2018-03-12 12:20

Oharra: 

Gipuzkoako Foru Aldundiak, gizartean dagoen kontrako jarrerari eta aurkeztu diren alternatibei kasurik egin gabe, Zubietako erraustegiaren proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki du. Gipuzkoako jendarteak dituen benetako beharrei erantzuteko behar diren ehunka milioi euro guztiz kaltegarria den azpiegitura hau eraikitzeko erabiliko dituzte. Erraustegia beharrezkoa ez izateaz gain, ondorio kaltegarriak eragiten ditu:

  • Arlo ekonomikoan aipatzekoak dira banketxeekin sinatu ziren kontratu ilunak eta enpresentzako kalte ordain neurrigabeak, gipuzkoarrontzat guztiz kaltegarriak zirenak. Bestalde, betikoei esleitzen zaie azpiegituraren eraikuntza, martxan jartzea eta mantenimendua. Ondoren, erretzeko hondakinak beti izango direla ziurtatzen zaie hautazko birziklapenaren bitartez. Negozio borobila herritarron kontura eta langileei lan baldintza guztiz prekarioak ezarrita.
  • Osasunean kalte larriak eragiten ditu. Hondakinak erretzeak kutsatzaile toxiko asko sortzen ditu eta hauek errautsetan kontzentratu eta atmosferara igortzen dira, baita inguruko nekazal lurretan metatu ere. Erraustegiaren inguruan lanean ari diren langileek osasun ondorio larriak pairatzen dituzte. Inguruko biztanleon bizi baldintzetan ere eragingo du. Kutsatzaile toxiko hauek fetuaren malformazioak, inmuno-sisteman, hormona-sisteman eta nerbio-sisteman nahasteak, kalte neuronalak, eta arnas eta bihotzeko gutxiegitasunak sor ditzakete besteak beste.
  • Ingurumenari dagokionez, erraustegiak zabortegi toxikoak behar ditu. Bestalde berotegi efektuko gasen emisioak ere handiak dira, are gehiago kontuan izanik hondakinak erre ahal izateko gas naturala erabiltzen dela. Ez da egia beraz hondakinetatik energia berriztagarria ateratzen dutenik.

Honengatik guztiagatik, Gipuzkoako hainbat enpresetako Langile Batzordeek aldarrikatzen dugu langileok gai honetan ere hitza eta erabakia izatea. Era berean, bat egiten dugu “Langileok ere errauskailua gelditu! Badago alternatiba!” antolaturiko jardunaldi eta mobilizazioekin.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.