2018-02-20 12:00

 

Tolosaldea Buseko langileak urtarrilaren 27tik daude greban, enpresa-hitzarmen bat eskatuz. Lan-baldintza duinak aldarrikatzen dituzte. Gaur egun oso egoera prekarioan egiten dute beren lana, eta horrek arriskuan jartzen ditu beraien bizitza eta baita erabiltzaileena ere.

Urtean 1.800 orduz lan egiten dute. Beraien autobusek 13 metroko luzera dute, eta mendiko errepideetatik eramaten dute jendea, batzuetan oso azkar, geralekuetara garaiz heltzeko. Zoritxarrez, urte hasi denetik 2 lankide (autobus-enpresa desberdinetakoak) hil dira lan-istripuetan Hego Euskal Herrian. Urteko egun guztietan lan egiten dute, igandeetan, jai-egunetan, eta gauez ere bai. Astean gutxieneko atsedenaldiak hartzeko eskubidea dute, baina askotan ez dute ezta hori ere hartzen. Hala ere, hilean 1.300 euroko soldata baino ez dute jasotzen.

Beraien lana hiru motatakoa da: eskatu ahalako autobus-zerbitzua; linea-zerbitzua (Gipuzkoako Aldundiaren menpekoa); eta hiri-zerbitzua (Tolosako Udalaren menpekoa). Autobusak gidatzeaz gain, garbitu ere egiten dituzte, nahiz eta Aldundiaren esleipen-orrietan diru-sail bat egon garbitzaileak kontratatzeko. Halere, beraiek, esan beharrik ez dago, debalde egin behar dute garbiketa. Non dago, baina, diru hori? Bi lankidek hiri-garraioa egiten dute, Tolosako Udalarenpekoa, eta astero lau aparteko ordu sartu behar dituzte, astean guztira 44 ordu egin arte. Udalaren esleipen-orrien arabera, zerbitzu hori bi gidarik (lanaldi osoan) eta batek (lanaldi erdian) egin behar dute. Non dago hirugarren langilea? Diru publikoaz ordaindutako zerbitzua da, horregatik eskatzen diete Aldundiari eta Udalari esleipen-orriak benetan betetzen diren jarraipen bat egiteko, orain arte ez baitute horrelakorik egin.

Esleipen-orrien gaineko kontrolik eza diru-kontuez harantzago doa. Emakidari atxikita ez dauden autobusak erabiltzen dira, esate baterako:

  • 0715-GWY autobusa linea-zerbitzuak egiteko dago, bakarrik. Baina linea-zerbitzua goizez bakarrik egiten du, eta gero mota guztietako zerbitzuak egiten ditu (eskola, eskatu ahalakoa).

  • 3033-HMF autobusa eskola-garraioak eta eskatu ahalako zerbitzua egiteko da. Autobus hori lineako zerbitzua egiteko erabiltzen da urteko egun guztietan, zehazkiago esateko, T021 Hernialde-Tolosa.

  • 8267-CNL ibilgailua ere linea-zerbitzua egiteko erabiltzen da egunero, eta arazoak sortzen ditu. Ibilgailu hori erabili ahal izateko, aldez aurretik jakin behar da gurpildun aulkian dabilen inor ez dela sartuko.

Tolosako inauteriak joan dira, eta Olatz Peon Tolosako alkateak, enpresari negoziatzen hasteko eskatu beharrean, gaueko gutxieneko zerbitzuak eskatu zizkion, Tolosaldea Buseko langileen greba-eskubidea errespetatu gabe. Zorionez, Eusko Jaurlaritzak ez du gutxieneko zerbitzurik ezarri.

Azken egunotan Marisol Garmendiak, Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko diputatuak, jendaurrean deitoratu du Eusko Jaurlaritzaren erabakia, alegia, Tolosako inauterietan gaueko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko eskaera ez onartzearena. Marisol Garmendiari errepikatuko diogu Olatz Peon alkateari esandakoa: Tolosaldea Bus enpresak linea-zerbitzu publikoaren emakida jaso du Tolosaldean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esleipen-orrien arabera eskaini behar du. Inauterietan gaueko gutxieneko zerbitzuak onartu ez izana deitoratu beharrean, langileek bitartekari-lana egitea eskatzen diote eskatzen diote Marisol Garmendiari, enpresaren aurrean negoziatzen hasteko. Hortik doa gatazkaren konponbidea, eta ez gutxieneko zerbitzuak ezartzetik. Eta bide batez eskatzen diote Mugikortasun diputatuari greba dela-eta eskaintzen ez diren zerbitzuak ez ordaintzeko. Gatazka honen erantzukizuna ez dagokio soilik Tolosaldea Buseko Zuzendaritzari, eskaintzen den zerbitzua publikoa denez, eta gipuzkoar guztien diruaz ordaintzen denez, Olatz Peonek eta Marisol Garmendiak ere badute beren erantzukizuna. Zerbitzua azpikontratatu daiteke, erantzukizuna ez, ordea.

Bitartean, Tolosaldea Bus enpresako Zuzendaritzak ez du bilerarik egin nahi langileekin. Esaten dieten gauza bakarra zera da: “nekatuko zarete...” Langileak buru makur ikustea nahiago dute, negoziazio bidetik gatazka konpontzea baino. Ez zaizkie axola erabiltzaileen arazoak autobusik ez izateagatik, eta, are gutxiago, langileak greban egotea. Ordaintzen dieten artean, ederki.

Enpresa kidetuek (Autocares Aizpurua, Autobuses Garayar, Ekialde Bus) lan-baldintza hobeak dituzte, beraienak baino. Eskaera bakarra lan-baldintzak duintzea da, enpresa-hitzarmen negoziatu baten bidez. Konponbidea: negoziazioa.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.