Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

ZinemaSailak



Erakusleihoak

Z inegoak, FIPA, Ikuspuntu, Zinemastea, Huhezinema, FANT, Donostiako Zinemaldia, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Zinema eta Emakumea Mostra, Kimuak, Zinema Ikusezina, Animatic, Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bilera, Zinebi… eta gehiago, denak Euskal Herrian. Hain geografia txikian, zenbat zinemaldi! Horregatik garrantzitsua dirudi irizpideak ondo finkatzea, interesik gabeko jaialdien saturazioa izan ordez, euskal produkzioen eta oro har pantaila handirako egiten diren lan interesgarrienen erakustoki izan daitezen. Aretoen politika merkantilistatik at, merezi duten lanak ikusteko aukera eman dezatela, alegia.

Horrek premisa bat du abiapuntu: Euskal Herrian kalitate oneko pelikulak egin egiten direla, jaialdietan erakusteko merezimendu nahikoarekin. Aurtengo uztari erreparatuz behintzat, baietz esan dezakegu: Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak 80 egunean Izarren argia ederra estreinatu dute, burua vs. bihotza dilemari eusten dion pelikula landua; Mikel Ruedak etorkizun handiko zuzendaria dela erakutsi du Saturrarango emakumezkoen kartzelari buruzko lehen film luzean; dokumentalgintzan berriz, Josu Martinez eta Txaber Larreategi tandemak Debekatuta dago oroitzea eta Sagarren denbora hunkigarriak egin dituzte…

Horiek guztiek izan dute beren tartea gure zinemaldirik potenteenean, Donostiako Nazioarteko Zinemaldian. 2011tik aurrera jaialdi horretako zuzendari berria izango den José Luis Rebordinosek aditzera eman duenez, Zinemaldiak izan behar du “euskal zinemaren Zinemaldia”. Kargua hartu bezain pronto, euskal ekoizleekin bilduko dela agindu du. Baten batek pentsatuko du txikia dela euskal produkzioa eta ez lukeela faboritismorik izan behar nazioarteko jaialdi batean, besteen mailan lehiatu beharko litzatekeela. Baina orduan zergatik dario halako espainiar kutsua Zinemaldiari? Zergatik daude Sail Ofizialean, lehiatzea merezi ez duten pelikula espainiarrak? Zergatik, ekartzen diren izarretako asko kultura espainol-telebisibo-zinematografikoaren baitakoak dira? Datorren edizioan ikusiko dugu Rebordinosen asmoak bete eta Zinemaldiak euskal kutsua hartzen duen.

Rebordinosek, bestalde, Zinemaldiaz arduratzeko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea zuzentzeari utzi dio. Zeresan handia eman du aurtengo Beldurrezko Asteak. Hain susmagarria izan ohi den prebentzioaren izenean, A serbian film pelikulak “sexu askatasunaren aurkako deliturik” egiten duen ikertu bitartean, behin-behineko neurria hartu zuen Donostiako epaitegi batek: nazioarteko jaialdi ugaritan parte hartu duen eta hainbat sari garrantzitsu eskuratu dituen filma Donostiako jaialdian ez proiektatzea. Garro luzeak ditu zentsurak, polemikak oihartzun handiagoa eman dion arren pelikulari.

Kontuak kontu, eskaparateez ari nintzen, zazpigarren artea erakusgarri duten Euskal Herriko jaialdi andanaz. Eta horien irizpideez, film hautaketa bidezkoaz. Jaialdien funtsa ez dadila izan ekonomikoa, turistikoa, propagandistikoa, politikoa… zinema bera baizik.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan