2018-05-09 10:50

Datorren maiatzaren 15ean 70 urte beteko dira Nakba egunetik, mugimendu sionistak Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu eta herri palestinarraren hondamendia eta erbestea hasi zirenetik, alegia. Hori dela eta, hil honetako irratsaioak zorigaiztoko gertaera historiko haren inguruko azterketa eta gogoeta egiteari dedikatu nahi izan ditugu. Horretarako, aste honetako atalean itzal handiko bi akademikoren testigantzak berreskuratu nahi izan ditugu gure artxiboetatik.
Batetik, Ilan Pappe (Haifa -Palestina historikoa-, 1954) historialari israeldarrari duela urte batzuk Uhintifadan egin genion elkarrizketaren pasartea erreskatatu dugu. Pappe «Garbiketa etnikoa Palestinan» liburuaren egilea da. Haifan jaio zen, egungo Israeleko kostaldean, eta hango unibertsitatean Historia Katedraduna izan zen, harik eta 2006an, liburua argitaratutakoan, bere iritzien eta lanaren ondorioz, erbestera bultzatu zuten heriotza mehatxuak jaso zituen arte. Egun Inglaterrako Exeter Unibertsitatean ari da irakasle lanetan. Bere idazlan ugarietan Israelgo historia ofizialaren irakurketa kritikoa egiten du. Bere jardunean salatu du, Israelgo kontaketa ofizialak bestelakoa dioen arren, zantzu historikoek eraman dutela ondorioztatzera Israelgo sorrera herri palestinarraren garbiketa etniko programatuan oinarritu zela.
Bestetik, Sharif Kanaanarekin (Arrabeh -Palestina-, 1936) Uhintifadako mikrofonootan izandako solasaldiaren pasarte bat ere berreskuratu dugu. Kanaana itzal handiko antropologoa, folklorista, ikertzailea eta hezitzailea da. An-Najah (Nablus) Unibertsitateko errektorea izandakoa da; baita Birzeit (Ramallah) Unibertsitateko Soziologia eta Antropologia Departamentuko zuzendaria ere. Gaur egun UNESCOko aholkularia da. Bere jaioterria 1948an gudaroste sionistek okupatutako eremuan zegoenez, azken mendeko historiako pasarte lazgarrienetako baten lekuko zuzena izan da. Bere jardunean Palestinako oroimen historikoaz eta erregimen sionistaren kontaketa hitoriko ofizialaren hutsegiteez solastu zaigu eta aldarrikatu izan du historialari eta akademiko palestinarren lana.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da