2018-07-13 14:02


Iragan abenduaren 19an Israelgo armadak Ahed Tamimi 16 urteko nerabe palestinarra atxilotu zuen, sare sozialetara lau haizetara zabaldu zen bideo baten ondorioz. Grabaketan neskatilak zaplaztekoa eman zion bere etxe atarian ejerzito okupatzaileko soldadu bati. Epaitegi militar batek hamabi salaketa egotzi eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio tamimitar gazteari. Geroztik sei hilabete eman ditu isolatze erregimenpean, eta zenbait erakundek nerabeak itaunketetan pairatu dituen mehatxu eta jazarpen sexualak salatu dituzte. Ikasturte honetako azken irratsaioan Manal Tamimi izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan, Ahed Tamimiren izeba. Manal Tamimi Zisjordaniako Erresistentzia Ez-Bortitzerako Herri Batzordeko kidea da eta azken asteotan Euskal Herrian izan da bisitan Sodepaz eta Internazionalistak Elkarlanean erakundeek gonbidatuta. Bere jardunean azaldu digu erresistentzia ez-bortitzeko mugimenduaren ibilbidea tamimitarren herrian, Nabi Saleh-n; nabarmendu du emekumeek historikoki erresistentzia mugimendu horretan jokatu duten papera; eta erresistentzia ez-bortitzeko estrategia horretan komunikazio tresnak garatzeari eman dioten garrantzia. Bestalde, ilobaren aferaz, irakurketa kritikoa egin du. Salatu du Ahed Tamimirena ez dela kasu isolatu bat Palestinan, okupazioaren jazarpenak bereziki emakumeak eta umeak dituela jomugan, horrela komunitateari kalte moral handiagoa eragingo diotelakoan. Haren ustez, Aheden auziak hainbesteko oihartzuna lortu badu izan da hilehoria delako eta buruzapirik ez daramalako, izan ere, mendebaldetarrok errazago sentitzen baitugu enpatia europearra dirudien neskatila batekin. Nolanahi ere, Ahed Tamimien kasuak balio izan du Palestinako haurrek pairatzen duten eguneroko bortizkeria nazioarteko arretaren jomugan jartzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da