2018-06-22 11:52
‘Garaipen txikien bidez Euskal Herria Burujabe. Soberanías y soberanía’ lelopean Manu Robles-Arangiz Fundazioak mintegi bat antolatu du ekainaren 21 eta 22an Gasteizko UPV-EHUko Letren Fakultatean, UNED-Bergararekin elkarlanean. Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak mintegian erdietsitako ondorioen berri eman du.

ELAk uste du, borroka sozial eta nazionalarekiko konpromisoa duen sindikatua den aldetik, jendeari, langileei, gizarte zibilari parte hartzeko aukera eman behar zaiela. “Bestela, edozein aldaketa askoz ere zailagoa gertatuko da”, Txikiren arabera; “ELAk nabarmendu nahi du kultura politikoa erabakigarria dela, horrek egiten baitu lankidetzarako konfiantza sortzeko aukera”. 

Mintegian aipatutako gaien artean, besteak beste, prekaritatea, alternatibak eta burujabetzak izan dira. Muñozen esanetan, “militantzia alternatiboan dihardugunok proposamenak eskaini behar ditugu. Sindikatua hori ari da egiten prekaritatearen eremuan, borroka baita aurrera egiteko bidea; horretarako bere esku dituen bitarteko guztiak jartzen ditu. Esaterako, erresistentzia kutxa burujabetza-tresna bat da. Gure jendea antolatuz kokatzeko aukera eta kontzientzia burujabea ematen diogu, borrokan inplikatzen den jendeak bere subirania, banakoa zein kolektiboa, baliatzea erabakitzen baitu. Borrokari ekinez”. ELAko idazkari nagusiak esan duenez, “gu ez gaude prest etekinak puztearren gobernuak zerbitzari bihurtzen dituzten multinazionalen agindutara bizitzeko; horregatik, nahitaezkoa da alternatibak proposatu eta sozializatzea; baliteke hauek hasieran apalak izatea, baina bidea nondik nora doan erakusten dute”. Eta ekonomia sozial eta solidarioko zenbait esparru aipatzen du, non ELA engaiatuta dagoen: banku etikoa, elikadura burujabetza, energia, etab.

Haatik, dio Muñozek, “aipatzen dugun kultura politiko hori, zeinak lurralde bateko parte zarela jabetzea eragiten duen eta konfiantza sortzeko lan metodoa ahalbidetzen duen, euskal instituzioen jopuntuan dago”. ELAren iritziz administrazioek onartzen duten parte hartze bakarra klientelismoaren printzipioen araberakoa da. “Horren adibide paradigmatikoa dugu Eusko Jaurlaritza”; ELAko idazkari nagusiaren ustez, “bere politika neoliberalekiko posizio kritikoa dugunokin errealitate normalizatu bat onartzeko ez da gauza”.

Politika molde horrek oso kutsu autoritarioa du. ELArentzat “hainbat erronka -esaterako autogobernua, erabakitzeko eskubidea edo burujabetzak indartzea- ez da bateragarri gizarte zibila, eta zehatzago, gehiengoa duen sindikalismoa baztertzearekin”.

Hain zuzen, Muñozek gogoratu du Autogobernuari buruzko Ponentzian itxuraz akordioak iritsi dituztela EAJk eta EH Bilduk solasaurreari, aurreko tituluari eta eskumen-eremuari buruz: “Akordio partzial horiek gorabehera, ELAk nabarmendu nahi du EAJren baieztapen bat: azkenean lortzen den akordioa PSOEk onartu behar du eta Estatuko instituzioetan tramitatzeko modukoa izan behar da. Horrek akordio partzialei balioa kentzen die, abiapuntuan zilegizko euskal helburuei betoa ezartzen zaielako”.

Neoliberalismoak ez du gizarte zibilaren parte hartzerik behar eta nortasun kolektiboei erasotzen die, “hauek, ELAren moduan, gero eta desberdintasun eta injustizia handiagoa dakarren mundu bati aurre egiten ari direlako”. ELAko buruak esan duenez, “EAJren benetako aliantzek ez dute soziala lehenesten; kontrara, doikuntza politikak sostengatzen dituzte, Estatuan horien protagonista direnekin batera”.

ELAk aldarrikatzen duen kultura politikoak aldaketa sakonak eskatzen ditu hainbat arlotan: politika, ekonomia, hezkuntza, kultura, emakumearen rola jendartean, xenofobiaren aurkako borroka, hedabide publikoen eginkizuna... “Hots, behar dugun kultura politikak pedagogia soziala egingo du gizarte kritiko, kultu eta exijentea garatzen laguntzeko. Alabaina, horixe da botere politiko eta ekonomikoek nahi ez dutena”, ziurtatu du Txikik.

“Burujabetzak eraikitzeak interpelatu egiten gaitu”; burujabetzen inguruko eztabaida guztiz lotuta dago euskal herritarren bizi-kalitatearekin. Horregatik da ezinbestekoa gizarte-ereduaren inguruko debatea.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.