Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

XXI. mendeko irakaslea

Maite Goñi

Ordiziako Jakintza Ikastolako irakaslea

Irakaskuntza: Digitalizazioak dakartzan erronkei aurre egiteko gaitasuna ez du programa batek ekarriko, irakasleen jarreratik eta aldaketarako beharra sumatzetik baizik.

Eskola 2.0 egitasmoak irakaslearen figuran, rol edo zereginean ekarriko duen aldaketari buruzko hausnarketa egitea eskatu didate. Ez da erraza jakitea zenbaterainokoa izango den; izan ere, egitasmoak egitasmoak dira eta benetako aldaketak ez dira ordenagailu batzuk gelan sartuta emango. Hori baino askoz ere gehiago beharko da. Has gaitezen, baina, hasieratik.

Azal dezagun lehenik 2.0 Eskola Programak zer izan nahi duen. Egitasmoak hezkuntzan Informazioaren eta Komunikazioaren teknologia berriak sartu nahi ditu, ohiko ikasgelak ikasgela digital bilakatuz, irakasleak IKT gaitasunetan trebatuz, ikasgeletako metodologia aldaketari lagunduz, eten digitala murriztuz, beste ikastetxeekin lankidetza bultzatuz... Heziketaren kalitatea hobetzea da azken helburua. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula! Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko ekainaren 5ean erabaki zuen Euskal Autonomia Erkidegoan programa hori sartzea, eta hori, Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, “2010. urteko ekitaldian ikusiko da Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasgelak guztiz digitalizatu, irakasleak software librea eta metodologia berriak erabiltzeko prestatu eta multimedia-edukiak egiten direnean”.

Programaren planifikazio, epe, helburu eta betetze mailan sartu gabe, esan beharra dago, egun, ez dagoela eskolak digitalizazioaren aroan sartu beste aukerarik; izan ere, eskolatik kanpo eremu guztietan XXI. mende digitalizatuan bizi garen bitartean, barruan, oro har, XIX. mendeko beharretara egokitutako eskola eredua erreproduzitu besterik ez dugu egiten. Aldaketara inguratu nahian edo, urrats txikiak ematen ari gara; halere, urrutitik ere ez dugu bizi garai hauek eskatzen duten birplanteamendu eta iraultza. Aldaketa lortuko badugu, hura hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion eskutik etorri beharko da. Irakasleok giltza gara aldaketa hori gauzatuko badugu. Baina nahi dugu? Prest gaude? Sinesten dugu horretan?

Garbi dago teknologia berriak eguneroko praktikan txertatzeak irakasleon rola aldatzea ekar dezakeela, eta ekarri beharko lukeela. Jada ez da nahikoa irakasleak informazioaren igorle hutsak izatearekin; izan ere, informazioa ikasliburu, betiko entziklopedia eta irakasleon jakintzatik harago eskura baitaiteke; hortxe daukagu, sarean, denon eskura. Baina, kontuz! XXI. mendeko irakasleak ez du teknologiaren menpe bizi behar, teknologia bere mesederako erabili behar du, bere helburu didaktikoak errazago lortzeko.
Aldaketa unearen trena galdu nahi ez badugu, irakasleok beste konpetentzia batzuk garatu beharko ditugu: ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan tutore eta gidari lanak egiteko gai izan, informazio uholdearen aurrean gure ikasleak ito ez daitezen eta autonomiaz eta kritikotasunez joka dezaten saiatu, gure baliabideak diseinatzeko urratsak eman (horretarako digitalki konpetenteak ere izan beharko dugu), beste irakasleekin elkarlanean aritzeko gaitasuna areagotu (horrela baino ez dugu lortuko gure ikasleak ere elkarlanean aritzea...). Horretaz gain, irakaslearen jardunak indar handiagoa ipini beharko luke ikasleak bere kasa ikas dezan –haren gidaritzapean, noski–, eta bizitzan zehar ikasteko grina ere piztu beharko lioke. Irakaslea informazio eta komunikazio teknologiak eskaintzen dituen aukera guztiei adi dagoen profesionala beharko luke, eta aukera horiek baliatu ikasleen ikasketa-prozesua egokiago, arrakastatsuago eta erakargarriago egiteko. Aldi berean, etengabe aldatzen ari den gizarte honetan, bere jarduna modu kritikoan etengabe berrikusteko gai izatearekin batera, ikasleari ikasten ikastea lagundu beharko lioke. Ondo legoke gure jarreraren ardatza eguneratuta egotea, aldaketen aurrean irekiak eta aldaketa horiek aurrera eramateko prest izatea (ez baitugu ahaztu behar oraingo ikasleak oraindik existitzen ez diren lanetarako prestatzen ari garela).
Hori guztia ez du programa batek ekarriko; izan ere, erabiltzaileak hautatzen baitu tresna nola eta zertarako erabili. Hori, neurri handi batean, gure jarrera eta aldaketaren beharra sumatzeak baino ez du ekarriko; halere, denok dakigu konpromisoa lortu ahal izateko, borondateaz gain, nahitaezko direla formazioa, laguntza, taxuzko eduki digitalak eta azpiegitura egokiak. Ohiko gurpil zoroan sartu nahi ezean, irakaslearen rola berrasmatu behar dugu. Oraintxe da horretarako une aproposa.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan