Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Datorren hiria

Unai Fernandez de Betoño

EHUko arkitektura irakaslea

Arkitektura: Urbanizazio prozesua negozio gisa erabiltzeagatik murgildu gara krisian. Konponbidea hiria ulertzeko modua aldatzetik etorriko da.

Ditxosozko krisiak W-forma duela diote; gora eta behera doan errusiar mendi batena. Baliteke WWW-itxurakoa ere izatea, baina ez Interneten eraginez, baizik eta petrolio merkearen amaiera gertuak sortuko duen egoera energetiko zailagatik. Estatubatuarrek azpiegitura handiak eraikitzen konpondu omen zuten 1929ko krisi ekonomikoa, baina errezeta berdinak ez du oraingo krisi poliedrikorako ere balio egingo. Arrazoia agerikoa da: zeinek erabiliko ditu eraikitzen ari garen azpiegitura faraonikoak ―Supersur, Beasain-Durango― lehengaien prezioak seikoizten direnean?

Horrek guztiak eragin zuzena edukiko du gure hiri dezente amerikartuetan, zeinetan dena antolatu den autoaren inguruan, azken urteotan bereziki. Hiriguneak turistentzako apaindu ditugun bitartean ―gure hiribilduak museo bihurtuz eta erdiguneak izar-arkitektoen objektu distiratsuz oparo hornituz―, dentsitate baxuko aldiriak gero eta gehiago hedatu ditugu. Autoak funtzio ugari lurralde osoan sakabanatzea ahalbidetu digu: hemen lan egin, hor lo, han kirola eta ikasi, edonon erosi. Gu ere, amets amerikarraren atzetik.

Udalerri anitzeko hiri metropolitar jarraitua ulertzen hasiak ginenean ―Bilboaldea, Donostialdea, Iruñerria, BAB― munstro handiagoa erditu zaigu ia konturatu gabe: eskualde-hiri etena. Politikari eta marketin-adituek Euskal Hiria esan diote, Atxagaren etsipenerako. Eskualde-hiri berriak izaera globala duela esan zaigu, kanpoko inbertsioak erakartzeko adina tamaina omen baitu, baina neurri handiko hiriak gobernatzen zailagoak dira, areago erabaki estrategikoak hartzeko burujabe ez direnean. Lurralde-antolakuntza instituzionalaren ideologoek ziurtatu dute Euskal Hiriak sare moduan funtzionatzen duela, eta hala izango da alegiazko errealitatean, baina errealitate fisikoan eskualde-hiria zatikatuta dago ―fisikoki, politikoki, sozialki, ekonomikoki―, ingurumen-kostu handiak ditu eta nekazaritza-lurren desagerpenaren arduraduna da. Hiria ez da hil, ez gaitezen dramatikoegi jarri, baina nabarmen lausotu zaigu.

Futurologia-ariketak, zailak ez ezik, friboloak eta boluntaristak ere izan ohi dira. Hiria hain da dinamikoa, gainera, ezen ikerketa ia beti doan errealitatearen atzetik. Hala ere, aurreikus daiteke krisi energetikoak ―ondorio sozioekonomiko larri ugari ekartzearekin batera― eraikuntzaren eta hirigintzaren panorama halabeharrez argitzen lagunduko duela. Petrolio merkerik gabeko datorren hirirako trantsizioa lehenbailehen antolatu beharko dugu, hiri-jarraitutasunaren, erabilera-aniztasunaren eta berrerabileraren bidetik. Merkatuaren dinamika globalak lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren gidari izateari utziko beharko dio behingoz, espekulazioan oinarritutako urbanizazio-prozesu irrazionala geldituz. Golf-urbanizazio elitistak eta kirol-portu padura-suntsitzaileak eraikitzeari utzi beharko diogu, hiri-hazkunde mota trinkoagoak eta abiadura zentzuduneko mugikortasun-eredu bateratzaileagoak haztatuz, azkenean ere.

Urbanizazio-prozesua negozio gisa erabiltzeagatik murgildu bagara krisian, hiriaren ulerkeraren alorretik beretik helduko diogu konponbidearen oinarriari.

Bihar ere ez du Guggenheim II.a eraikitzeko eguraldirik egingo.



© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan