2018-01-09 11:13

LAB sindikatuak ongi etorria eman nahi dio Bilbon, Otxarkoagan, sortu den Kaiene proiektuari. Auzora begirako espazioa eskaintzeaz gain, migranteak eta errefuxiatuak hartzeko harrera etxea kokatuko dute bertan. Garapen komunitarioa bultzatzen duten proiektuak behar beharrezkoak dira bizi dugun testuinguru politiko eta sozialean, sistema eraldatzeko, eredu sozioekonomiko berria eraikitzeko.

Jatorri, arraza, sexu-genero eta bestelako aferen gainetik, langileen arteko elkartasun sareak osatzea eta logika komunitario integralak hauspotzea da arrazakeriari, xenofobiari eta pobreziaren kriminalizazioari aurre egiteko tresnarik hoberena. Langileen eta pobreen arteko gerra bultzatzen ari diren honetan, langile subjektua berriro artikulatu eta erronka berriei aurre egin behar diegu, klase elkartasuna jarriz zentroan.

Aldi berean, euskal administrazio ezberdinak aurrera eramaten ari diren eskubide sozialen kontrako kanpaina salatu nahi dugu, baita harrera politika baten beharra aldarrikatu ere. Zentzu horretan, bi estrategia erabiltzen ari dira: alde batetik, gizarte sektore ezberdinen kontrako kriminalizazio eta estigmatizazio kanpaina (migranteak, etorkinak eta oro har, lan zein bizi baldintza kaxkarrenetan bizi direnen kontra) eta, bestalde, eskubide sozialen murrizketa. Hor ditugu, hala nola, Diru- Sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitza Dekretuaren adibideak, zeinak erreforma neoliberalen logikan sakontzen duten.

Beraz, aurretik esan bezala, LAB sindikatuak Kaiene bezalako proiektuen beharra ezinbestekotzat jotzen dugu. Dagoeneko inork eta ezerk ez du proiektua geratuko. Gainera, gure konpromisoan berresten gara errefuxiatuen eta, oro har, jatorri guztietako langileen eskubideen alde borrokatzeko. Eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatzen ditugu.
 

Euskal Herriko ezkerreko sindikatu abertzalea.