Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Telebistaz, eskaintzaz eta kalitateaz…

Bingen Zupiria

kazetaria

Telebista: 2015ean antenistari deitu beharko diogu atzera eta gure tresna hartzailea berregokitu. Lehen 12 kate eta orain 142 telebista seinale dauzkagun tokian, 442 izango ditugu.

Lurreko Telebista Digitala eta telebista-edukien kalitateari buruzko galdera egin dit ARGIAren Urtekariak. Eta ez dakit zergatik. Berez, Lurreko Telebista Digitalak eta kalitateak ez zuten zer ikusirik. LTDren sorreran ez zegoen edukiei buruzko kezkarik. Proiektu honen bultzatzaileek ez zuten edukien kalitatea bilatzen. Seinaleak bidaltzeko espektro gehiago behar zuten: telebistarako, irratirako, datuak igortzeko, defentsarako… Eta, horrekin batera, seinale hori teknikoki kalitatezkoa izatea. LTDren kalitatea lotuago dago, beraz, bere sorreratik, seinalearen, irudiaren eta soinuaren kalitateari, edukiarenari baino. Eta hau ez da bukatu, libre geratu den espazioan eduki gehiago sartu nahi dituzte eta horretarako dena hankaz gora jarriko dute berriz ere: 2015ean, antenistari deitu beharko diogu atzera eta gure tresna hartzailea berregokitu, airean irekian edo ordainpean ibiliko diren seinaleak, oraingoak eta etorriko direnak, sintoniza ditzan. Lehen 12 kate eta orain 142 telebista seinale edo programa dauzkagun tokian, 442 izango ditugu. Eta kalitate teknikoa, orain baino hobea. Ordurako, seguruenik, hedatzen hasia izango da HD edo Definizio Handiko telebista.

Hori zuen helburua. Baina, hotz hotzean begiratuta, zer gehiago ekarri du LTDren operazioak? Ba telebista digitalarekin batera Espainiako Gobernu Sozialistak RTVE publizitate diru-sarrerarik gabe utzi du eta audientzia gutxiagorekin. Gainera, legez, mugak ezarri dizkio hainbat telebista-eduki erosteko: kirol emanaldiak, zine eta telesail amerikarrak… eta bere lehiakortasuna mugatu du. Ez hori bakarrik, bere lagunen kateak indartu ditu Zapaterok (Cuatro, La Sexta) eta telebista-enpresa pribatu guztiek diru-sarrera eta irabazi handiagoak izango dituzte. Kate pribatuek RTVEren publizitatea ipini zuten auzitan lehenengo. Orain finantziazioa dago auzitan. Laster telebista publikoaren izaera bera izango da kolokan. Lehen RTVE zen, baina laster irrati-telebista publiko guztiak izango dira pribatuen dianan. Biziraungo ote dute?

Eta edukien kalitateaz zer esan? Ez dakit LTDk kalitate gehiago ekarri duen baina badakit LTD hasi denez geroztik, Espainiako erreinuan (EAE eta Nafarroa barne) lehen baino ordu gehiago ematen ditugula telebistari begira. Zer esan nahi du horrek? Bada bat-batean erantzungo nuke lehen ikusi ezin genituen edukiak iritsi direla etxeetara, beste era batera eta beste ordutegi batzuetan ikusi ditzakegula, baina batez ere, gustukoa dugula eskaintzen digutena eta horregatik ematen dugula inoiz baino denbora gehiago begira, nahiz eta gehienok esan ez dugula gustuko, ez dugula ganorazko ezer aurkitzen eta ez dugula denbora alferrik galdu nahi telebistari so.

Eta euskal herritarroi zer ekarri digu? Niri kalte! Lehen sukaldean ikusten nituen gaueko albistegiak, afaltzen nuen bitartean. Telebista analogikoa amatatu denez geroztik gure sukaldean ez dago seinalerik eta ez dago telebistarik. Ez zait inporta. Gehiago hitz egiten dugu afalorduan. Baina gehiago kezkatzen nau afalondoan salara joan eta aurkitu ezin dudanak.

Kalitatea ez ezik euskal komunitateak eta euskarak tokia behar dute Telebista digitalean. Eta horretarako edukiak behar dira. Eta edukiak sortzeko sortzaileak, kolaboratzaileak, gidoilariak, aktoreak, ekoizleak (bai publikoak eta bai pribatuak)… Eduki freskoak, ikuspegi zabalak, edukien sormen eta distribuziorako estrategiak… eta ez dut horren antzeko ezer ikusten. LTDrekin batera, zoritxarrez, Euskadin egiten den Irrati Telebista itzaltzen ikusi dut. Higatzen. Lurraldetasunaren ikuspegitik txikiago. Industria-sektorearen ikuspegitik inoiz baino meharrago. Profesioaren ikuspegitik ahulago. Eta gure gizartearen aniztasunaren ispilu izan behar duen aldetik, inoiz baino birtualago, itsuago eta itxiago.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan