Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

ArteaSailak



Leku gutxi

Arteak leku gutxi du aukeran, baina ez du gauza bera pentsatuko hainbat jendek. Ez dago belarriak erne ibili beharrik ere, berez datoz komentarioak: arte zentro bat, kultura garaikidea, zertarako nahi dugu hori? Egin dezatela osasun etxea Tabakaleran, eta bakea, edo ireki dezatela merkatal gune bat, ederki ibiliko ginateke, erosketak egiten euritan ibili beharrean. Lehentasun kontua da, eta ez da harritzekoa artea zipitzik gustatzen ez zaion batek alferrikakoa ikustea era horretako proiektua.

Lehentasun horixe berori daukate, ordea, erakunde publikoek ere, besteak beste jendea pozik eduki behar etengabeak lema irmo ezin eramana eragiten duelako, eta hortxe dago arazoa. Arteak ez du saltzen. Arteak aberastasuna sortuko badu, orduan bai, orduan gauza ona da, jendea erakarriko badu eta urtero ez dakit zenbat jende etorriko baldin bada, orduan bai, diru horiek ongi inbertituta daude, baina bestela, tabernak eta hotelak ez badira beteko, arteak ez du lekurik.

Joxean Muñozek dimisioa aurkeztu zuen, haren gainetik zegoen inortxok ere ez. Hortxe dago aldea. Diruak zaintzen dituztenek kudeaketa egokia egin behar dute, kudeaketa da beti hitz magikoa, kudeaketa gora eta kudeaketa behera, eta kudeatzen dakite kudeatzaileek, baina hortik aparte, deus gutxi: aurrekontuan sartzen baldin bada, berdin zaio zer egiten den. Ez zaiela gustatzen ematen du, lan bat dela eurentzat, beste edozein bezalakoa. Hor daudela, hor jarri dituztelako, eta lanak badituelako bere gauza onak ere, doan lortzen dituzten sarrerak zeini oparitu erabakitzea, esate baterako, edo inork galdu nahi ez duen kontzertua palkotik ikusi ahal izatea, baina gustatu-gustatu, ez zaiela asko gustatzen.

Bestela ez dago ulertzerik nola ez duten ikusten kultur politikarik ezak, dena kultur kudeaketara mugatzeak, ze ondorio larriak ekarri dituen. Guggenheim da eredua, eta orain dena neurtzen da bisitari kopurutan edo sare sozialetako jarraitzaile kopurutan, baina ez dago lekurik artearentzat, gure munduaren gaineko hausnartze etiko eta estetiko bat egiteko lekurik ez dago, eta ezta denborarik ere, berehalako emaitzen diktadurak jan gaitu-eta.

Krisia aitzakia bikaina izan da lehendik ere estimu gutxi zioten esparru bati eskaintzen zitzaion diru eta arreta apurra kentzeko. Baina akaso ez da kalterako izango. Hor dago Montehermoso, dirutza handirik gabe lan ona ari da egiten. Zenbat jende joaten den? Gutxi, seguru asko, baina gutxi hori interesduna eta interesgarria. Horrela lortzen da oinarria zabaltzea. Badago premia ederra.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan