Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

KulturgintzaSailak



K

K-ren erresuman gaude, hizki nagusia inondik ere, gauden esparruan, eta areago 2010eko egoeran.

Krisia.
Orijinaltasunik batere ez, gizarteko beste arloetan bezala, hau izan da hitz giltzarria. Krisiak murriztu ditu ekitaldiak han-hemenka, estutu die arnasbidea, adibidez, Nafarroako museo txikiei, eta jarri du standbyen Donostiako Tabakalera. Horrek ekarri duen galerarik handiena Joxean Muñoz zuzendariaren dimisioa izan da; Muñozek proiektuaren garapenari zemaion bermea nekez ordezkatuko du beste inork.

Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua. Horrekin ordezkatu nahi du egungo Jaurlaritzak aurrekotik zetorren Kulturaren Euskal Plana. Ardatza herritartasunean, eta ez identitatean; euskara eta euskal kultura denentzako kafetan urtuta. Zirriborroa ekarpenen zain jarri dute sarean, eta horretarako norbanakoari egiten zaio gonbita, talde antolatuetatik paso eginez bezala. Hurrengo hilabeteetan emango du zeresana.

Kanpora begira. Gorpuzten ari da kultur enbaxada nagusia, Etxepare Institutua, Aizpea Goenagaren zuzendaritzapean; badute egoitza, sinatu dituzte harreman protokoloak Espainiako Cervantes eta Catalunyako Ramon Llull Institutuekin… mundura jalgitzeko prest.
Bitartean, 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko ahaleginean, aurrera egin du Donostiak eta bidean geratu da Iruñea; ez dio balio izan Sanferminen lorratzak; eta hori, Nafarroako Parlamentuak zezen ikuskizunak kultur ondare izendatuta zeuzkala…
 
Kalapitak.
Iruña-Veleiakoa itzaltzera ote zihoan, baina bai zera, auziak segitzen du hamaika frontetan. Eta aldamenean piztu da beste bat, Guggenheim-Urdaibaikoa. Jaurlaritzako kultur arduradunak ozpinduta dabiltza erabat; batek daki, ordea, ez ote duten atzera egin beharko, EAJk Madrilgo Gobernuarekin adostutako akordioen ondoren. Nolanahi ere, Urdaibaikoak polemikoa izaten jarraituko du; Jose Luis Bilbao, Bizkaiko diputatu nagusiak lideratzen duen egitasmoaren alde zein kontra hartu dute jarrera kultur munduko izen ezagunek.

Kalapitak, beste kasu honetan, amaiera atsegina izan du. Baionan ireki dute halako batean Ipar Euskal Herriko Artxibategia eta demoek, zintzo-zintzo, entregatu dituzte Pauen duela hamar urte ostutako dokumentuak, Dominique-Joseph Garaten eskutik, zeremonia guztiz. Demoen azken ekintza, hasieratik erakutsi zuten irudimen dotore eraginkorrarekin.

Klik batean!
Alegia klik egiteko aukerak ikaragarri ugaldu direla sarean, eta bat aipatzekotan, Bilgune Feministaren eskutik datorren www.emakumeokplazara.org webgunea; hor topa daiteke kulturgintzaren arlo ezberdinetan emakumezkoek egiten dutenaren berri. Ikusezintasunari zaplaztekoa.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan