2018-05-24 16:42

Gogotsu iritsi ginen denok Euskal Herriko bihotzera (edo gertu dagoen Ziordi Herrira) bertan ikastaroko azken asteburua burutzera. Oraingoan Goñiko termo-trauma gainditzeko eguzkiaren laguntza izango genuen asteburu osoan zehar. Eguzkia, bai…argia eta beroa ematen duen izar hori, gutxitan ikusten duguna, oraingoan asteburu osoa gurekin, sinestezina!

40338951810_4f777ebae7_o

Siniestezina izan zen baita ere Gipuzkoako taldeak egin zigun harrera, monjaz jantzita dantza eginarazi ziguten eta! Honen ostean, Arabako taldeak mimo eta maitasun handiarekin hausnarketa intimo bat egitera gonbidatu gintuen: haiek pasarte bat irakurtzen zuten bitartean bakoitzak bere burua ispilu txiki batean begiratu behar zuen. Honela, kontakizunaz hausnartuz bost asteburu hauetan bizitako momentu polit bat aukeratu eta amets-harrapakariaren harietan zintzilikatu genituen bizipenen papertxoak. Honetaz gain, amets-harrapakariak bazituen kolore ezberdinetako beste hari luze batzuk eta hauek denbora lerroak izango balira bezala, gure oroitzapenen kronologia bat sortu genuen. Hantxe eskegi genituen gure momenturik kuttunenak; Susana Etxaniz, Beizamako adarra, Goñiko pure ginkana…

Ostiraleko dinamikak amaituta, Jordi eta Marina, Amaraunako kideek haien proiektua eta bi urte t’erdi hauetan egindako ibilbidea kontatu ziguten. Baita ondoren konbentua goitik behera erakutsi ere, Yoga gela, arropa gela, pasabide amaiezinak…eta guk ahoa ezin itxi txundituta jarraitu genituen etxean barna. Hainbeste aurkikuntzaren ondoren, afaltzeko guraz jantokian elkartu ginen, afaria dastatzeko prest. Cous-cous goxo eta pure bero-bero batekin bete genituen sabelak, (batzuk lonbarda zer zen eta guzti ikasi genuen, momentu oro baita pedagogikoa). Behin afalduta xamurtasun tailerrean erlaxatu ginen gehienok. Azkenik, hau amaitzerakoan lo zakua hartu, lekua bilatu eta lotara joan ginen, larunbatean fresko egoteko.

41425389104_d4ac27da85_o

Hurrengo egunean ongi gosaldu genuen jarraian Botere-tour turistikoa egiteko. Hura bai tour-profesionala! Denetarik zeukan, gida profesionalak, argazkilari dotorea, Botere Photocall-a eta nola ez Pil-Pileko gauzarik esanguratsuenak hantxe zeuden: Power camp-a, Astrako ikurra… Museo bat izango balitz bezala, gure kide arabarrek power pointa erabili gabe, sistematizazioari buruzko izugarrizko azalpen landuak eskeini zizkiguten.

Hamaiketakoa ondoren, bagenuen Juego de Talos jokua gure esperoan. Taldeka banatu eta bakoitzari istorio eta pertsonai bat eman ziguten, guk honen ezaugarriak kontutan izanda, etorkizuna asmatu behar genion. Handik ordu batera talde bakoitzak egindako lana aurkeztu zuen. Aurkezpenen artean emakumeen greba bat ikusi ahal izan genuen.

Bosgarren asteburua hau eta dagoeneko ongi baino hobeto ezagutzen dugu Pil-pilean ikastaroaren egituraketa… trinkoa. Oraingoan ere ez genuen izan bazkalostean lo kuluxka axkar bat botatzeko aukera ere! Nekeak jota hasi genuen baten batek baino gehiagok arratsaldeko programa. Baina Gasteizko patateroek gu bai ongi ezagutu! Haiek bai jakin, eta arratsaldeko dinamikei hasiera goxo-goxoa eman zieten, erlaxazio ariketen bidez arreta gorputzeratu eta gorputza, bizipenak, emozioak jarri nahi izan zituzten erdigunean, arratsaldeko edukiak lantzeko abiapuntu eta bitarteko.

41425391834_0ba831c190_o

Sendabelarren usainek gidatuta banatu ginen azpitaldeetan (eta sendabelar tailerren bat sobera ez genukeela nabarmen geratu baita ere, kar kar). Talde txikietan igaro genuen arratsalde osoa, bizpahiru ariketa gauzatzeko: rapport bidez, emozioen kudeaketa eta komunikazioaren garrantziaz hausnartu genuen lehenik eta behin; ostean, gure kolektiboetan bizi izandako gatazka kudeagarri baten azterketan murgildu ginen, bakarka inoiz, eskutik helduta eta akonpainamenduarekin beti. Halako esperientzia goxo eta esker onekoetan murgildurik topatu ginen, ezen ez baikinen denboraren joanaz arduratu ere egin! Herri mugimenduetako testuingurutik irten barik gorpuztuz, bizituz, ikaspenak, hausnarketak atereaz. Ariketa intentso, sakon, barru-mugiarazle, katartiko, askatzaile, kontzientzia harle eta eraldatzaile gisa sentitu ahal izan genituen. Bitarte guzti honetan gainera, hoteletako zerbitzuak gurditxoan nola, halaxe aritu zitzaizkigun bizkaitarrak askari konpletoa gelaz gela banatzen (pil-pilean ikastaroaren kondena: jan ta jan etengabean…).

Pozik amaitu genituen arratseko saioak (inoiz baino goizago, azpimarratzea ez da soberan, kar kar kar) eta azken eguzki izpiekin fotosintesia egin eta indarrak hartzeko elkartu ginen Ziordiako konbentuko kanpoaldean, terrazan. Azkenean eguraldi onak girotutako asteburu bat ikastaroan! Larunbateko afaria, hura bai gauza ona! Kus-kusezko almondrogiloak eta nahi beste perretxiku (bueno bale… txanpi) tortila! Postrea ailegatu orduko ordea, Gipuzkoar Hermanek izan zuten zer kontatu… Mamen Hermanas Siste Act aurkezpena zuzen-zuzenean! Eurobisionen baleude bezala joan ziren banan-banan agertzen alu erraldoi batetik kanporantz, eta behin Sor denak gurekin, 9 Mamandamentuak ozen27274953477_5e9f59b49f_o irakurtzera ekin zioten. Bor-Bor(K)-k asteburu batez Ziordian elkartu zituen Euskal Herriko deabruak: isiltasunak harrotu eta konbentuko gurutzea hankaz gora jartzeko prest, gauaren zelatan.Baina are gehiago zuten gure kide gipuzkoarrek guri eskeintzeko. Patxangaz baina ez patxadaz, Amaraunako kapilara eraman gintuzten eta hantxe hasi zen abesti sorta ederra! “Navarra tiene Garrotes por adentro y por afuera…” “Arabaré, Arabaré, Araban patatak daude”, “Motxiloren kotxia…” Show ikaragarria eta gero, mimika jolas batekin ibili ginen pikatuta denbora luzez. Azkenik dantza egiteko aukera ere izan genuen, berriro ere lotara lur jota joateko!

Hurrengo goiza, balorazio goiza izan zen. Eskerrak bi orduko gosaria zegoela! Honela tostadak hartu eta hartu egiten genituen bitartean, taldeka eta txoko ezberdinetan, Pil-Pilean ikastaroko hainbat aspektu baloratzeko aukera izan genuen, baita arabarren gogoeta-lan itzela ere. Ondoren geure herrialdetako lan taldeak eta geure lana ere ebaluatu genuen.

27274884677_5c2f841027_o

Asteburua amaitzear zegoen eta honi behar bezalako amaiera emateko, arabarrek agindu ziguten bezala, Regalikoak prestatu genituen gainontzeko guztiei emateko. Hortaz Regaliko polit pila batekin amaitu genuen ikastaroko azken asteburua. Segidan, besarkada mordoa, muxuak, hitz goxoak eta hemendik hilabete batera berriro elkarrekin Gasteizen ikusteko hitzarekin, poz pozik joan ginen denok etxera. Hantxe ikusiko garelakoan, Gora gu! Laister arte!

ARGAZKIAK IKUSGAI HEMEN

AMARAUNA PROIEKTUAREN INGURUAN KUXKUXEATZEN HEMEN

Joxemi Zumalabe Fundazioa herri mugimenduak indartu eta laguntzeko asmoz lanean dabilen elkartea da.