maneretan”. Eskerrak, ETBk ukatu zizkigun irudiak, ertzaintzaren setioa eta eraso bortitzarenak, sarean nahierara ikus daitezkeen. Bestela, beti bezala, gezurretan arituko ziren Kukutzakoak, gezurrezko narrazioekin errealitatea pozointzen.

Merkatuaren diziplinara eta irizpide ekonomizistetara gero eta gehiago makurtzera behartzen dituzten eta aretoa bete beharraren beharrez gero eta kudeaketa pribatuagoa egiten diharduten titularitate publikoko kultur etxe asko baino publikoagoa, kulturalagoa, irekiagoa eta parte hartzaileagoa dira Kukutza bezalako gune auto-gestionatuak. Edo maila berekoak gutxienez. Dagoeneko ez du balio diru publikoa funtzionario publikoak kudeatu beharraren diskurtsoak, ez eta erabakiak agintari politikoen esku esklusiboki egon beharraren teoriak. Ikasi egin beharko dugu nola egin asmatzen, baina benetako parte hartzea informazioa Internetez zabaltzea edo galdeketa bat egitea baino askoz gehiago da.

Narrazio berriak behar ditugu, bizkarrean dakarkigunari mundu berri bat irekitzeko.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan