Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Telebista-IrratiaSailak



Kualitatiboa

E iTBren jarduna gertuko betaurrekoekin aztertu gura izatea arriskutsua da. Audientzia datuak begiratu eta, berriro ere, behera egin dutela ikusteak epe laburreko irakurketak bakarrik egitera eraman gaitzake. Egia da, ikus-entzuleen kopurua murriztu egin izana arduratzeko moduko kontua dela. Baita, oraingo legealdia hasi zenetik, ente publikoko aginte postuetan egin diren izen aldaketak, lerro editorialean sendotu diren irizpideak eta pluraltasun eza ere. 2010eko udazkenean, telebistako kazetari biri espedientea irekitzearen eskandaluak ondo erakusten du etxe barruko giroa.

Egonezina ordea, egunetik egunekoak bezainbeste, ikus-entzunezko publikoen norabideak sortzen du. Epe motzean eta ertainean plan estrategiko berria (2010-2015) eta programa kontratua (2010-2013) onartuko dituzte eta inoiz ikus-entzunezkoen araudia (EAEkoa eta Espainiakoaren aplikazioa) eta EiTB beraren legea birmoldatuko dituzte. Horiek bai denboraldi baterako marko erreferentziala ezarri eta itsasontziaren norakoa markatuko dutela.

Bestetik, kontuan hartzeko modukoak dira ikus-entzunezkoen alorrean gertatzen ari diren aldaketa globalak. Bakoitzaren posizioak ondo ezartzeko, indar guneak non dituen jakiteko eta arriskuak aukerak bilakatzeko momentua da. Internetek hankaz gora jarri ditu ikuspegi mugatuak. Eta apustuak era orohartzailean egin behar direla agerian jarri du digitalizazioak.

EiTBk, zalantza barik, gure ikus-entzunezkoen eremuan, baina baita ere kanpokoan ere, sekulako aukerak ditu bere izaera eta produktuak ondo definitzeko eta kokatzeko orduan. Hizkuntza eta berezko kultura elementu definigarri gisa, ekoizpenerako ahalmen teknikoak, sormenezkoak eta profesionalak ditu. Eta ilusioa ere bai.

Goitik behera agintzeko joera eta alderdikeria ez dira legealdi honetako kontuak EiTBn, baina heldua da ordua bertako profesionalek inertzia batzuk aldatzeko. Badirudi, gainera bide horretan mugitzen ari direla gauzak. Aspaldiko esaera bat parafraseatuz, ikus-entzunezkoena garrantzitsuegia da politikarien esku uzteko.

Aire fresko horien ondorioz etorriko dira gratifikazio soziala eta komunikabideek oso beharrezkoa duten erreferentzialtasuna. Ikus-entzuleek EiTB informazio zabala eta gertukoa, eta entretenimendu bizia eskaintzen dituen komunikabide interaktiboarekin identifikatu behar dute. Kate-irudia eta mamia, biak ala biak, landu beharra ditu ente publikoak. Audientzia kopuruetan baino kontsiderazio sozialean egin behar du gora bertako ikus-entzunezko zerbitzu publikoak. Horren ostean etorriko lirateke gero audientzia datuetan eta merkatu kuotan gora egitea.
 

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan