Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Literatur itzulpena: sorginkeriak, ijituak eta digituak

Xabier Olarra

itzultzailea

Literatura: Teknologia berriek ekarriko omen digute salbazioa. Ez ote gara geldituko “oinezkorik nahi ez, eta zaldizkorik etorri ez”? Nik, badaezpada, atzo bertan erosi nuen paper-kamioikada bat, hurrengo urteetarako

Lan zaila jarri didate oraingoan, benetan. Orri eta erdi dut literatur itzulpenaren etorkizuna nola ikusten dudan azaltzeko. Nork, eta nik, lehen ere etorkizuna begiz jotzerakoan hain betoker izan naizen honek. Hain zuzen ere, duela 25 urte –gutxi gorabehera hori baitaramat bizio honetan– honelako kalkulu bat egin nuen: “Sail beltzean euskaraz idazten diren nobelak hain kaxkarrak direnez –eta hala ere hain ongi saltzen direnez, makina bat berrargitalpen egiten baitira–, arlo horretako nobelarik hoberenak euskarara ekarriz gero, horien lekua hartuko ditek”.

Baina itsu-mutiltzat planteamendu estrategiko hori hartuta ibili banaiz ere –hitz ponpoxoak erabiliz esateko, izan, silogismo zozo bat besterik ez baitzen–, aurreikuspenak ez zaizkit inola ere bete. Azti edo igarle gisa, beraz, ez naiz batere trebea. Gaixo bati buruzko pronostikoa eskatu didate, eta nahi dute hark orain duen osasunaren arabera, zer etorkizun izango duen asmatzea. Sentitzen dut, baina halako gai jasoaz aritzeko, oso gauza ukigarriei heltzea erabaki dut gaur, eta ez oso hunkigarriei. Jendea hain sinesbera denez, barkatuko dit berriro ere baikorregi banaiz.

Orain dela urte pare bat, EIZIEk gogoeta estrategiko bat abiarazi zuen, berak kudeatzen duen Literatura Unibertsala bilduma 150. alera iristear zenean, ordu arte burututako lanaren balorazio bat egin, eta lan horren harrera aztertzeko. Barnean, behintzat, kezka baden seinale. Neure etxekoa oinarri hartuz ari naiz, baina auzoan ere berdintsu dabiltzala esango nuke.

Eta hona hemen nire ondorio nagusia: Duela 25 urte baino hobeto gauden arren –bai itzulpenen kalitatearen aldetik, bai urtero irakurleari egiten zaion eskaintzaren aldetik– nabarmendu beharrekoa da ez dagoela gaur egun literatur itzulpena normaltasunez argitaratzea ahalbidetuko lukeen behar adinako “masa kritikorik” (irakurleak, alegia). Eta narratibaz ari naiz. Gainerakoak ez aipatzea hobe.

Ez nuke zenbaki-gerrarik piztu nahi, baina EIZIEren gogoeta estrategikorako A. Lertxundik egindako txosten aipagarrian erabiltzen den datua (“Badakigu, ordea, itzulpenen bataz-besteko salmenta zortziehun-mila ale ingurukoa dela”) izugarri optimista iruditzen zait. Nik erdira jaitsiko nuke. Bestalde, eta inori “izarrak kentzeko” batere asmorik gabe diot, “Nik itzulitako liburuaren 2.000 ale agortuak dira” esan eta lasai gelditzeak ez digu ezer askotarako balio. Izan ere, Literatura Unibertsaleko 150 izenburuetatik zenbatez esan daiteke hori? “Lehen 100 zenbakietatik askok agortu zuten tirada”, diosku Koldo Bigurik Erlea-3n. Kontua da nola agortu ziren. Xalokeria galanta iruditzen zait ale horiek saldu zirela sinestea (2.000 aleko tiradak egiten ziren). Eta jakin nahi duenak badaki Ibaizabalek liburu horiek 2003an eta 2004an saldo gisa salgai jarri ondoren agortu zirela edo zituztela (nire susmoen arabera paper-pasta bihurtzeko kamioikada galantak desegitera bidalita). Eta salmentak bakarrik aipatu ditut, ez irakurleak. Hori beste kontu bat da, baina alde batera utziko dugu.

Paradoxaz bada ere, teknologia berriek ekarriko omen digute salbazioa. Papera erabiltzea, jakina denez, zikina eta garestia da. Gaur egun, liburu baten kostuaren erdia baino gehiago materiala da (papera, inprimaketa), eta salmenta prezioaren %50 banatzaileak eta liburu-saltzaileak jasotzen dute erdibana. Beraz, inprimaketa digitaletik (tirada txikiagoak ahalbidetzen dituen heinean) eta liburu eta irakurgailu digitaletatik etorriko zaigu irakurle gutxiko hizkuntzetan dihardugunoi azken salbazioa, %50 hori saihesteak aski erraza baitirudi, erosle posible horrengana iristeko ahalmena eskuratu ahala.

Hori da, antza, azken heldulekua. “Ijitua (izan) ala hil”-eko garaietatik “Digitua ala hil!”-en garaietara goaz. Baina esan zuen Artzek, poema-edo batean, kakak dirua egingo balu nola jaioko ginatekeen pobreok. Ez ote gara geldituko “oinezkorik nahi ez, eta zaldizkorik etorri ez”? Horregatik, nik, badaezpada, atzo bertan erosi nuen paper-kamioikada bat, hurrengo urteetarako. Hain azti txarra izaki.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan