2018-03-01 09:22

Eta kontutan izan behar da EAEn DSBE jasotzen duten 60.000 familien artean 15.000 (laurdena) pentsiodunak direla. Beraz, Eusko Jaurlarizaren murrizte politika honek zigor handiagoa ezartzen die diru-sarrera apalenak dituztenei, pentsiodun izan edo ez.

2011ko urtarrilaren 27an euskal gehiengo sindikalak greba orokorra egin zuen Zapateroren gobernuaren asmoa zelako erretiratzeko adina 67 urteraino atzeratu eta pentsio berrien zenbatekoa jaistea (esaterako, pentsioa kalkulatzeko aintzat hartzen diren urteak gehituz). Gaur izango balitz bezala gogoratzen dut goiz hartan bertan, mobilizazioen erdian, jaso genuela albistea: Zapaterok erreforma hori CCOO, UGT eta CEOErekin “adostu” zuen. Delako “elkarrizketa soziala” beste behin berme bihurtu zen eskubide sozialen murrizpen larri bat egiteko, Zapateroren posizioa ontzat emanez: Zergak jaistea ezkerreko kontua zen, baita pentsioak murriztea ere.

2013an beste greba orokor bat deitu genuen Rajoyk iragarri zuelako beste pentsio erreforma bat, aurrez erretiratzeko eta jubilazio partzialaren aukera eragozteko. Urte haren amaieran beste erreforma bat ere erabaki zuten: aurrerantzean pentsioen igoera ez zen KPIren araberakoa izango, eta 2019an “egonkortasun faktorea” sartuko zen indarrean. Faktore honek esan nahi du funtsean pentsio berrien zenbatekoa murriztu egin behar dela bizi-itxaropena hobetzen bada. Ia inork ez du orain gogoratu nahi egonkortasun faktore hori dagoeneko 2011ko akordiotik zetorrela; akordioak zioen sistema bost urtero berrikusiko zela bizi-itxaropenaren arabera, pentsio berrien zenbatekoan mozketa automatikoak egiteko bidea irekiz. Alegia, 2013an Rajoyk ezarri zuena aurrez idatzita zegoen, non eta 2011n Zapaterok, CCOOk, UGTk eta CEOEk hitzartu zuten akordioan.

Pentsioen aurkako erasoa etengabeko murrizte prozesu baten bidez gauzatzen da, hiru bidetatik: erretiro adinaren atzerapena (65 urtetik 67ra, aurrez jubilatzeko eta jubilazio partzialeko aukera gero eta zailagoa delarik); pentsio berrien murrizketa (hartzen diren erabaki guztien ondorioz pentsio berriak batez beste txikiagoak izango dira), eta erosteko ahalmena mantentzeko bermea kentzea (lehenago KPI bermatuta zegoen; orain urteroko igoera negargarria da, %0,25). Toledoko Itunak eta estatuko “elkarrizketa soziala”k izan dira murrizketa hauek erabakitzeko baliatu diren eremuak.

Pentsiodunak eta beste jende asko nazka-nazka eginda daude pobretze-politikak pairatzeaz. Badakite politika hori goitik behera aldatu behar dela. Eta badakite ere horretarako borondate politikoa behartu egin behar dela. Horregatik irten dira kalera.

ELA bat dator mobilizazioaren bidearekin, eta dei egiten die bere militanteei bat egin dezaten. Borrokatzeak merezi du. Harro egoteko modukoa da, ez soilik zuzenean parte hartzen dutenentzat, ikustea hainbeste jende borrokarako prest dagoela. Ziurrenik ikusten ari garen parte hartze maila hain handia da belaunaldi horrek badakielako zenbat kosta izan zen eskubide horiek lortzea; hain zuzen horregatik ez dago amore emateko prest: Ez dute nahi beren seme-alabak gero eta gizarte pobreagoan bizi behar izaterik.

Pentsioekin gertatzen dena ez da berria; aspaldiko kontua da. Borroka luzea izango da, eta erreibindikazio soziala isilarazteko oztopo ugari jarriko digute. Baina jarraitu egin behar da erakusten badirela alternatibak:

Lehenik, azken urteetan ezarritako murrizketak bertan behera utzi behar dira (erosteko ahalmena bermatu, erretiro adina gehienez 65 urterekin izatea, pentsio berrien zenbatekoa hobetzea).

Bigarrenik, Karta Sozialak bultzatu duen Herritar Legegintza Ekimena (HLE) onartzea; HLEak aldarrikatzen du EAEn DSBEaren eta Nafarroan Errenta Bermatuaren zenbatekoak itxurazko igoera izan behar duela, merezi duen bizimodua izateko diru-sarrerak lortze aldera. Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz esaten du “soldatak hobetu” behar direla; bada, horra primerako aukera DSBE jasotzen dutenen bizi-kalitatea hobetzeko (horien artean pentsiodun asko) eta, bide batez, patronalari mezu argi bat bidaltzeko soldaten igoerari buruz. Gainera, soldatak igoz gero pentsioak finantzatzeko kotizazio sozialekin bildutako dirua ere gehituko da.

Hirugarrenik, Euskal Herrian bertan erabakitzea gure pentsio-sistema. Aspaldian hasi ginen esaten lan- eta gizarte-politikak berton erabaki behar direla. Eskubide hori zor zaigu. Baina gainera, espainiar sistemak etengabeko murrizte prozesua jasatera zigortzen gaitu.

ELAk nabarmendu nahi du erabat lotuta daudela pentsioak, soldatak eta gizarte-prestazioak. Gerhard Schröder kantziler alemanak esan zuenez, “ezinezkoa da soldatak jaistea gizarte-prestazioak murriztu ezean”. Horretxetan ari dira: soldata urriagoak, pentsio murritzagoak, prestazio txarragoak. Hauek denak batera daude jopuntuan. Ez badugu lortzen politika hauek etetea, kohesio sozialetik ez da arrastorik ere geratuko. Goazen hori ekiditera!

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.